Belokiko gurutzea, hirugarrenean 100 urtez
Zumarragako udalerriko Beloki mendian (659 m) –Aralarren ere bai baitago izen bereko beste bat, 1.276 metror– irailaren 13an ospatu zuten hango gurutzearen mendeurrena. Oraingo eta gailurren denbora gehien egon den gurutzearena, esan nahi baita. Ez baita lehenengoa, ezta bigarrena ere, hirugarrena baizik. Lehenbizikoa 1900 inguruan jarri zuten, eta Goierriko lehenengoetarikoa izan zen.
Izan ere, 1899an Leon XIII.a aita santuak kristandadeko mendi tontor garaienetan gurutzeak altxatzeko eskatu zuen, XX. mendeari ongietorria emateko. Berria zabaldu bezain pronto, berehalako erantzuna eduki zuen eskariak orduko euskal gizarte katoliko erlijiosoan. Baita Goierrin ere. Gailur nagusiak gurutzez josten hasi ziren.
Beloki gainean, aurreneko gurutzea 7 metroko egurrezko egitura bat izan zen. Hogei-bat urtean iraun zuen, ekaitz batean suntsituta geratu zen arte. Bigarren aldiz, zurezko beste gurutze bat kokatu zuten orduan. Baina hura 5 bat urte besterik ez zen egon zutik, tximista batek jo eta txikitu zuelako. Gaur egun dagoen gurutzea, metalezko xaflekin eta errematxeekin jositakoa, 1926ko maiatzaren 2an bedeinkatu zuten.
Udaleko eta elizako agintariak buru zirela, Zumarragako elizatik segizioa 16:00etan abiatu zen Belokira, arrosarioa errezatu ondoren. Behin Beloki gainean, Segundo Garaialde parrokoak bedeinkatu zuen gurutze berria. Andres Olaetxea apaiz laguntzaileak harmonioarekin lagunduta, Adoramus te Criste eta San Inazioren martxa abestu zituzten, eta ekitaldia bukatutakoan ogia eta ardoa zerbitzatu zizkieten goraino joan zirenei.
Argiztatuta
Berritasun ikusgarri bat ere erantsi zioten Belokiko gurutzeari: argindarra bertaraino luzatu, eta argiztatu egin zuten. Inaugurazio eguneko gauean piztu zuten, inguru zabal urrunetik ikusteko moduan utziz. Gurutze berria egitea eta eraikitzea 1.500 pezeta kostatu zen, eta harpidetza herrikoiarekin ordaindu zuten. Segundo eta Martin Idigoras anaien tailerrean eraiki zuten, guztira 750 kilo burdin erabilita.
Metro erdiko zabalera, 8 metroko altuera eta besoak 4,5 metroko zabalerakoak ditu. Erdi parean metalezko plaka bat jarri zioten (70×50 cm), esapide honekin: ‘Belokiko Gurutzea. Jesu-kristo gizaldi guztien erregeari Zumarragako erriak oroimen au eskeintzen dio. 1926 V IIgarren urtean‘. 1986ko azaroaren 16an berritu zuten.
1987tik, iraileko bigarren igandean ospatzen da Belokin festa, ehun urteko gurutzearen oinetan. Egituraren oinetan kanpaitxo bat dauka, metalezkoa hura ere. Mendeurreneko festan, irailaren 13an, Javier Kortaberria apaiz jesuita zumarragarrak eman zuen meza, propio horretara joanda. Abesbatzak San Inazioaren martxa abestu zuen, eta Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi bertsolariek kantatu zuten. ■

