«Gorputzak uzten didan bitartean, zergatik ez jokatu?»
Aitor Esnalek (Arrasate, 1972) Goierriko bi talde nagusietan jokatu zuen: Beasainen eta Urolan. Oraindik futbolean jokatzen du. Zumarragako musika bandako kidea eta txistularia ere bada.Esnalek futbola utzi zuen unibertsitate ikasketak hasi zituenean, baina ondoren itzuli egin zen eta Beasainen eta Urolaren urrezko garaiak ezagutzeaz gain, Bizkaiko Barakaldo taldean jokatzeko aukera izan zuen.
Arrasaten jaio zinen.
Aita Urretxukoa zen eta ama Zumarragakoa, baina aitak Fagorren lan egin zuen eta Arrasaten jaio nintzen. 2-3 urte nituenean Zumarragara etorri ginen. Zumarragarra sentitzen naiz.
Kimika ikasi zenuen.
Nire umetako ametsa, Realean jokatzeaz gain, ikertzailea izatea zen. Hori dela eta, Kimika ikasi nuen Donostian. Ondoren, doktorego tesia egin nuen, beste bost urte, kimika organikoko laborategian. Ikerketa hori ez zetorren bat nik buruan nuenarekin. Garai hartan musika bandako lehendakaria nintzen eta EAJkoek bilera batera deitu ziguten. Juanjo Sagarnak bere enpresarako jende bila zebilela esan zuen eta hitza hartu nion. Hala, Irnasa izeneko aholkularitzan hasi nintzen. Ordutik, kalitate, ingurugiro eta segurtasun arloan lan egin dut kontsultari bezala. Horretaz gain, kanpo prebentzio zerbitzua muntatzeko beharra genuen eta Premank sortu genuen. Ez dago zientziarekin oso lotua, baina gustatzen zait. Gainera, enpresak barrutik ezagutzeko aukera ematen dit eta hori oso interesgarria da. Medikuntza eta ikerkuntza mundua beti gustatu izan zait eta nire alaba Medikuntza ikasten ari da. Asko pozten nau.
Beti izan al zara kirolzalea?
Bai. Nire ametsa kirolari profesionala izatea izan da, Joko Olinpikoetan parte hartzea… Hasieran, futbola, pilota eta atletismoa egiten nuen. Saskibaloia ere asko gustatzen zait. Nire aita Goierri taldeko entrenatzailea izan zen. Baina futbolean moldatzen nintzen hobekien. Kirola egitea ikustea baino gehiago gustatzen zait: ping-pong, tenis, saskibaloia, eskubaloia… dena gustatzen zait. Beisbola probatu behar bada, beisbola probatzen dut.
Zenbat urterekin hasi zinen Urolan?
Haur mailan. Gazte mailan, 18 urterekin, unibertsitateko ikasketak hasi nituenean, Urola utzi nuen. Unibertsitatean talderen bat aurkituko nuela uste nuen, baina erabaki txarra izan zen. Unibertsitatean klasekoekin jokatzen nuen, baina areto futbol txapelketak, hondartzako txapelketak… ziren. Lagunek futbolera itzultzeko esaten zidaten eta Urolak bigarren taldea atera zuenean, unibertsitateko hirugarren mailan edo, Urolara itzuli nintzen. Martin Agirre zen entrenatzailea. Bigarren Erregionaleko txapelketa jokatu eta irabazi egin genuen. Mitxel Badiolak ere talde hartan jokatu zuen, Beasaindik bueltan. Baita Anianok, Mediavillak… ere. Lehen taldetik deitu zidaten, beraiekin entrenatzeko, eta hurrengo denboraldia lehen taldearekin egin nuen, Hirugarren Mailan.
Ondo moldatzen al zinen entrenatzeko?
Donostian bizi nintzen. Noizean behin EHUko taldearekin entrenatzen nuen eta ostiraletan Zumarragara etortzen nintzen entrenatzera.
