«Emakume erreferenteak egotea oso garrantzitsua da gehiago erakartzeko»
Goierri Kopa Trailean, esprint aldaeran, Nora Anton (Lazkao, 2007) gailendu da. Goierriko 11 mendi lasterketak osatzen dute txapelketa. Azkena Legazpiko Korosti Trail izan zen.
Fisioterapia ikasten ari da Donostian Nora Anton lazkaotarra. Ikasketetan murgilduta badabil ere, mendira joateko tartea hartzea gustatzen zaio. «Deskonektatzen laguntzen dit». Antonek badu beste zaletasun bat: dantza. «Momentu honetan, dantzari eta korrika egiteari eskaintzen diet denbora gehien, ikasketez gain». Dantzako irakaslea ere bada.
Nondik datorkizu mendiarekiko zaletasuna?
Aitarekin 15 urte nituela hasi nintzen mendira joaten. Pixkanaka korrika hasi ginen, eta hortik mendi lasterketetan parte hartzen hasi ginen. Lehen lasterketak elkarrekin amaitu genituen. Gogoan dut aurrenekoetako bat Axari Trail izan zela. Gerora, nire kasa entrenatzen hasi nintzen, eta horrela jardun dut gaur arte.
Goierri Kopan lehen postua irabazi duzu. Zein lasterketa izan da zuretzat bereziena?
Lazkaoko Mendi Lasterketa berezia izan zen. Nire herrikoa zen, eta egiten zen lehen aldia zen. Bestela, Axari ere gogokoa dut. Azken finean, entrenatzen dudan lekuetatik pasatzen da: Esparru, Atxurbi… Horregatik Axari ere beti da berezia niretzat.
Emakumeen presentzia handitzen ari da mendi lasterketetan.
Bai, esprint modalitatean egia da emakume gehiago dagoela, baina distantzia luzeetako lasterketetan oraindik ez dago hainbeste. Nik etorkizunean trail lasterketak egin nahiko nituzke. Gainera, Maite Murgia –Goierri Kopan trail aldaerako garailea– lazkaotarra horietako bat da, eta egia da animatzen zaituela herriko bat hor ikusteak. Ni hasi nintzenean ez neukan inguruan hainbeste erreferente. Emakume erreferenteak egotea oso garrantzitsua da gehiago erakartzeko.
Zuk zein erreferente izan dituzu?
Nire erreferenteak Malen Osa, Oihana Azkorbeitia eta Sara Alonso izan dira, beste batzuen artean.
Datorren urteari begira, zein dira zure asmoak?
Iaz eta aurten gehien bat Goierri Kopan zentratu naizenez, hurrengo urtean beste lasterketa batzuk probatzea ere gustatuko litzaidake. Goierritik kanpo ere Euskal Herrian beste leku batzuk ezagutzeko. Txindokiko kilometro bertikala egin dut aurten, eta asko gustatu zitzaidan. Orduan, halako besteren bat probatu nahiko nuke. Geltoki berriak ezagutzeko gogoa daukat. ■

