Txirrindularitzari agur, aho zapore gozoarekin
Hamahiru urte eta gero, bizikletatik jaitsi da Lur Zufiria (Ormaiztegi, 2003). Ez errepidea amaitu zaiolako, baizik eta beste bide batzuk hartzeko garaia heldu zaiolako. Aho-zapore gozoarekin eta omenaldiko ukitu emozionalarekin agurtu da.
Hamar urte zituela hasi zen txirrindularitzan Lur Zufiria Aranguren. Etxean betidanik izan dute zaletasuna, baina lagun bat kirol horretan hastera zihoala ikusita animatu zen bera ere. Hasieran jolasa eta zaletasun hutsa zena, goi mailako lehia bihurtu zitzaion, eta horretan pasatu ditu azken bost urteak.
Hamahiru urteren ondoren, ordea, etapa horri amaiera ematea erabaki du. Ibilbideari erreparatuta, balantzea argia da: positiboa. Urtez urte aurrera egin du eta amaiera ere neurrira etorri zaio ormaiztegiarrari: azken lasterketan podiumera igo da, eta herri-omenaldi berezi batekin jaso du agurra.
Lorpenak eta ikaskuntzak
Hamahiru urteko ibilbidean, hainbat lorpen eta une berezi pilatu ditu. 2023an Euskadiko txapeldun izan zen 23 urtez azpikoetan, eta Eibarko lasterketan ere mundu mailako txirrindulari profesionalekin lehiatzeko aukera izan zuen, 18. postua eskuratuta. Gaztela-Mantxako azken lehiaketan lortutako hirugarren postuak borobildu du haren kirol ibilbidea.
Bidean, ordea, emaitzak baino gehiago pilatu ditu. Txirrindularitzak «diziplina, lana, konpromisoa eta talde-lana» bezalako balioak eman dizkiola azaldu du. Txirrindularitzatik jasotako ikaskuntza horiek guztiak ez ditu errepidean utziko. Ezta bertan egindako lagunak eta bizitako esperientziak ere.
Agurra ere berezia izan dela dio. Ormaiztegin urriaren 25ean egin zioten omenaldian, txirrindularitzako urteak herritarrekin eta gertukoekin partekatzeko aukera izan zuen: «Oso hunkigarria izan zen Ion Izagirrerekin eta Pello Bilbaorekin, erreferente izan ditudan bi txirrindulariekin, etapa berezi honi agur esatea».
Emakumeen txirrindularitza
Bere ibilbidea amaitu duen honetan, emakumeen txirrindularitzaren bilakaerari ere erreparatu dio. Azken urteetan aurrerapausoak eman direla uste du, batez ere telebistako presentziari eta kirolaren ikusgarritasunari dagokienez. Emakumezko txirrindulari erreferente gehiago izateak ere lagundu du emakume gehiago bizikletara gerturatzen.
Aurrerapen horien atzean, ordea, bada kezkarako arrazoirik. Euskal Herrian gero eta emakume gehiago badira ere, gero eta talde gutxiago daudela nabarmendu du, eta horrek emakume gazteen aukerak mugatzen dituela ohartarazi du.
Alboratu, baina ez guztiz
Horri beste errealitate bat gehitu behar zaio: txirrindularitzatik bizitzea zaila dela, are zailagoa emakumeentzat. Horrek ere izan du eragina bere erabakian. Aurten lanean hasi nahi du, eta dagoeneko Haur Hezkuntzako gradua amaituta, Lehen Hezkuntzakoa ikasten ari da, lan aukerak zabaltzeko asmoz. Ikasketak, lana eta goi mailako txirrindularitza uztartzea gero eta zailagoa bihurtu zaio.
Hala, etapa bat ixtea erabaki du, baina ez du bizikleta baztertuko. Beste kirol batzuk probatzeko aukera baliatu nahi du, kirolak «on» egiten diolako. Bizikletarekin duen loturak, hala, bizirik jarraituko du beti. ■

