«Artzaintza odolean dakarkigu gure familian»
Txikitatik argi eta garbi zuen Aitor Iztuetak (Lazkao, 1994) artzain izan nahi zuela. 16 urtetik lan horretan aritu da, eta Gipuzkoako Artzain Eguneko gazta lehiaketa irabazi zuen irailaren 6an, Legazpin. Artzaintza euskal kulturaren ondarea da. Belaunaldiz belaunaldi izan da familia askoren ogibidea, Goierrin bertan ere bai. Garaiak, ordea, aldatu egin dira, eta artzain kopuruak nabarmen beheraka egin du. Hala ere, badaude oraindik ondare horri eusten dioten gazteak; Lazkaoko Intzartzu baserriko Iztuetaren kasuan bezala.
Zergatik erabaki zenuen artzain izatea?
Gure etxean betidanik izan ditugu behiak eta behorrak. Horrez gain, osaba-izeba asko artzainak izan dira, eta txikitatik ibili gara haiekin. Ordutik gustatu izan zaigu mundu hau; artzaintza odolean dakarkigu gure familian. Horregatik, txikitatik argi izan dut artzaina izan nahi nuela. Mutikotatik behin eta berriz esaten nuen: «Niri ardiak jarri, niri ardiak jarri!». Hainbeste errepikatzen nuenez, azkenean sei ardi erosi genituen. Pixkanaka artaldea handitzen joan ginen, gaur egun ditudan 500 buruko artaldera iritsi arte.
Ikasketa aldetik, zer ikasi duzu?
DBHko laugarren maila amaitu ondoren, Arantzazuko Artzain Eskolara joan nintzen. Han sei hilabeteko ikastaroa egin nuen, eta ordutik artzaintza izan dut lanbidea. Gainera, ez naiz batere damutzen hartutako erabakiaz; berriro aukeratu beharko banu, berdina aukeratuko nuke.
Artzaintzan aritzeagatik gauza batzuei uko egitea zaila egin zaizu?
Nik hamalau-hamabost urterekin ardi asko nituen dagoeneko, eta ez dut bizimodua aldatu beharrik izan gauza batzuei uko egiteko. Hasieratik ohitu naiz bizimodu honetara.
Zein dira, zure ustez, artzain izatearen alde onak eta txarrak?
Alde txarren artean, lehen sektorean aritzeak dakarren zailtasuna nabarmenduko nuke. Supermerkatu handiek itzal handia egiten digute gurea bezalako negozio txikiei. Izan ere, jendeak supermerkatuetara joateko ohitura dauka, eta horrek asko zailtzen digu salmenta. Nik, zorionez, bezero asko dauzkat, eta urtero dena saltzen dugu. Astero-astero gazta erostera etortzen den jendeari esker ateratzen gara aurrera; bestela, jai izango genuke. Gazta erostera etortzen den jendeak, gainera, gertuko tratu hori asko eskertzen du. Gaur egun, askotan, erosketak Internet bidez egiten ditu jendeak: eskaria egin, eta inorekin hitz egin gabe eramaten diote produktua etxera. Salmenta zuzenak, ordea, bezeroarekiko harremana estuagoa izateko aukera ematen du. Adibidez, norbait gazta erostera etortzen denean eta une horretan, agian menbrillua eginda badaukazu, pixka bat ematen diozu dastatzeko. Jendeak asko eskertzen du horrelako tratua.
Gazta bakarrik saltzen duzu, ala beste produkturen bat ere bai?
Gazta eta arkumea saltzen dugu. Gaztari dagokionez, mendikoa ere saltzen dugu. Arkumeak, berriz, tratulari bati saltzen diogu; ez dugu arkumeen zuzeneko salmentarik egiten.
Zer desberdintasun dago mendiko gaztaren eta baserrian egindako gaztaren artean?
Mendiko gazta pentsurik jaten ez duten ardien esnearekin egindakoa da. Gaztaren ezaugarriak desberdinak dira ardiek jaten dutenaren arabera. Goierrin, gainera, mendiko gaztak eskari handia izaten du. Mendian, ardien elikaduraz gain, jezteko modua ere desberdina da: han ez daukagu makinarik, eta eskuz jetzi behar izaten dugu. Gazta egiteko prozesua bera da, baina eskulan askoz handiagoa eskatzen du.
Gazta nola egiten duzue?
Lehenengo, ardiek umeak egin behar dituzte. Gero, arkumeak kendu eta ardiak jezten hasten gara, esnea lortzeko. Ardiak jetzi eta esnea deposituan biltzen dugunean, gatzagia botatzen diogu. Horrek esnea mamitu eta gogortu egiten du. Ondoren, mamia moztu eta moldeetan sartzen dugu. Oihala jarri, eta prentsan eduki behar da, gazta osatzeko. Gazta forma hartzen hasten denean, gauez gazuretan sartzen dugu, gatza har dezan. Gero, gazta ontze-gelara eramaten dugu. Egunero buelta eman behar zaio, alde guztietatik berdin lehortzeko. Denborarekin, lizuna ateratzen zaio; ondoren, garbitu eta ontziratu egiten dugu, saltzeko prest uzteko. Hilabete igaro ondoren garbitu daiteke, baina hori bakoitzak erabakitzen du. Guk hiru-lau hilabetera garbitzen dugu. Ontziratu ondoren ere ontzen jarraitzen du, eta hor bakoitzak bere teoriak eta egiteko moduak ditu. 
Zein egoeratan dago mendiko artzaintza gaur egun? Modernizatzeko beharrik ikusten al duzu?
Mendiak oraindik asko dauka modernizatzeko. Gu, zorionez, ordu erdian iristen gara txabolara. Mendiko gazta egiteko instalazioak dauzkagu, jezteko tokia eta eskortak ere bai, eta eguraldi txarra egiten duenean ere kotxez joateko bide ona daukagu. Horrek lana asko errazten digu.
Gipuzkoako Artzain Egunean, Legazpin, gazta lehiaketa irabazi zenuen. Zer sentitu zenuen?
Poz handia sentitu nuen Gipuzkoako gazta lehiaketan lehen postua lortu nuenean. Horrelako sariek lanean jarraitzeko gogoa ematen dute. Hamasei urtetik hona aritu naiz honetan, eta sari horiek pentsarazten didate artzaintzaren alde egindako apustua ona izan zela. Horrelako txapelketek, gainera, gure produktuak jende gehiagorengana iristeko aukera ematen digute. Gauza bera gertatzen da Lazkaoko Basherri Eguneko azokarekin: ekitaldi horiek oso ondo etortzen dira herritarrak guregana hurbildu eta gure lana ezagutzeko.
Zein dira artzaintzaren egunerokoan aurkitzen dituzun zailtasun nagusiak?
Txarrenetarikoak lehorte urteak dira, aurtengoa bezalakoak. Gure lanbidean, ordea, urte osoko ikuspegiarekin jokatu behar da: aurten gastatu behar duzu, hurrengo urtean etekina jasotzeko. Bestalde, paper kontuak ere nahiko gogorrak dira. Ikuskatzaileen jarraipena oso zorrotza da administrazio-kontuetan. Artzainen artean askotan esaten dugu: ematen du sekulako iruzurrak egiten ditugula, egiten dugun guztia lupaz aztertzen baitigute. Azkenean, enpresa autonomoak gara. Alde batetik, garrantzitsua da paper guztiak zuzen izatea, baina multinazional bati eta guri ezin zaigu gauza bera eskatu. Gaur egun, ordea, multinazionalen pare edo are gehiago eskatzen digute guri. ■

