«Bizitzeko eta lan egiteko erakargarria izango den Urola Garaia eraiki nahi dugu»
Urola Garaiko Udal Elkarteak eta Uggasa garapen agentziak etapa berri bati ekingo diote, estatutuen berrikuntzarekin eta Lehiakortasun eta Berrikuntza Estrategia 2032rekin (ECIUG)
Estatutuen berritzea eta Lehiakortasun eta Berrikuntza Estrategia paraleloan garatu dira. Bi prozesu horien helburua Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga udalerrien arteko lankidetza sendotzea eta eremua etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzea da.
Urte askoan saiatu ondoren, Udal Elkartearen eta UGGASAren estatutuen berrikuntza azken fasera iristen ari da. Zer garrantzi du akordio horrek?
Oso urrats garrantzitsua da. Urtetan saiatu gara gure erakundeen egiturak eguneratzen, baina orain arte ez dugu lortu. Azkenean, lau udalen eta alderdi politiko guztien arteko akordioa lortzeko gai izan gara, eta hori balioan jarri behar dugu. Baina estatutuak onartzeak ez du esan nahi lana amaitu dugunik. Funtzionatzeko esparru berri bat adostu dugu, eta orain dator zailena: gure erakundeak eta lan egiteko moduak etengabe aldatzen ari den errealitate ekonomiko eta sozialera egokitzea.
Aldi berean, eremurako estrategia berri bat landu da. Bi prozesuek lotura al dute?
Bai. Ibilbide desberdinak izan dituzten arren, hausnarketa berari erantzuten diote: nola antolatu behar dugun eta zer etorkizun nahi dugun Urola Garaiarentzat. Estatutuek erakunde esparru berritua eskaintzen dute, eta Urola Garaiko Lehiakortasun eta Berrikuntza Estrategia 2032k partekatu nahi ditugun helburu nagusiak zehazten ditu. Orain, bi prozesu horiek bat egitea lortu behar dugu. Horretarako, denbora, akordioak eta gure lan kulturan pixkanakako eraldaketa beharko ditugu.
Uggasaren estrategia berri bati buruz ari zara?
Ez, eta bereizketa hori funtsezkoa da. Ez da Uggasarentzako, Udal Elkartearentzako edo udaletako batentzako estrategia. Urola Garaia osoarentzako estrategia da. Gure eskualdea bere erakundeak baino askoz gehiago da. Enpresek, ikastetxeek, gizarte eragileek, lehen sektoreak eta herritarrek osatzen dute. Diagnostiko bat eta etorkizuneko ikuspegi bat partekatu nahi ditugu, baina baita eragile desberdinak estrategia garatzen inplikatzea ere. Erakundeok lankidetza hori erraztu behar dugu, ez geureganatu. Ildo horretan, gaur egungo adibide praktiko gisa, urrian bertan Udal Elkartea eta Uggasa Urola Garaiko enpleguaren eta tokiko garapenaren plana diseinatzen eta garatzen hasi dira, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailarekin koordinatuta. Ikuspegi parte hartzaile eta lankidetzazko batetik, eskualdeko langabeen enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak eta laneratzeko ibilbideak zehaztu eta abian jarriko ditugu.
Asko hitz egiten da gobernantza kolaboratiboaz. Zer esan nahi du horrek?
Esan nahi du gure eskualdeko erronka handiei ezin zaiela erakunde bakar batetik erantzun. Ezagutza, baliabideak eta erantzukizunak partekatu behar ditugu. Helburu zehatzak dituzten lankidetza guneak sendotu nahi ditugu, ekimenak bultzatzeko eta emaitzak ebaluatzeko gai izango direnak. Kontua ez da bilera gehiago egitea, hobeto lan egitea baizik.
Gainera, ez gara hutsetik abiatu. Baditugu lankidetza esperientzia sendoak; esaterako, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak eskualde mailan kudeatzen ditugu, eta dagoeneko hirugarren Berdintasun Plana badugu. Ibilbide horrek emakumeen ahalduntzea, zaintzetan erantzunkidetasuna eta aukera berdintasuna bezalako gaiak hartzen ditu barne. Eskualdeko lankidetza hainbat esparrutara zabaldu behar dugu, interes partikularrak gainditu eta helburu partekatuen alde egiteko.
Zeintzuk dira Urola Garaiaren indargune eta ahulgune nagusiak?
Industria oinarri oso garrantzitsua dugu, enpresa lehiakorrak eta lanerako nahiz ekintzailetzarako tradizio sendoa. Horiek dira gure indargune nagusietako batzuk. Baina ahulguneak ere baditugu. Berritzeko gaitasuna hobetu behar dugu, talentua garatu eta erakarri, biztanleriaren zahartzeari aurre egin eta trantsizio energetikoan aurrera egin. Gainera, gure lurraldearen erakargarritasuna indartu behar dugu. Gaitasun eta aukera handiak dituen eskualdea gara, baina ez dugu beti jakiten horiek behar bezala ezagutarazten. Gure indarguneak aitortzea garrantzitsua da, baina baita hobetu beharrekoa identifikatzea ere.