Ondo moldatu al zinen Hirugarren Mailan?
Oso polita izan zen. Urte batean seigarren postuan gelditu ginen. Beste urte batean, berriz, nahiko atzean gelditu ginen. Normalean lau talde jaisten ziren, baina urte hartan euskal talde asko jaitsi ziren Bigarren B mailatik Hirugarren Mailara eta Hirugarren Mailatik zazpi jaitsi ginen. Ez genuen denboraldi txarra egin, baina gauzak ez ziren egoki etorri.
Zer egin zenuen ondoren?
Uda hartan Barakaldoko Alfonso del Barrioren deia jaso nuen. Ordura arte Hirugarren Mailako Zamudio taldeko entrenatzailea izan zen eta beraien aurkako partidan nola jokatu nuen asko gustatu zitzaiola esan zidan. Hori dela eta, berarekin Barakaldora joatea nahi zuela esan zidan. Barakaldo Bigarren B mailan zegoen. Nik 24-25 urte nituen eta doktorego tesia egiten ari nintzen. Egunero Barakaldora joan beharra nuen, baina animatu egin nintzen. Barakaldon futbolaz ez nekiela ia ezer konturatu nintzen. Urolan beste era batera jokatzen genuen: euskal futbola, baloia gora, Mitxel beti zegoen han baloia jaisteko eta gola sartzeko… Futbol anarkiko samarra zen. Barakaldon kontzeptu modernoagoak zituzten. Zonan jokatzea, adibidez. Denboraldi zaila izan zen, entrenatzaileak beste jokalari batzuk gogokoago baitzituen. Nire postuan Lehen Mailatik zetorren Imanol Ibarrondo zegoen. Haiengandik ikasten saiatu nintzen eta denboraldi amaieran gehiago jokatu nuen. Lehen postuan bukatu genuen denboraldia eta ondoren Bigarren Mailara igotzeko jokatu genuen, Espanyol B, Deportivo B eta Huelvako Recreativorekin. Recre igo zen. Oso esperientzia polita izan zen. Deportivo Bren aurkako partidan azken 10 minutuak jokatu nituen Riazor futbol zelaian. Hankako behatz txikiko atzeko hezurra hautsi nuen eta ezin izan nuen gehiago jokatu. Entrenatzaileak «deituko dizugu» esan zidan, baina oraindik ez dit deitu.
Zer egin zenuen?
Lagunek Beasain taldeko jokalari batzuk futbola utzi behar zutela esan zidaten, lehendakariarekin hitz egin nuen eta fitxatu egin ninduten, nahiz eta hankan igeltsua nuen oraindik. Lau denboraldi jokatu nituen Beasainen, oso gustura, etxetik gertu. Egunero entrenatzen genuen. Seguru aski, aurrekontu txikiena genuen taldea ginen. Oso denboraldi politak izan ziren. Goian ibili ginen. Laugarren denboraldian hernia diskala izan nuen, baina jokatzen jarraitu nuen. Zoritxarrez, Hirugarren Mailara jaitsi ginen. Promozioa jokatu genuen. Entrenatzaileak oso erabaki aldrebesak hartu zituen eta bi partidak galdu genituen.
Hernia diskala zenuela esan duzu. Horrek futbola uztera behartu al zintuen?
Zamoratik eta Huescatik deitu zidaten, profesional moduan jokatzeko. Baina sekulako mina nuen eta ezin nuen jokatu. Bi urte eman nituen futbolean jokatu gabe. Baina kirola egiteko premia nuen. Urolako lagunek Futbol 7 txapelketak jokatzen zituzten Knauf taldearekin eta beraiekin jokatzen hasi nintzen. Knauf taldearekin oso urte politak izan genituen: Euskadiko txapeldunorde, Espainiako txapeldunak… Oraindik futbolean jokatzen jarraitzen dut. Egun, Etxarre taldean jokatzen dut. Udalak goiko futbol zelaiko giltzak utzi dizkigu, eskertzekoa da, eta 32 bat lagun elkartzen gara ostegunero futbolean jokatzeko. Asko, beste herrialde batzutatik etorritakoak dira. Sekulako giroa dugu. Nire ihes-balbula nagusia da: korrika egin, buila egin, barre egin…
Beteranoena al zara?
