«Nire energiaren %90a Motz tabernan utzi dut»
Gaizka Oiartzabalek (Zumarraga, 1982) Motz taberna utzi du, 20 urteren ondoren. Bi hamarkada horietan makina bat kultur ekitaldi eta parranda egin dira Urretxuko taberna horretan. Oiartzabal oso gaztetan hasi zen ostalaritza munduan. Nekeak jota utzi du. Apirilaren 18an festa egin zuen Urretxun. Goierri Kirol Elkartearen egoitzan bazkaria egin zuten, eta ondoren Hot Dogs eta Eh Mertxe! taldeek gaztetxean jo zuten. Oiartzabalek bezeroen (lagunen) omenaldia jaso zuen, aurresku eta guzti. Ez zen bertsorik falta izan, noski.
Zer ikasketa egin zenituen?
Nahiko kaxkar ibili nintzen. REMeko lehen eta bigarren maila egin ondoren, ikasteari utzi nion. Tabernetan lan egiten hasi nintzen. Ondoren, soldadura ikastaro bat egin nuen, Oñatin modulu bat egiten saiatu nintzen baina ez nuen bukatu… penagarri.
Zein tabernetan lan egin duzu?
Urretxuko Osaba tabernan, Bergarako Deportivon, Legazpiko Arranon, Urretxuko gaztetxean, Motzen nik erosi aurretik, Eitzako txosnan, Eitza taberna auzoko jaietarako hartu nuen urte batzuetan…
Taberna bakoitzak bere izaera du.
Osaba, Legazpiko Arrano eta Motz antzekoak dira, baina Bergarako Deportivo herriko kirol elkarteen topagunea zen.
Non ikasi zenuen ofizioa?
Legazpiko Arranon. Orduan izan nintzen autonomo lehen aldiz, ordura arte zerbitzari soil gisa aritu bainintzen. Zerbitzaria izatea eta taberna bat kudeatzea oso gauza ezberdinak dira. Zerbitzari bezala edozein tokitan lan egin daiteke, baina bankuarekin negoziatzea, banatzaileekin negoziatzea, kontuak zuk zeuk eramatea… Hor ikasten da ostalaritza zer den.
Nola oroitzen duzu Legazpiko Arranoko garaia?
Pifo-k [Joseba Segurola], Xolomo-k [Jon Ander Moratinos] eta nik hartu genuen. 2000. urtetik 2002ra lan egin genuen. Gainontzeko tabernetan bezala, sekulako esperientzia izan zen eta oso aberasgarria pertsonalki. Proiektu pertsonal guztietan, Legazpin, Motzen eta gaztetxean, ekitaldiak antolatzeko aukera izan dut beti. Nire ukitua emateko aukera. Horrek asko aberastu nau.
Zein dohain behar ditu ostalari on batek?
Gaur egun, asko. Kontsumo ohiturak asko aldatu dira, bezeroak asko aldatu dira… Horrek asko erre nau. Nire ustez, lehen zerbitzariekiko errespetu handiagoa zegoen. Egun, zerbitzarien arazoak bost axola zaizkie bezeroei. Guk psikologo lana egiten dugu bezeroekin, baina gu apur bat ukituta gaudenean… ‘Ni ere pertsona naiz!’ pentsatzen du zerbitzariak. Exijentzia maila asko igo da. Jendeak 2,80 euro ordaintzen du garagardo baten truke, eta ez da konturatzen diru horren truke berogailua, komuna eta musika dituela. Hori guztia ez da baloratzen. Denok egoistagoak garela uste dut. Pandemiatik hona, asko aldatu dira gauzak. Terrazek indar handia hartu dute eta taberna barnealdeak garrantzia galdu du. Taberna barrualdea ezagutzen ez duten bezeroak eduki ditzakegu; komuna non dagoen ez dakiten bezeroak.
Kontsumoa ere asko aldatu da?
Horretan hobera egin dugu. Hemen beti eduki ditugu Vaya semanita telebista saiokoak bezalako poteatzaile kuadrillak. Hori oxigenoa izan da tabernentzat, baina desagertu egin da. Astean zeharreko poteoa desagertu egin da. Hori gure osasunarentzat ona izan da, baina ostalaritzarentzat txarra. Egungo gazteek astean zehar ez dute edaten. Kirol gehiago egiten dute. Asteburuan parean jartzen dieten guztia edango dute beharbada, baina astegunetan ez dute edaten. Hogei urtek askotarako ematen dute eta bezero asko hil zaizkit. Kuadrilla osoa, batzuetan.
Motz zure proiektu pertsonalena izan da.
Bizitza nonbaiten utzi badut, hemen utzi dut. Hemen emandako orduak, galdutako lo orduak, buruhausteak, buru-janak… Motz erreferentzia izatea nola lortu… Lortu nuela uste dut, baina lan handia egin nuen horretarako. Saiakera asko. Nire energiaren %90a hemen utzi dut.
