«Bizikleta nire pasioa izan da beti eta ez dut utzi nahi»
Ion Izagirrek (Ormaiztegi, 1989) erretiroa hartu du. Goierrik eman duen txirrindulari onena da. Tourreko bi etapa, Giroko bat, Vueltako beste bat eta Itzulia dira bere garaipen nagusiak. 17 denboraldi eman ditu profesional mailan, Orbea, Euskaltel-Euskadi, Movistar, Bahrain Merida, Astana eta Cofidis taldeetan. 17 urte horietan txirrindularitza asko aldatu da.
Bokazioa berehala piztu al zitzaizun?
Etxean ikusi duzunak eragina du. Aita ziklo-kroseko txirrindularia izan zen eta horren ondorioz gure etxean bizikleta beti mahai gainean egon da. Inguruko lasterketetara joaten ginen. Frantziako Tourreko Pirinioetako etapak ikustera ia urtero joaten ginen. Miguel Indurainen azken urteak, Jan Ullrichen urteak, Euskalteleko Iban Mayoren eta Haimar Zubeldiaren urte handiak… Horrek markatu egin ninduen.
Aita aipatu duzu. Zer paper izan du?
Beti aita aipatzen dugu, eta amak ‘eta ama, zer?’ esaten digu, baina aita txirrindularia izanda logikoa da aitaz hitz egitea. Txikitatik bizikleta etxe barruan izan dugu, anaia lehiatzen hasi zen eta ni bere atzetik. Aitak ez gintuen sekula bultzatu. Kontrakoa, gehiago. Nahiago luke gu beste kirol batean aritzea. Baina beti egon da laguntzen. Mekanika kontuetan, adibidez, ni desastrea izan bainaiz beti. Hori bai, sekula ez digu zaintzeko edo entrenatzeko esan. Nahiko lasai eraman gaitu eta hori eskertzekoa da.
Zer diozu anaiaz?
Eskutik joan gara biok. Ni anaia txikia izanik, anaia handiaren pausoak jarraitu ditut. Askotan anaia txikiak miresmenez begiratzen dio handiari, eta nire kasuan hala izan da. Txikitatik txirrindulari profesionalak izatearekin eta Tourra korritzearekin amesten genuen. Gaztetan ez ginen sekula elkarrekin lehiatu, bera bi urte zaharragoa delako. Afizionatu mailara heldu nintzenean, ni Debabarrenan hasi nintzen eta bera Seguros Bilbaon zebilen. Euskaltel-Euskadin aritu ginen lehenengoz biok elkarrekin. Ordutik, gure ibilbide profesionala eskutik joan da. Ia ibilbide osoa elkarrekin egin dugu.
Alex Aranburu zuen anaia txikia izan da.
Nik sei urte ateratzen dizkiot eta anaiak zortzi. Pixkanaka, hazten eta txirrindulari egiten ikusi dugu. Astana taldean ezagutu genuen elkar, eta Astanatik atera ginenean bera anaiarekin joan zen Movistarrera. Ondoren, Cofidisen berriro elkartu gara. Oso harreman ona dugu. Umezurtz utzi behar dugu, baina ez da galduko.
Zure bikotekidearen lana ere oso garrantzitsua izango zen…
Elkar ulertzea eta egoera hau normalizatzea oso garrantzitsua da. Egun asko ematen ditugu etxetik kanpo, eta ez da erraza, ez guretzako eta ez etxean gelditzen denarentzako. Zorionez, nire bikoteak ondo ulertu zuen nolakoa den txirrindulari profesional baten bizitza, eta beti bere babesa izan dut. Ulertua sentitu naiz eta horrek nire lana 100%ean egin ahal izatea ahalbidetu du.
Ama ez dugu aipatu gabe utziko…
Ama ez da txirrindularitza munduko pertsona, baina bere bizipenak lagungarri izan zaizkigu. Bere esperientzia pertsonalak eta laneko esperientziak guri laguntzeko baliatu ditu. Gogor lan egitea aholkatu digu beti.
Talde askotan ibili zara. Zer esango zenuke bakoitzaz?
