Elkarrekin are urrutiago
Etxepeko plazatxoan baloiari ostikoak eman eta eman pasatu genuen denbora asko xamar, garai batean. Futbolariak miresten genituen: telebistakoak, Anoetakoak, kromoetakoak. Futbolari izatearekin amesten genuen, ohera leher eginda sartzen ginenean. Futboleko kamisetak eskatzen genituen opari. Futboleko baloia besapean hartuta joaten ginen parkera, dantzara, ingelesera, eskolara. Itsututa pasatu genuen denbora asko xamar; orain badakigu. Nolanahi ere, esan dezagun: geure itsuan, pozez zoratzen pasatu genuen denbora hura guztia.
Behin, oraindik mototsa gurasoek egiten zigutenean, jakin genuen handitutakoan, seguruenik, aukera izango genuela nesken ekiporen batean jolasteko. Bazela bat herrian, bazirela goi mailako batzuk, Realak ere ba omen zuela nesken ekipoa. Pentsatu, ba, ze fantasia, ume itsu harentzat. Hori jakin genuenetik, itsututakoak gehiago itsutu ginen, ederrago amestu genuen dena, beste futbolari batzuk miresten hasi ginen, bestelako eszenatoki batzuekin amesten ere bai, ohera leher eginda sartzen ginenean. Baina bueno, asteazkenero-asteazkenero, gure kinta-bueltako mutilekin entrenatzen jarraitu genuen, pixka bat koskortu ginen arte.
Orain gutxi irakurri dut Goierri Gorrik hamar urte egin dituela. 300 neskatik gora ari direla futbolean klubean. 20 ekipotik gora daudela kategoria diferenteetan. Zuzendaritza berria orain arteko bideari jarraitzeko gogotsu dagoela. Ilusioa nabaritu dut eztarritik behera. Gogora etorri zaizkit lehenengo entrenamendu haiek, kautxu usaina, txandal estreinatu berria, autobus bidaiak, futbol-zelaiari erdizka emandako buelta haiek denak, hainbeste lagun, hainbeste rondo… Polit gogoratzen dut hura guztia: itsutasunik gabe, baina miresten dut urteotan egin den lana. Eta poza ematen dit elkarrekin are urrutiago joateko dagoen grinari –orain aldamen batetik– erreparatzeak. ■

