«Elkarte asko daude Beasainen, baina elkarlotura falta da»
Kazetaritza ikasketak egin zituen arren, hezkuntza, dantza, mendia eta herrigintza izan ditu bizitzako bidelagun nagusiak Izaskun Salazarrek (Beasain, 1972). ‘Beasainpedia’ proiektuaren koordinatzaile lanetan dabil orain.
Herriko elkarteetan egindako lanak ikuspegi zabala eman dio herri bizitzaz hitz egiteko. Boluntariotzaren egoeraz, gazteen parte-hartzeaz eta eragileen arteko elkarlanaz aritu da, baita urtetan dantzak eta mendizaletasunak izan duten bilakaeraz ere. Bere ustez, komunitatea indartzeko ezinbestekoa da bakoitzak egiten duen lana aitortzea eta elkarren arteko sareak ehuntzea.
Kazetaritza ikasi zenuen arren, hezkuntzan egin duzu ibilbide profesionalaren zatirik handiena.
Kazetari gisa ere egin nituen lehen urrats batzuk. Kazetaritza ikasi dugunok ondo dakigu ofizio honetan ohikoa dela praktiken aitzakian boluntario-lanak egitea, eta ni ere horrela hasi nintzen. Garaiko Ai Geala! euskara elkartean aritu nintzenean irratsaioa egiten genuen Segura Irratian. ‘Goierritarra’-n idazten nuen, eta ‘Beasain Jaietan’ aldizkariaren lantaldean ere aritu nintzen urte pare batez.
Ikasketak amaitu eta lanean hasi aurretik umeak zaintzen zein tabernan ere aritu izan nintzen, urtebetez New Yorkera joatea erabaki nuen arte. Handik bueltatu nintzenean, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolan irakasle baten ordezkapena behar zutelako hasi nintzen. Gaztelaniazko ordezkapena egin nuen aurrena, baina hurrengo ikasturtean ingeleseko irakasleak eszedentzia eskatu eta ordezko gisa hasi nintzen. Azkenerako, 25 urte egin ditut irakasle lanetan: 18 Atarrabian eta zazpi Beasaingo Andramendi ikastolan.
Kazetaritzatik urrundu banintzen ere, komunikazioarekin lotutako proiektuek beti izan dute lekua nire ibilbidean: Paz de Zigandan irratsaioak egiten genituen ikasleekin, ikus-entzunezko tailerrak ematen genituen, edota bideo-muntaketak egin.
Bien arteko lotura horretan zer eman dizu bakoitzak?
Denborarekin konturatu naiz kazetaritza aukeratu izanak asko eman didala irakaskuntzan nire lan egiteko modu propioa garatzeko orduan. Zorionez, bi diziplinak elkar elikatzeko aukera izan dut ikastetxeetan; kazetaritzak komunikatzeko eta edukiak modu pertsonalean planteatzeko tresnak eman dizkit, eta hezkuntzak, berriz, pertsonekin zein taldeekin lan egiten ikasi eta esperientzia hori praktikan jartzeko aukera.
2025az geroztik ‘Beasainpedia’ proiektuaren koordinatzailea zara, Aittu elkartearen eskutik.
Proiektua guztiz egituratu gabe zegoen hasi nintzenean. Lehen urrats batzuk eginda zeuden, baina proiektuari forma eta egitura ematea falta zen. Proiektuaren helburuetako bat da hezkuntzan beharrezkoa izan daitekeen Beasaini buruzko informazioa Wikipedian eskuragarri egotea, eta testuinguru horretarako, antza, egokia iruditu zitzaien nire profila. Gainera, urteon teknologien inguruko prestakuntza jaso dut, eta webguneak zein tresna digitalak ere landu ditut ikasleekin.
Urte eta erdi daramazu lan horretan. Zein izan da gaur arteko bilakaera?
Urte eta erdi ez da denbora asko, eta lehenengo fase honetan proiektua ezagutu, kokatu eta egituratzen aritu gara. Helburua Beasaini buruzko artikulu berriak sortzea eta dagoeneko daudenak hobetzea eta osatzea da, baina horretarako beharrezkoa da argazkiak bildu eta antolatzea, informazioa kategorizatzea eta proiektua bera egituratzea.
Wikipedia kontsultarako entziklopedia gisa baino ez nuen ezagutzen hasieran, baina berehala konturatu nintzen haren ekosistema guztia ikaragarria zela. Wikipediaz harago, Txikipedia, Wikiproiektuak, Wikiliburuak, Wikimedia eta gehiago daude, eta horietan ere sakontzen jardun dut. Euskal Wikilarien Elkartea ere badago, zeinak lana handia egin duen euskarazko Wikipedia hobetzeko eta indartzeko; ikaragarria da horren guztiaren atzean dagoen boluntario-taldea.