Beteranoena Francis Mendiluze da. 61 urte ditu. Gurekin jokatzen du, Etxarre taldean. Futbola beste inork baino gehiago bizi du. Sekulako inbidia ematen dit. Sekulako gorputza du.
Paco Floresek 58 urte ditu eta gurekin jarraitzen du. Ni hirugarren zaharrena naiz, Jose Carlos Ibarzabal eta Iñaki Damianekin batera.
Luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Aitak uzteko garaia zela esaten zidan beti. Aita hil zen eta hemen jarraitzen dut… Gorputzak uzten didan bitartean, zergatik ez jokatu? Etxean dagoeneko ez didate ezer esaten.
Urolan, Beasainen eta Barakaldon jokatu duzu. Talde bakoitzak bere izaera al du?
Noski. Urola herriko taldea da. Hori da bere ezaugarri nagusia. Herriko gazteei gustatzen zaien kirola egitea ahalbidetzen die. Barakaldok, berriz, ikuspegi profesionala du. Izan ere, Barakaldo hiri bat da. Beraiek Bizkaiko bigarren taldea dela esaten dute eta hala da. Barakaldon urte polita bizi izan nuen eta asko ikasi nuen. Taldean lau gipuzkoar ginen eta elkarrekin joaten ginen entrenatzera. Talde profesionala zen. Sestao desagertu zeneanjokalari asko Barakaldora joan ziren. Futbola beraien ogibidea zen eta hilero dirutza irabazten zuten. Exijentzia handia zen. Kale bat egiten zenuenean, «uuuuuu…» entzuten zen. Beasain, berriz, goi mailan dago, baina herriko izaera du. Gipuzkoako hirugarren taldea izan da, Realaren eta Eibarren ondoren. Gipuzkoako jokalarien selekzio txiki bat zen. Entrenatzaileak profesionalak ziren. Baina herri bateko taldea da. Eta jarraitzaile fidelak ditu.
Partida gogoangarriak jokatu zenituen. Beasainek Reala Kopatik kanporatu zuenekoa, adibidez.
Kopa aldatu egin zen eta Bigarren B eta Hirugarren Mailakook Kopa jokatzeko aukera genuen. Horrek partida bereziak jokatzeko aukera ekarri zuen. Barakaldorekin Osasunaren aurka jokatu genuen. Garai hartan Osasuna Bigarren Mailan zegoen. Entrenatzaileak etxeko partidan ordezkoak jarri zituen. 1 eta 0 irabazi genuen. Itzulerako partidan, kanporaketa gainditzeko aukera zegoela eta, titularrak jarri zituen. 4 eta 0 galdu zuten. Azkeneko minutuetan gutxiago jokatzen genuenoi jokatzeko aukera eman zigun. Hala, Sadarren jokatu nuela esan dezaket. Indar Gorrikoek txundituta utzi ninduten: nola animatzen zuten! Beasainekin, berriz, Benidorm, Eibar eta Realaren aurka jokatu genuen, besteak beste. Eibar eta Reala kaleratu egin genituen. Realaren aurkakoa Santa Lutzi egunean izan zen, Beasainen. Garai hartan zinegotzia nintzen, Santa Lutzi eguneko betebehar guztiak egin nituen eta ondoren partida jokatu nuen. Jankauskas markatu nuen. Sekulako partida jokatu genuen eta Realari irabaztea lortu genuen. Ondoren, Zaragozaren aurka galdu egin genuen. Toro Acuña eta abarren aurka jokatu genuen. Realaren aurka gehiagotan ere jokatu dut. Aurredenboraldian Realaren aurka jokatzen genuen eta behin gola sartu nuen. Asper zen Realeko atezaina.