Zer da Motz zuretzat?
Amets bat. Legazpiko Arrano taberna utzi nuenean 20 urte nituen, 18 urterekin egin nintzen autonomo, ez dakit hori oso normala den. Urte haietan gauza asko gertatu ziren eta oso markatuak geunden. Poliziaren jazarpena jasan genuen. Nire buruari zin egin nion ez nuela berriro taberna bat edukiko. Tailerretan lan egin nuen, eta berehala konturatu nintzen hori ez zela nire mundua. Tailerretan robot bat nintzela sentitzen nuen. Orduan, Motzen zerbitzari hasi nintzen. Lau urteren buruan, gehien gustatzen zitzaidana ostalaritza zela konturatu nintzen eta Motz ireki nuen. Orain erabat nazkatuta nago, ordea.
Dagoeneko nazkatu egin zaren arren, tabernako lana tailerrekoa baino aberasgarriagoa dela uste duzu.
Jendearekin hitz egiteko aukera ematen dizu. Motzen jende asko ezagutu dut eta hori oso aberasgarria izan da: inoiz beraiekin hitz egitea espero ez nuen jendea, asko irakatsi didan jendea, berriro ikusi nahi ez dudan jendea…
Zergatik nazkatu zara?
Gauak nazkatu nau, batez ere. Umeak eduki nituenetik, oso gogorra egin zait gauez lan egitea: umeekin egoteko aukera ez izatea… Arratsaldeko seietan irekitzen hasi nintzen, baina motz gelditzen zitzaidan. Familian, eguna erditik mozten nuen. Donostiara joaten ginen, baina seietan taberna ireki behar nuen. Gogorra egin zait. Eta gaua, zer esanik ez. Etxera goizeko bostetan joan eta hurrengo egunean porru eginda jaiki… Dagoeneko ez ditugu 20 urte. Espidifena behar dugu berandu oheratzen garen bakoitzean.
Motz beste norbaitek ireki behar al du?
Bai. Irekitzen duenean izango duzue bere berri. Ekainerako-edo irekiko duela pentsatzen dut.
Orain arte ostalaritzaz hitz egin dugu, baina Motz taberna hutsa baino gehiago izan da. Makina bat ekitaldi antolatu duzu.
Sei urtetan 300 bat emanaldi egin nituen: kontzertuak, bertso saioak, bakarrizketak, antzerkia… Horretaz gain, Zarraparrarekin ekitaldi asko antolatu ditut. Kontzertuak, bi jaialdi urtero… Guztira 500 bat ekitaldi antolatuko nituen.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun uneren bat?
Askotan galdetzen didate hori. Une berezi asko gogoratzen ditut. Hainbeste ekitaldi antolatzen dituzunean… Igor Elortza eta Unai Iturriagaren bertso jaialdia askotan gogoratzen dut. Inauteriak ziren eta denok mozorrotuta geunden. Muturbeltzen azken kontzertua, Northagirresen lehen diskoaren aurkezpena, Belakoren kontzertua ezagunak egin aurretik, Moonshine Wagon taldearen kontzertua… Talde askoren arrakastaren parte sentitzen naiz. Talde ezagun askok taberna txikietan egin zituzten beraien lehen kontzertuak. Taberna txiki hauek gabe, ez ziren iritsiko iritsi diren tokiraino. Baina zirkuitu hori deuseztatu egin zen. Elizondon, Donostian, Tolosan, Urretxun… kontzertuak antolatzen zituzten tabernak zeuden eta kontzertuak egiteari utzi diogu araudia zorroztu delako, bizilagunen kexengatik… Isun asko ordaindu genituen kulturaren eta musikaren alde.
Zer esan dizu jendeak?
Jendea penatuta dago, espazio bat galduko baita. Nire alabak ere ez zuen nahi taberna ixtea. Berarekin denbora gehiago egotea nahi du, baina ez taberna ixtea. Nik neuk ere ez dut sinisten. Nire burua birkokatu behar dut. Baina fisikoki eta psikologikoki behar nuen, taberna itxi beharra nuen. Eta seme-alabak… Orain edo inoiz ez. Sei urte barru ostikada emango didate.
Apirilaren 18an amaiera festa egin zenuen eta omenaldi hunkigarria eskaini zizuten. Bezeroei, lagunei, zerbait esan nahi al diezu?
Eskerrak eman nahi dizkiet, noski. Oso maitatua sentitu nintzen. Egun osoa borobila izan zen, goizetik gauera arte. Ez dut inoiz Motz taberna hain beteta ikusi, ezta Urretxuko jaietan ere. Motzek oso bezero fidela zuen erakusle da. Festa antolatzeko orduan zailtasun asko jarri zizkidaten, eta dena horren ondo ateratzea mahaian ukabilkada jotzea bezala izan zen. ■