Lehen urteak eboluzio urteak izan ziren. Euskaltel-Euskadi taldean, etxeko taldean, aritzea amets bat betetzea izan zen. Garai hartan maila handiko txirrindulariak zeuden oraindik: Samuel Sanchez, Igor Anton, Mikel Nieve… Talde horrekin munduko lasterketa garrantzitsuenetan parte hartzea oso polita izan zen. Euskaltel-Euskadi desagertu zenean, Movistar taldera joan ginen. Aurrerapauso bat izan zen azpiegitura eta logistika aldetik. Gainera, etxeko taldea zen: laguntzaileak eta txirrindulariak ingurukoak ziren. Hizkuntza ez zen oztopoa izan eta oso talde etxekoa izan zen. Oso ongietorriak izan ginen. Handik Bahrain taldera joan nintzen. Saltorik handiena izan zen: atzerriko talde bat, beste hizkuntza bat, beste jende bat… Erosotasunetik ateratzea kosta egiten da. Baina ez naiz damutzen. Taldea sortu berria zen, baina oso profesionala zen. Detaileak aintzat hartzen ziren. Bi urteak oso onak izan ziren. Astana taldea ere oso profesionala zen. Gainera, gertuko taldea egin genuen: anaia, Pello Bilbao, Omar Fraile, Luis Leon Sanchez, Ibai Jimenez laguntzaile ziordiarra hara eraman genuen… Oso ondo pasa genuen eta asko ikasi genuen. Ondoren, Cofidisera joan nintzen. Beste talde bat, beste hizkuntza bat, beste mentalitate bat… Hasiera ez zen erraza izan, oso talde itxia baitzen, oso frantsesa. Nork esango zidan talde frantziar batean bukatuko nuela! Bost urte egin ditut bertan.
Zein izan duzu taldekide onena?
Izen bat esatea ez zait gustagarria egiten. Markatu nauen jende asko egon da, taldekide gisa baloratu dudan jende asko. Movistar taldean Imanol Erbiti, Astana taldean Luis Leon Sanchez… Esperientzia asko zuten eta esperientzia hori asko baloratu nuen, gaztea nintzelako. Asko irakasten zuten. Ez bakarrik hitzekin eta bizipenekin, baita ekintzekin ere. Beraien taldeetan beti oso baloratuak izan dira, eta hori zerbaitegatik da. Onenengandik ikasten saiatu naiz beti: egunerokotasunean zer egiten zuten aztertzen, nola entrenatzen zuten, zer jaten zuten, gauzak zergatik egiten zituzten galdetzen…
Asko aldatu al da txirrindularitza?
Funtsean kirol berbera da: entrenatzen ez baduzu eta zaintzen ez bazara, emaitzak ez dira helduko. Baina hazka egiten baduzu… Txirrindularitza globalizatu egin da. Lehen Europa mailako kirola zen eta egun kontinente guztietan oso maila altuko txirrindulariak daude. Prestaketari dagokionez, berrikuntza asko iritsi dira azken urteetan. Baina funtsa berbera da. Hori bai, lehen altuerako egonaldiak itzuli handiak egin behar zituztenek egiten zituzten, eta egun gazte mailakoek ere egiten dituzte. Materialetan ere izugarrizko aldaketa eman da. Lehen 23ko zabalerako gurpilekin eta zortzi kiloko presioarekin aritzen ginen, eta egun 28ko zabalerakoekin eta lau kiloko presioarekin ibiltzen gara. Bizikleten estetika ere asko aldatu da. Aerodinamikak garrantzi handia hartu du. Ez bakarrik bizikletetan, baita arropari eta kaskoei dagokienez ere. Lehen erlojupekoetan bakarrik ematen zitzaion garrantzia aerodinamikari, eta egun etapa arruntetan ere buzoarekin eta aero kaskoarekin ateratzen dira. Elikadura ere asko ikertu da.
Orain gogorragoa al da txirrindularia izatea?