Jankauskas aipatu duzu. Zein da defendatzea tokatu zaizun jokalari onena?
Askotan, nire taldekideak. Egoitz Sukia, adibidez. Indartsua eta azkarra zen, goitik eta behetik jokatzen zuen. Gehien gustatzen zaizkidan aurrelariak, niretzat aldrebesenak direnak, Lukakuren m0dukoak dira. Azkarrak dira, indartsuak dira, goitik ondo moldatzen dira… Aurrelari txikiek ere lan handia ematen dute. Askotan bigarren taldeen aurka jokatzen genuen. Adurizen aurka jokatu nuen, baina ez dut gogoratzen. Oraindik ume mokoa zen eta guretzako horiek markatzea erraza zen. Oso ondo jokatzen zuten, baina guk 28 urte genituen eta beraiek 17. Indarra, gorputza, baliatzen genuen beraien aurka.
Asko gustatzen zaizun atzelari bat?
Goitik ondo doazenak, indartsuak eta azkarrak. Lehen mailan asko daude. Jon Martin gustatzen zait. Bere garaian, Mikel Labaka ere bai.■
Zaletasun askoko gizona
Aitor Esnal futbolagatik da ezaguna Goierrin, batez ere, baina musikaria ere bada, hamaika zaletasun ditu eta Zumarragako zinegotzia izan zen. Atal honetarako aukeratutako argazkian, bere barku txikian ageri da. Erlaxatu nahi duenean, itsasora joaten da arrantzatzera.
Zaletasun asko ditu. «Nire harrikadari jarraituz, egurrarekin eskulturak egiten eta idazten saiatzen naiz. Mendira joatea ere asko gustatzen zait. Zaletasun gehiegi ditut…». Horretaz gain, musikaria da. Oboea eta txistua jotzen ditu. «Musika bandan jotzea ere asko gustatzen zait. Laneko kontzentrazioarekin inongo zerikusirik ez duen kontzentrazioa eskatzen dizu. Kirolaren modukoa da. Partida batean bezala, taldeari ekarpena egitea oso polita da. Ostiral gauetan entseatzen dugu. Nahiz eta ordurako nekatuta nagoen, entseguen ondoren, merezi izan duela pentsatzen dut beti. Oso gustura nago. Kosta egingo zaie ni botatzea. Ikastea, entseatzea, kontzentratzea… eskatzen du, baina emaitza sekulakoa da. Zumarragako jaietan Kalakan taldearekin egin genuen kontzertua, adibidez, oso polita izan zen».
Bestalde, 1999-2003 agintaldian Zumarragako zinegotzia izan zen EAJrekin. «Urte politak, bereziak eta tristeak izan ziren. Denetik izan genuen. Polita izan zen, ETAren su etenarekin batera hasi baikinen. Nire alderdiko (EAJ) lehena joan nintzen eta alkatetza lortu genuen, EArekin batera. Gobernua guk, Euskal Herritarrokek eta Ezker Batuak osatu genuen. Kirolak, Kultura, Jaiak eta Gaztedia batzordeaz arduratzen nintzen. Ez nuen ezer kobratzen. Lanean eta futbolean jarraitzen nuen. Gaztetan egin daitezkeen horietakoak… Nire ustez, denok izan beharko ginateke zinegotzi bizitzan behin», aipatu du.
Agintaldi erdian ETAk su etena hautsi zuen eta Zumarragako gobernua ere hautsi egin zen. Ondoren, ETAk Manuel Indiano Zumarragako PPk zinegotzia hil zuen. «Horrekin sekulako aldapa behera hasi zen: PSEko zinegotziek zinegotzi izateari uko egin zioten, Euskal Herritarrokeko zinegotzi batek kargua utzi zuen… Gestora bat sortu zen eta urte txarrak pasa genituen».


