Korrika, bere lekua aurkitzen
Korrikalari sutsua da Marene Etxeberria Intxausti (Legazpi, 2005). Orain bi urte ekin zion zaletasunari, eta ordutik kirolak gero eta leku handiagoa hartu du legazpiarraren egunerokoan. Errepideko probetan ez ezik, mendi lasterketetan ere lehen urratsak egiten ari da; azken Korosti Trailean helmugaratzen aurreneko emakume legazpiarra izan zen.
Txikitatik izan du kirolarekiko lotura berezia, eta diziplina ezberdinak probatu izan ditu ordutik. Saskibaloian, esaterako, zortzi urteko ibilbidea egin du, eta etapa horrek «talde-lana, konpromisoa eta ahalegina» bezalako balioak eman dizkiola nabarmendu du. Azken bi urteotan, ordea, korrikak hartu du lekua bere kirol ibilbidean; etxetik datorkio horretarako sena, bereziki aitarengandik.
Zaletasun moduan hasi zen, erritmo propioan eta helburu handiegirik gabe. Pixkanaka, ordea, gero eta indar handiagoa hartu du bere egunerokoan, eta aurten, beste pauso bat ematea erabaki du, entrenamenduetan zein lasterketetan fokua jarrita. Hala ere, korrika egitea ez du errendimendu fisikora soilik mugatzen; egunerokotik deskonektatzeko, barruan dituenak askatzeko eta bere buruarekin konektatzeko tartea ere bada legazpiarrarentzat.
Mendian, lehen pauso sendoak
Mendiak gero eta gehiago erakartzen badu ere, errepideko lasterketak dira oraindik Etxeberriaren jardunaren oinarri. Oraingoz etxe inguruko mendi lasterketetan lehiatu da soilik -Legazpin eta Urretxu-Zumarragan-, baina hasiberria izanagatik ere, esperientzia eta emaitza onak pilatzen ari da dagoeneko.
Azken Korosti Trail lasterketan helmugaratzen aurreneko emakume legazpiarra izan zen, baina lorpenak bereziki harritu zuela nabarmendu du: «Mendian errepidean baino gutxiago entrenatzen dudanez, ez nuen espero. Horregatik, emaitza are bereziagoa izan zen niretzat». Etxean lehiatzeak ere dakarren berezitasuna azpimarratu nahi izan du: «Herritarren nahiz ingurukoen babesa gertu sentitzeak sekulako indarra ematen du».
Errepidera lotua
Errepidean, berriz, esperientzia handiagoa du korrikalari gazteak, horietan lehiatzen delako batez ere. Behobia-Donostia lasterketa entzutetsua ere hiru aldiz egin du jada, nahiz eta azken edizioan ezin izan duen nahi bezala amaitu: «Ez nuen espero bezala gozatu eta sentsazio txarrekin bukatu nuen».
Hala ere, esperientzia horri ikasgaia atera dio: «Lasterketa guztietatik ikasten da, eta horrelako bizipenek hazten laguntzen dute, kirolari zein pertsona gisa». Garaipenetan gozatzen, baina batez ere espero gabeko porrotetan burua altxatzen erakutsi dio diziplina honek.
Helmuga berriak
Aurrera begira, hainbat proba ditu buruan. «Aurreko emaitzak hobetzea eta bere buruari erronka berriak jartzea» gustatuko litzaioke, baina helburu nagusia «korrikaz gozatzen jarraitzea» du. Eta badu bereziki ilusioa egiten dion erronka bat: ahizparekin batera maratoi erdi bat egitea: «Ederra litzateke elkarrekin prestatzea, esperientzia partekatzea eta helmugara batera iristea». Orain bi urte hasi zen arren, kilometro asko ditu aurretik. ■