Urte eta erdi honetan agian ez dugu nahi adina artikulu berri sortzea lortu, baina lan handia egin dugu proiektua ezagutarazten, eta azken aldian ere aurrerapauso handiak eman ditugu Txikipediaren alorrean, ikasleekin batera. Orain bigarren faseari ekitea dagokigu. Boluntario bila gabiltza, baina ez da erraza izaten ari, herrigintzan dabilen jende asko dagoeneko beste hainbat boluntario-lanetan ari delako.
Gazteen parte-hartzeaz, askotan aipatzen da gero eta gutxiago inplikatzen direla.
Ez dakit benetan jende gutxiago ote dagoen inplikatuta. Gazteak maiz jartzen ditugu ikusmiran, baina nire garaian ere gazte guztiak ez geunden boluntario-lanetan. Gaur egun egon badira gazte boluntarioak, langileak eta inplikatuak. Lehen baino gutxiago ote diren? Ez dakit. Agian elkarte eta talde gehiago ere badaude orain. Beasainen, esaterako, gaur egun ia 50 elkarte daude.
Hainbatetan dut esperientzia. Aurtzaka dantza taldean kasu, gazteek eramaten dute aurrera. Ez dakit benetako daturik ote daukagun esateko gazteek gaur egun ez dutenik ezer egiten; konparatu beharko genuke ea gure garaian gehiago ginen ala ez. Agian bai, baina ni egungo gazte boluntarioa banintz, nekatuta egongo nintzateke etengabe entzuten gazteek ez dutela inplikaziorik, ez grinarik, ez ezer egiteko gogorik. Maiz gehiago tematzen gara egiten ez dutenak non dauden aurkitzen, egiten dutenak aitortu eta goraipatzen baino.
Aurtzaka aipatu duzu. Bertako kidea zara taldea sortu zenetik, 1979tik.
Zazpi urterekin hasi nintzen dantzan, eta gaur egun ezin dut nire bizitza dantzarik gabe imajinatu. Espresio modua da niretzat, mugimendu fisikoa eta adierazpena lantzeaz gain, sozializatzeko tresna bikaina. Familia handia eman dit, eta lagun oso onak, adin ezberdinetakoak denak. Belaunaldi ezberdinetako jendea elkartzeko bide ematen du dantzak, eta horiekin guztiekin lan egiteak, berriz, gauzak ikusteko beste perspektiba bat ematen dizu.
Dantza-irakaslea ere bazara Aurtzakan, ikastetxeetan eta Asmube emakume elkartean. Zerk bultzatu zaitu horrenbeste proiektutan parte hartzera?
Esango nuke bizitzak berak eraman nauela horrelako proiektuetara. Izaerak ere eragiten du: proiektu ezberdinetarako deitzen zaituzte, zerbait egiteko eskatzen dizute… Agian nik ere ez dakit ezetz esaten, baina, azkenean, ateak irekitzen zoaz eta bizitzari zentzua ematen dioten loturak aurkitzen dituzu.
Nire kasuan, hezkuntza eta dantza estuki lotuta joan dira beti. Hamalau urterekin hasi nintzen dantza-irakasle, etenaldi bat egin nuen gero, baina hezkuntzan ere dantza ikasgaia ematea egokitu izan zait. Pixkanaka, hezkuntza, dantza, adin eta ezberdinak uztartzen joan naiz, eta hortik sortu dira gerora proiektu oso interesgarriak.
Horren adibide da Andramendi ikastolako ikasleekin Arteria Beka irabazi zenutenekoa, ‘Kolorekultura’ dantza-proiektuarekin.
Dantzarekin lotutako ekimena izan zen, baina beste diziplina batzuk ere uztartu zituen: argazkilaritza, pintura, dantza… Emakumeen aurkako indarkeria zuen ardatz, eta, beraz, kulturaz harago, balio eta gai sozialak ere landu genituen.
Bide beretik iritsi nintzen Asmubeko emakumeei dantza-eskolak ematera ere. Asumebeko emakumeekin, gainera, oso gauza polita gertatzen da. Haietako askok txikitan ezin izan zuten dantza talde batean egon, eta orain, helduak direla, nolabait betetzen ari dira garai hartan bete ezin izan zuten ametsa.
Horrek, era berean, beste ideia batera eraman nau: herrian elkarteen artean dagoen lotura falta. Elkarte asko daude, eta bakoitzak beretik lan handia egiten du, baina indarrak batuko bagenitu, boluntarioen sarea indartu eta proiektu gehiagotan parte hartzeko aukera izango genuke.
Dantzak Beasainen izan duen bilakaera eta tradizioa gertutik ezagutzeko aukera izan duzu urte hauetan. Zer aldatu da gehien?