Gauzak ondo joaten zaizkizunean, lanak eta sakrifizioak merezi duela esaten diozu zure buruari. Emaitza onak heltzen ez direnean sortzen dira arazoak. Burua bueltaka hasten da. Zalantzak eta galderak. Garai batean hori 30 urtetik gora heltzen zen eta egun lehenago gerta daiteke, txirrindulariak oso gaztetatik estutzen dituztelako. Gazte mailan irabaztea erraza izan daiteke, baina gora heltzen zarenean konpetentzia oso handia da. Eta geroz eta handiagoa izango da. Zure buruari zer helburu jartzen diozun, ingurukoek zein itxaropen jartzen dituzten zugan… Gazte bat hurrengo Pogacar izango dela esatea oso arriskutsua izan daiteke. Carlos Rodriguez eta Juan Ayuso datozkit burura. Gazte mailan sekulako izarrak ziren eta oso gaztetan pasa ziren profesional mailara. Ayuso aurten oso ondo hasi da, baina gero gauzak ez zaizkio ondo atera. Egurra ematen ari zaizkio eta bera izango da bere buruari egurra ematen lehena. Pedal kolpea eta konfiantza berreskuratzea ez da erraza.
Burua izan al da zure arma indartsuena? Oso erregularra izan zara beti.
Urte hobeak eta okerragoak izan dira, baina konstantea izaten saiatu naiz beti. Lan egiteko gogoa ez dut inoiz galdu. Nire maila ez da sekula aipatu ditudan horiena izan, baina nire maila mantendu dut beti. Ez dut sekula pentsatu burua nire arma indartsuena izan den edo ez. Agian horrelako gauzetan gutxi pentsatu dudalako izan naiz erregularra. Beti gauzak automatikoki egiten saiatu naiz. Mesede egin didaten gauzak errepikatu egin ditut eta mesede egin ez didatenak aldatu egin ditut. Agian burua izan da konstantzia hori eman didana, bai.
Nola ikusten duzu txirrindularitzaren etorkizuna?
Txirrindularitza aurrera doa alor guztietan. Taldeak asko zabaldu dira. Gure garaian gizonezkoena bakarrik zegoen eta egun ia talde guztiek emakumezkoena eta ‘devo’-a (garapenekoa) ere badituzte. Talde handiak geroz eta handiagoak dira eta txikiak geroz eta txikiagoak. Euskal txirrindularitzari dagokionez, Pelloren [Bilbao] eta bion agurrarekin aro bat amaitu da ja. Mikel Landa bakarrik geldituko da. Baina gazteak badatoz: Markel Beloki, Igor Arrieta, Ibon Ruiz, Urko Berrade… Bestalde, denok nahi duguna Euskaltelek, etxeko taldeak, aurrerapausoa egitea da. Mikel Landaren fitxaketak taldeari hazten laguntzea espero dut. Gaztetxoek erreferentziak behar dituzte eta etxeko taldea handitzen ikustea baino erreferentzia hoberik ez dago.
Zer pentsatzen duzu Euskaltel-Euskadiko gazteak Txinan, Aljerian edo Panaman lehiatzen ikusten dituzunean?
Gauzak asko aldatu dira. Gure garaian Euskaltel munduko talde onenetakoa zen, eta azkeneko urteetan beste maila batean dago. Gaztetxoak hezten dituen talde bat da. Itzuli handietan lehiatzeko eskubidea izateko 30 lehenengoen artean egon behar da, eta azken hilabeteetan egin dutena logikoa da: puntuak behar zituzten eta puntu bila joan dira. Gazteek profesionaletako lehen pausoak Euskaltel-Euskadin egiteko aukera dute, etxeko talde batean, eta hori oso ona da.
Zer esango zenieke bizikletan hasi berri diren gazteei?
