«Mexikoko jendea oso dibertigarria da, txispa handikoa»
Erdi euskalduna eta erdi mexikarra sentitzen da duela 13 urte Legazpi utzi eta Mexikora joan zen Jon Orobengoa. Gustura bizi da han, familia, lagunak eta janaria faltan sumatzen dituen arren. Mexiko ezagutzeko eta lan aukerak esploratzeko helburuz, gurasoen lagun batzuek egindako gonbidapena baliatu eta herrialde hartara joan zen Jon Orobengoa Alustiza (Legazpi, 1986), duela 13 urte. Bertan bizi da ordutik, eta han jarraitzeko asmoa du gainera. Urtean behin etortzen da etxera.
Non bizi zara Mexikon?
Mexico hiriburuan, Coyoacan alkatetzatik gertu.
Zenbat denbora daramazu hor?
Martxoan 13 urte egin nituen. Nire bizitza eginda daukat hemen: lana daukat, bikotekidea… Hasieran abenturara etorri nintzen, lanik gabe, eta lehen bi urteak nahiko gogorrak izan ziren. Hemengo lan baldintzak nahiko txarrak dira. Ideia bat egiteko, astean 50-60 ordu egiten nuen lan, eta hilabeteko lehen soldata 400 eurokoa izan zen. Baina, zorionez, nire bizitza asko aldatu da ordutik.
Zergatik atera zinen Legazpitik?
Bigarren lizentziatura bukatu berria nuen Bilbon, praktikak ere eginak nituen BBKn, Kutxabank sortzeko fusioaren garaian… Baina Legazpira itzulitakoan, ez nuen moduko lanik aurkitzen, eta kiroldegian hasi nintzen igeriketa klaseak ematen. Gauzak horrela, eta hipotekarik ez neukanez, ezta neska-lagunik ere, 26 urte nituenean erabaki nuen Mexikora etortzea, zer gertatzen zen ikusteko. Orduan garai txarrak ziren lana aurkitzeko, baita nik bezala Zientzia Politikoak eta Marketin lizentziaturak edukita ere. Komertzial lana aurkitzen nuen bakarrik.
Zergatik aukeratu zenuen Mexiko?
Gurasoen lagun batzuk bizi ziren hemen, eta esan zidaten haien etxean ohea izango nuela behintzat, eta etortzeko, animatzeko. Sei hilabete egin nituen haiekin, eta gero nire kontura jarri nintzen. Lan bila hasi nintzen, baina iritsi nintzenean immigrazio legea aldatu berria zuten, eta alde horretatik gauzak zailduta zeuden. Aurretik, atzerritarrentzako errazagoa zen Mexikon lan egitea, turista gisa iritsi eta kontratu bat lortzea nahikoa baitzen. Baina lege aldaketarekin lana lortzeko lehenik enpresa bat aurkitu behar zenuen atzerritarrak kontratatzeko alta emandakoa, eta horrek zu kontratatzeko asmoa agertu. Nik laugarren hilabetean aurkitu nuen enpresa, baina Guatemalara atera behar izan nintzen egun batzuetarako, eta han Mexikoko enbaxadan elkarrizketa bat eginda lortu nuen azkenean lan kontratua eta lan egitea baimentzen zidan bisatua. Nahiko korapilatsua izan zen, egia esan.
Non hasi zinen lanean?
Bilboko Docor Comunicacion enpresan, eta bederatzi hilabetera, Iruñeko logistika enpresa batera pasatu nintzen. Han urtebete egin nuen, eta ondoren Villabonako beste enpresa batera joan nintzen, kartoizko trokelak egiten zituena. Bost urte igaro nituen han, eta orain Sustrai izeneko enpresan nabil. Oso euskaltzalea den madrildar bat da jabea, eta nekazaritzarako ongarri organikoak egiten ditu. Lantegia Sinaloa estatuko Culiacan hiriburuan dago, eta asko esportatzen dugu Estatu Batuetara eta Kanadara. Ni enpresako zuzendaria naiz, eta tomate, ahuakate eta horrelakoen negutegiak bisitatzen asko ibiltzen naiz. Gustuko lana dut, hemengo rantxeroekin tratatzea gustatzen zait.