Oso indartuta ikusten dut. Ni hasi nintzenean, militantzia gisa bizi genuen dantza. Urteekin, ordea, dantzaren inguruan ikerketa eta hausnarketak egin dira, eta horrek tradizioaren inguruan genituen hainbat ikuspegi aldatzea ekarri du. Emakumeek dantzan izan duten presentziaren inguruan ere ikertu da, eta horiei esker ikusi ahal izan da emakumeek tradizioan izan duten lekua uste baino zabalagoa izan dela.
Aurtzakaren kasuan ere gorabehera handiak izan dira. Garai batzuk oso indartsuak izan dira, bidaia ugari izan direnak, eta uste dut horrek ilusioa piztu eta jende berria erakartzen duela. Baina beti egon da haurretatik helduetarako trantsizioaren erronka. Ikasketak direla-eta kanpora joaten diren gazteak daude, gerora berriz bueltatzen ez direnak. Horrek eragina izan du taldearen bilakaeran, baina horren inguruan ere sortu dira bestelako formulak eta ekimenak, dantzariak eta dantzaren inguruko komunitatea beste modu batean mantentzea eragin dutenak: Igartzako ezpata dantza edo San Joanetako esku dantza, kasu. Zenbait hutsune betetzeko balio dute halakoek, eta herri dantzaria sendotzeko.
Mendizalea ere bazara txiki-txikitatik.
Nire aita, Tomas Salazar, mendizalea zen eta Aizkorri Mendi Elkartean ibilbideak antolatzen zituen. Txikitatik joan izan gara igandero mendira. Familiako ohitura zen guretzat, eta oporraldiak ere mendian igarotzen genituen beti.
Nola batu zinen elkartera?
Egia da gaur egun ez naizela lehen bezainbeste joaten. Elkartean, bazkideak jubilatzen direnean, bi aukera izan ohi dituzte: lekua ondorengo bati uztea edo behin betiko jubilatzea. Nik ez nuen aitaren lekua hartu, baina urte gutxira nire kabuz egin nintzen bazkide.
Noizean behin zuzendaritza taldean aritzea ere egokitzen zait, eta horrez gain, Tomas Salazar Bira antolatzen duen taldean ere sartu nintzen. Zuzendaritza taldetik aparte dagoen talde finkoa da, eta bi urtez behin antolatzen dugu bira.
Mendizaletasunak garai ona bizi al du?
Asko aldatu da. Euskal Herrian mendizaletasuna, euskalduntasuna eta abertzaletasuna estuki lotuta egon dira beti, baina gaur egun beste dimentsio bat hartu du. Maiz bakarrik egon izan naizen paraje ikusgarrietarako badirudi txanda eskatu behar dela; ona da mendizaletasuna denon eskura egotea, baina asko masifikatu da.
Indibidualistagoa ere bada gaurko mendizaletasuna, lasterketek, denborek eta marka pertsonalek protagonismoa hartu duten honetan. Mendizale elkarteetatik lehen baino irteera gutxiago antolatzen dira, eta ume gutxiago joaten dira. Lehen, igande arrunt batean ia ehun lagun elkartzen ginen, autobus batean edo bitan, egun osoko irteerak edota goiz-pasak egiteko. Festa handia zen guretzat; pena da ohitura hori galtzen ari dela ikustea. ■
Mendizaletasuna zainetan
Zainetan eta senean darama Izaskun Salazarrek mendizaletasuna. Hala erakusten du beasaindarrak aukeratutako argazki kuttunak. Irudiaren erdian ageri den bederatzi-bat urteko haurra bera da. Ez du gogoratzen zein mendi den, baina nekez ahaztuko ditu txikitatik mendian igarotako igandeak.
Igandero joaten ziren mendira, Aizkorri Mendizale Elkartearekin batera: gurasoak eta hiru ahizpak. Dantzari Txikia zenean soilik egiten zuen huts Salazarrek.
Mendia, ordea, aisialdirako lekua baino gehiago izan da beasaindarrarentzat. Bereziki gogoan du lehen 2.000 metroko mendia igo zuen eguna: «Pirinioetako Echo ibarrean dagoen Chipeta (2.187 m) mendira igo nintzen aitarekin eta beste lagun batekin». Udako oporrak ere mendian igarotzen zituztela azaldu du.
Hain zuzen ere, oso garrantzitsutzat jotzen du haurtzaroan mendizaletasunarekin izan zuen harremana. Izan ere, txikitatik jasotako zaletasun horrek Aizkorri Mendizale Elkartearekin lotuta sendotzen jarraitzera eraman du. Aita ere, Tomas Salazar, bertako kide aktiboa izan zen.


