Behelainoetatik
Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Lau urte daramatzagu Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistan mota guztietako kasuak ikusten. Etxegabetzeei aurre egin, negoziazio-lanetan aritu, baina, bereziki, borroka egin duenaren ondoan borrokan aritu gara, agerian tarteka eta isilpean askotan.
Hau idatzi nuen duela hiru urte: «Denok gaude etxegabetzeen aurka enpresa handi batek egiten duenean, eta etxegabetua gure antzeko norbait denean. Baina hori ez da etxegabetzeen aurka egotea. Eta oraindik behelaino horietan gabiltza».
Eta bat-batean, Mari Carmenen kasua: kanpin-dendak, jendetza kalean, faxisten erasoak, alderdi progreak beraiek egiten dutenaren kontrakoa defendatzen publikoki. Lokatza, azken batean. Etxebizitza sindikatuek kaleen gidaritza hartu, eta, duela gutxi pentsaezina zen arren, aldarri hauek dituen greba orokorra daukagu ate-joka: espekulatzaileak espropiatu, espekulazioa debekatu eta etxebizitza langileen beharren arabera planifikatu.
Eta bai, baietz: gauza jakina da PSOEk justu kontrakoa egin duela zortzi urteotan. Eta baietz, badakigu ezkerreko alderdiek grebarekin bat egin dutela euren ekintzak kontrako norantzan doazenean. Baina Gasteizko etxegabetzea albistegiak zabaltzen, Beasainen jendea desokupazio enpresa bati aurre egiteko prest, hirietan mobilizazioak. Ahaztu hauteskundeak. Hau da politika, benetako politika.
Etxebizitzaren auzia zuzentzeko modu bakarra dena hankaz gora jartzea dela ikusten ari gara, eta, estreinakoz, ez ote garen behelainoetatik ateratzen hasi pentsatu dut. Azaroaren 11 da etxeak hutsik nahi ditugun egun bakarra. Kaleak bete behar dira. ■