Zuk non egiten duzu lan?
Bulegoa Mexico hirian daukat, etxean bertan, eta fabrikara urtean bitan-edo joaten naiz. Baina asko bidaiatzen dut. Queretarora, Pueblara, Veracruzera, San Luis Potosira, Jaliscora… joaten naiz, horiek direlako nekazaritza gune inportanteenak. Esan daiteke ondo ezagutzen dudala Mexiko. Lehengo lanean ere asko bidaiatzen nuen.
Nolakoa bizitza duzu hor?
Bikotekidea daukat, mexikarra, eta hirian nagoenean ohiko gauzak egiten ditut: gimnasioa, zinema, antzerkia… Beste etxe bat ere badut hondartzan, Oaxaca estatuko Puerto Escondidon, Pazifikoan. Cancun eta ezagunagoak dira, baina horiek oso turistikoak eta masifikatuak dira. Pazifiko aldeko herriak atseginagoak dira, hotel txiki politekin, indigena asko dago, eta Oaxacako kultura oso polita da. Etxetik bederatzi ordu behar ditut kotxean haraino, eta joaten naizenean bi astetik gora egiten ditut. Laster joango naiz, eta urtarrilaren hasieran itzuliko naiz. Han ere telelana egiten dut.
Amerika ere ezagutuko duzu.
Txile eta Argentina bai, han egin nuelako Erasmusa. Guatemalara ere pare bat alditan joan naiz, eta Kolonbiara joateko gogoa dut. Estatu Batuetara ez naiz joan, eta ez dut uste joango naizenik.
Legazpira etortzen zara?
Bai, urtero, hilabeterako, udan. Legazpiko uda garaia sumatzen dut faltan, lagun arteko bazkariak, festak… Beti gogoratzen ditut San Inazio auzoko jaiak. 16 urte nituenean sartu nintzen Gazte Asanbladan, eta asko gustatzen zitzaidan giroa, adin desberdineko jendea elkartzen ginelako, kuadrillakoak ez ginenak, musu truk jarduerak antolatzeko, horien artean San Inazio festak. Hori osoa polita iruditu zait beti.
Hainbeste urte eta gero, zer zara, mexikarra ala euskalduna?
Biak, erdia eta erdia. Euskaldun izatea ez da sekula joango, eta saiatzen naiz lotura mantentzen, Euskal Etxera joan eta adinekoekin egonda. Paperetan ez naiz mexikarra, egoiliar iraunkorra baizik. Lau urte egin eta gero lortutako izaera da, eta ez dit eskubiderik ematen bozkatzeko, adibidez; horretarako naziotasuna lortu behar duzu.
Hor geratzeko asmoa al duzu?
Momentuz, bai. Gurasoak, familia eta lagunak faltan sumatzen ditut. Gurasoak urtean behin etortzen dira. Lagunek etorriko zirela agindu zidaten, baina gutxi iritsi dira oraindik. Ea noiz etortzen diren.
Gustura zaude, orduan?
Bai! Mexikoko jendea oso dibertigarria da, txispa handikoa, zerbeza edo tekila batekin batez ere. Orokorrean oso langileak dira, eta oso kreatiboak arazoak konpontzeko. Janaria berezia da, oso ona, eta nahiko pikantea, baina behin ohituta, adiktiboa ere bada. Leku batetik bestera asko aldatzen da; oinarria arto tortillak dira, eta barrukoa aldatzen da bakarrik. Yucataneko eta Oaxacako janaria da gehien gustatzen zaidana. Baina horkoaz ere gogoratzen naiz, almejak eta kokotxak, adibidez… Arrain gutxi jaten da, eta oliba olioa ere ez da asko erabiltzen, oso garestia delako. Bestela, hango bizimodua eta hemengoa antzekoak dira ekonomikoki, hiriburuan batez ere, eta etxebizitza erostea edo alokatzea oso zaila da, soldatak ez direlako oso altuak. ■