Estrategia berriak bi misio nagusi planteatzen ditu. Zer lortu nahi dute?
Lehenengoaren helburua gure ekoizpen eredua eraldatzea da, balio erantsi handiagoa sortzeko, enpresen lehiakortasuna sendotzeko eta garapen ekonomikoak gizartean eragin positiboa izan dezan. Horrek berrikuntzaren, prestakuntzaren eta talentuaren alde egitea eskatzen du, baita egoera desberdinetan dauden pertsonei aukerak eskainiko dizkien ekonomia sustatzea ere. Bigarren misioak jasangarritasunarekin eta lurraldearen erakargarritasunarekin du zerikusia. Klima aldaketaren aurrean erresilienteagoa izango den eskualde baterantz egin nahi dugu, trantsizio energetikoarekin konprometitua eta bizitzeko nahiz lan egiteko baldintza onak eskainiko dituena. Bi misioak elkarri lotuta daude. Lehiakortasun ekonomikoa ezin da ulertu jasangarritasuna eta gizarte kohesioa alde batera utzita.
Nola islatzen da hori guztia benetako ekonomian eta herritarren eguneroko bizitzan?
Hori da funtsezko galdera. Estrategiek zentzua dute emaitzak lortzen dituztenean. Ezin dugu talentua erakartzeaz hitz egin etxebizitza, mugikortasuna edo prestakuntza bezalako gaiak landu gabe. Era berean, ezin dugu industriaren etorkizunaz hitz egin energia, berrikuntza edo gure enpresen beharrak kontuan hartu gabe. Uggasak urteak daramatza jarduera zehatzak garatzen. 2025ean 21 enpresa jarduera berri sustatu zituen, 563 pertsonari banakako arreta eman zien lan orientazioan, eta 162 lan kontratu gauzatu zituen. Gainera, eskualdeko enpresekin elkarlanerako foroak eta guneak sortzen ditu, haien lehiakortasuna eta berrikuntza maila handitzen laguntzen duten proiektuak lantzeko. 2025ean ere 20 enpresa baino gehiago aritu ziren hainbat proiektutan lanean. Emaitza horiek agentziaren erabilgarritasuna erakusten dute. Orain, jarduera horiek eskualde osorako partekatutako eta epe luzeko ikuspegi batekin lotu nahi ditugu.
Hain estrategia zabala kudeatzea ez al da zaila izango?
Jakina. Horixe da gure erronka nagusietako bat. Ezin dugu dena aldi berean egin, ezta gai guztiak Udal Elkartearen edo Uggasaren esku daudela pentsatu ere. Lehentasunak ezarri, erantzukizunak zehaztu, baliabideak koordinatu eta emaitzak ebaluatu behar ditugu. Esperientziak erakutsi digu dokumentu estrategikoak onartzea ez dela nahikoa. Garrantzitsuena konpromisoei eustea, ekintza zehatz bihurtzea eta funtzionatzen ez duena zuzentzeko gaitasuna izatea da.
Zer eginkizun izan behar dute Udal Elkarteak eta Uggasak etapa berri honetan?
Eskualdearen zerbitzura dauden tresnak izan behar dute. Udal Elkarteak lau udalerrien arteko lankidetzarako erantzukizun instituzionala du. Uggasak, berriz, esperientzia teknikoa, lurraldearen ezagutza eta enpresekin nahiz beste eragile batzuekin lan egiteko gaitasuna eskaintzen ditu. Baina eginkizunen banaketa hutsetik harago joan behar dugu. Ekimenak lotu, akordioak erraztu eta proiektu partekatuak bultzatu behar ditugu. Hori guztia udal bakoitzaren autonomia errespetatuz. Eskualdeko lankidetzak ez ditu udal-ekimenak ordezkatu behar, baizik eta osatu eta haien eragina handitu.
Urola Garaia nolakoa izatea nahiko zenuke hamar urte barru?
Industria sendoa duen eskualdea izaten jarraitzea nahiko nuke, baina berritzaileagoa, dibertsifikatuagoa eta jasangarriagoa ere bai. Talentua garatzeko eta erakartzeko gai izango den eskualdea, belaunaldi berrientzako aukerekin eta ekonomia dinamikoagoarekin. Era berean, Urola Garaia ezagunagoa izatea nahiko nuke, eskualde nortasun sendoagoarekin eta bertan geratzea, bizitzera etortzea edo lanbide proiektu bat garatzea erakargarri egingo duten bizi baldintzekin. Ez da erraza izango, eta ez ditugu helburu guztiak berehala lortuko. Baina indargune garrantzitsuak ditugu eta baita beste modu batera lan egiteko aukera ere. Azken batean, kontua ez da soilik eskualde lehiakorragoa eraikitzea. Pertsonen bizi proiektuak garatzeko, bizitzeko eta lan egiteko erakargarria izango den Urola Garaia eraikitzea da helburua. ■