Gozatzeko. Gaur egun oso gazte hasten dira prestatzaileekin, nutrizionistekin… Dena profesionalizatuegi dago, agian. Gora igotzen badira, astia izango dute dena serio hartzeko eta profesional izateko. Gaztetxoak direnean, lagunekin disfrutatzeko aprobetxatu behar dute. Jolas modura. Beraien helburuak lortzen doazen heinean, joango dira gauzak serioago hartzen. Gauzak lasai hartzeko esango nieke gaztetxoei, eta batez ere gurasoei. Batzuk makilarekin atzetik ibiltzen dira, seme-alabei bultzatzen. Intentzio onarekin, baina batzuetan kalte egiten diete mesede baino gehiago. Anaiaren eta bion kasuan, asko baloratu dut aitaren papera. Jende askok atzetik eduki genuela pentsa dezake, baina kontrakoa izan zen. Espazioa utzi digu beti. Une jakin batzuetan bere ezagutzak irakatsi dizkigu, baina inoiz ez gaitu kirol hau egitera, hau edo bestea jatera edo entrenatzera behartu.
Zergatik hartu duzu erretiroa?
2025a inflexio puntua izan zen. Urte zaila izan zen. Entrenamenduetan zenbakiak eta sentsazioak onak ziren, baina emaitzak ez ziren etortzen. 36 urterekin gauza asko balantzan jartzen dituzu: ea merezi duen, ea ez, zergatik, adina izan daitekeen… Halakoetan taldeak ere zalantzak ditu, noski. Berritzea tokatzen zitzaidan eta ez zuten argi berriro nire maila eman ahal izango nuen. Azkeneko hilabeteak oso zailak izan ziren. Azkenean, Cofidisek beste urtebete jarraitzeko aukera eman zidan eta, etxekoekin batera, azken urtea izango zela erabaki nuen. 2025ean oso gaizki pasa nuen, eta ez nuen berriro hortik pasa nahi. Buruari lasaitu hori eman nion, azkena izango zela, eta psikologikoki erretirorako prestatzen joan naiz.
Zer egin behar duzu orain?
Epe motzean, etxekoekin egon nahi dut. Bizitza normalizatu horretara egokitu. Ez dut txirrindularitza munduan lan egiteko asmorik. Nahiago dut etxekoekin egun gehiago pasa. Ondoren, proiekturen bat heltzen bada, baloratuko dugu.
Bestelakoan, zein zaletasun dituzu?
Ehiza beti gustatu izan zait. Aita ere ehiztaria da, oilagor zalea. Mendira joatea, onddo bila joatea… gustatzen zait. Eta kirola beti gustatu izan zait: pilota, frontenisa… Kirolari profesionala zarenean gauza asko ezin dituzu egin. Orain beste kirol batzuk egin nahi ditut, lagunekin eta familiakoekin. Bizikletan ibiltzeari ez diot utziko, baina eguraldi txarra egiten duenean ez naiz aterako. Bizikleta nire pasioa izan da beti eta ez dut utzi nahi. ■
Azken garaipena
Ion Izagirrek bere azken garaipeneko argazkia aukeratu du atal honetarako. Irailaren 12an lortu zuen, Italian: Marco Pantaniren oroimenezko proba irabazi zuen, erretiroa hartu baino egun batzuk lehenago. «2025a urte gogorra izan zen. Aurten bi garaipen lortzea oso garrantzitsua izan da», esan du.
Bestelakoan, nahiz eta hiru handietan garaipenak lortu dituen, etxeko garaipenak izan dira berezienak beretzat. «Izenez ez dira handienak, baina lasterketa amaitu eta etxekoei eta lagunei besarkatzeak eta musu emateak sekulako balioa du. Tourreko azken garaipena ere berezia izan zen. Alabaren urtebetetze eguna zen: goizean berarekin hitz egin nuen, ez nuen berarekin egoterik izan, baina garaipenari esker buelta eman ahal izan nion. Polita izan zen berari eskaini ahal izatea».
Urte hauetan une txarrak ere bizi izan ditu. «Okerrena erorikoak eta lesioak izan dira. 2017ko Tourreko erorikoa oso gogorra izan zen. Ebakuntza egin zidaten, plakak jarri zizkidaten, zalantzak nituen itzuliko ote nintzen… Zorionez, emaztea, gurasoak eta nire masajista ondoan izan nituen. Alemanian izan zen, eta etxeko jendea ondoan egoteak asko lagundu zidan».

