Teknologia tokiko ekoizpenaren zerbitzura
Udalak utzitako lepoko birtualak dituzte Legazpiko bost abeltzainen 50 ahuntzek. Mendiko erabilera tradizionalak eta naturaren zaintza uztartzea da helburua.
Legazpin, hesi birtualaren bidezko artzaintza sustatzeko proiektu bat dute martxan Legazpiko Udalak, Goimenek, Gomiztegi kooperatibak, Mondragon Unibertsitateko MIK ikerketa zentroak eta Arrobiko ganaduzale elkarteko abeltzainek. 50 ahuntzi hesi birtualeko lepokoak jarri dizkiete lehen urratsean. Gailu horiei esker, abereak aurrez zehaztutako eremuetan bazkatu ahal izango dira, hesi fisikoak instalatu beharrik gabe. Teknologia hori tokiko elikagaien ekoizpenaren zerbitzura jarri dute proiektuaren bidez.
Lau ardatz nagusi aipatu ditu Goimenek proiektuari lotuta: herri lurren berreskurapena hurbileko elikagaiak ekoizteko oinarri gisa; elikagaien salmenta eta ordainsari baten truke sastrakak garbitzeko zerbitzua; hainbat ustiategik osatutako artalde bateratua, ustiategi bakoitzak animaliak jarriz eta herri lurren gobernantza partekatua sustatuz; eta teknologia udal-ondasun publiko gisa, elikagaien ekoizpenaren eta ingurumenaren kontserbazioaren zerbitzura jarriz.
Legazpiko abeltzain talde baten eskaera bati erantzunez martxan jarritako proiektua da. Proiektuan dauden abeltzainetako bat da Andoni Gutierrez. Azaldu duenez, ahuntzak kontrolatuta edukitzea «dezenteko lana» izaten da, eta hori erraztu zezaketen teknologia aurrerapenak ezagututa erabaki zuten udalari eskaera egitea: «Gu prest geunden gure ahuntzak uzteko, eta ordainetan, lepokoak eskuratzen bazizkiguten, bi aldeen artean egin beharreko lan bat izango zela ohartu ginen; guk ahuntzak kontrolatuago edukiko genituzke eta herri lurrak garbituko lituzkete, denontzat onura».
Aurreko neguan hasi zen forma hartzen proiektua, eta udan iritsi ziren lepokoak: 50 lepoko 50 ahuntzentzat. Probak egiten hasi eta «sekulako erantzun ona» izan duela ikusi dute. Aplikazio batekin funtzionatzen du. Proiektuaren arduradun batek mugatzen du nondik nora ibili behar diren animaliak. «Baina aurretik ikasita egon behar dute animaliek», argitu du Gutierrezek. Animaliak aurrez ezarritako muga horretara arrimatzen direnean, soinu bat egiten du dispositiboak; bigarrenean, berdin; eta hirugarren soinuarekin, inpultso txiki bat ematen die eta zehaztutako eremuan sartzen dira berriro.
Emaitza onak eman ditu
Jarraipena uneoro egin dezakete abeltzainek. «Lepokoak bi minutuero-edo ematen ditu seinaleak eta badakizu ahuntzak non dauden». Horrek «erraztasun handia» eskaintzen die. Lepokoak iritsi arte, beste dispositibo eta GPS batzuk erabiltzen zituzten, baina ez ziren hain zehatzak: «Lehen ikustera joan behar izaten genuen maizago, ea ondo zeuden; orain, gutxiagotan joan zaitezke denbora guztian dakizulako nola eta non dauden». Are gehiago, animaliak gutxi mugitu badira edo geldi baldin badaude, aplikazioak abisua ematen die.
Elkarlanaren emaitza dela garbi du Gutierrezek. Batetik, ahuntzen kontrola erraztu die ganaduzaleei, eta, bestetik, garbiketa lana egiten dute. «Elkarlan bat izan behar da ze ez da ahaztu behar ahuntzek lepokorik gabe ez dutela hainbeste garbitzen haien kasa ibiltzen direlako, eta lepokoek ez dutela balio gure ahuntzik gabe. Eskutik helduta goaz». Emaitzak ere onak dira orain artean: «Ahuntzek asko garbitu dute ezarritako eremuan».
Ekonomikoki onuragarria
Edurne Matias zinegotziak azaldu duenez, aholkularitza tekniko bat kontratatu du Goimenek proiekturako, eta hark egiten du proiektuaren jarraipena ganaduzaleekin batera. Lehenengo, formakuntza bat jaso zuten ganaduzaleek lepokoak nola erabili ikasteko eta ahuntzak prestatzeko, eta gero igo zituzten mendira. Udalaren helburua ahuntzek herri onurako mendia sasiz garbitzea da, eta horretarako egin du lepokoen lagapena. Ekonomikoki, gainera, onuragarria izan da: «Urtero diru kopuru bat gastatzen zuen udalak mendian sasi garbiketan, eta ikusten dugu bertako animaliekin egin daitekeela garbiketa naturala, eta hori lehenetsi dugu».
Ganaduzaleen eskaera jaso ondoren, aldundiak Soriara antolatutako bidaia batean parte hartu zuen udalak, horrelako proiektuak ezagutzeko. Lepoko birtualaren eredua ezagutu zuten udal ordezkariek, eta «egoki» ikusi zuten herrian eredu hori ezartzea.
Beste aukera batzuk
Elikadura misiorako diru laguntza jaso du udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik proiekturako. MIK ikerketa zentroak gobernantza eredua landuko du proiektuan. Batetik, koordinazioak eta komunikazioak nola ematen diren aztertuko du, elkarrizketen bitartez besteak beste, eta, bestetik, merkatu ikerketa egingo du, etorkizuneko produktuak aztertzeko: «Larreko antxumea errentagarria izan daitekeen edo ez aztertuko dute», azaldu du zinegotziak.
Arrobin lehendik ahuntzak zituzten bost ganaduzale gazterekin ari dira egiten egun proiektua, «ahuntzak dituztenak bost direlako», baina etorkizunean beste animalia batzuekin probatzea ez dute baztertzen, Matiasek esan duenez: «Aurrera begira gustatuko litzaiguke posible bada behiekin egitea, baina garestiagoak dira lepokoak eta horrek eragiten digu». Behorrekin probak eginak dituzte, eta «ez dute funtzionatzen eta ez da aurreikusten» ezer gehiago egitea oraingoz.
Mendiko erabilera tradizionalak eta naturaren zaintza uztartzea du helburu proiektuak. Abeltzaintza jarduera indartzearekin, tokiko elikadura sistemaren etorkizuna hobetuko dute. ■


