Manuel Etxeberria, gizarte baten argazkilari ekintzailea
Pertsona herrikoia, apaiz ekintzailea, argazkilaria eta abertzalea bezain euskaltzailea izan zen Manuel Etxeberria Sukia zaldibiarra. Zaldibiako gazteekin lan handia egin zuen euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna sustatzen, baita kultura indartzen eta herri giroa suspertzen ere. Juan Inazio Iztueta Elkarteak erakusketa bat eskaini zion Zaldibiako festa aurrean eta jaietan, Apaiz herrikoi bat izenburuarekin.
Zaldibiako Zubimusu etxean 1922ko abenduaren 17an jaioa, Arretxe etxera aldatu ziren berehala. Hamabi urterekin Gasteizko apaizgaitegira joan zen. 1947an apaiztu zen, eta Dima (Bizkaia), Urkia auzoa (Itsasondo) eta Zaldibia izan zituen lehenengo herriak. 1952an Ekuadorrera bidali zuten, Elizbarrutiak Los Riosen zeukan misiora, beste apaiz euskaldun batzuekin batera; tartean zen Jexux Dorronsoro ataundarra ere.
Kamioi bat konpontzen ari zela azpian harrapatuta lesionatu, eta espero baino lehen itzuli behar izan zuen Zaldibiara, 1958an. Ekuadorren ere landu zuen euskal kultura eta folklorea. Hango haurrei euskal dantzak, musika eta txistua irakatsi zizkien. Espainiar kolonizatzaileek ebanjelizazioaren izenean zer sarraski egin zituzten bertatik bertara ikusi ahal izan zuen.
Itzulera eta susperraldia
Sorterrira itzulita, 1960ko euskal susperraldian parte hartu zuen, bete-betean. Francoren erregimenaren pean eta klandestinitatean, baina Euskal Herrian giro berria piztu zuten, eta elizaren babesa berpizkunde haren onurarako bideratu zuten Etxeberriak eta bera bezalako apaiz eta eliztar batzuek.
Gazteei txistua jotzen irakatsi zien, mendi irteerak antolatu zituzten, antzerkiak prestatu zituen. Pilota ere gogoko zuen, baita argazkiak atera eta errebelatzea ere. Gora Euskadi bizi bedi txistuarekin jo izanak Guardia Zibila bertaratzea eragin zuen, behin. Jarrera eta ekimen abertzaleak herriko beste apaiz batzuen mespretxua eragin zuen, ordea, eta presio gogorra egin zuten Etxeberriaren kontra. Lekuz aldatzea eskatu zuen arte, eta Ataun San Gregoriora bidali zuten.
Manuel Etxeberria 1993ko uztailaren 26an hil zen, euskal gizarteko aldaketekin saminduta. ■


