Erasmus+ak bere burua ezagutzeko balio izan dio Irastorzari
Batxilergoko lehen urtea hasi berri du, Beasaingo Txindoki institutuan, Atziri Irastorzak (Ataun, 2010). DBH 4ko lehen lauhilekoa Corkeko Edmund Rice College-en (Irlanda) egin zuen, Erasmus+ programari esker. Esperientzia horrek guztiz aldatu du ataundarra.
Erasmus+ programa egiteko aukera ematen dio DBH 4ko ikasle bati Beasaingo Txindoki institutuak. Cork-en (Irlanda) egiten da DBH4ko lehen lauhilekoan, irailetik abendura. Aurreko ikasturtean Atziri Irastorza ikasleak egin zuen.
Ingeleseko ahozko eta idatzizko froga egin behar izan zuela adierazi du Irastorzak: «30 ikasle aurkeztu ginen, eta inolaz ere ez nuen pentsatzen horrenbeste jenderen artean niri egokituko zitzaidala».
Cork-era, 2025eko abuztuaren 25ean, iritsi zela adierazi du Irastorzak. Bertako familia baten etxean pasa zuen hango denbora, eta Edmund Rice College ikastetxean ikasi.
Familiarekin «oso harreman ona» egin zuen ataundarrak. Oso oroitzapen politak ditu, batez ere, «afaltzera» mahaian esertzen ziren uneetakoak: «Nire host moma [harrera-ama] oso barregarria zen, eta bion artean sekulako barreak egiten genituen». Momentu horiek «egunak alaitzen» zizkioten Irastorzari.
Irlandarren kultura
Eskolan, gazteak, «hemen baino askoz formalagoak» direla aitortu du Irastorzak: «Hemengo klaseak aztoratuagoak izaten dira». Horretaz gain, hango ikastetxeko gaitegia «praktikotasunean» oinarritzen dela dio: «Ikasgai bat bagenuen, Life Skills [Eguneroko bizitzarako trebetasunak], sukaldatzen erakusten zigutena». Akademikoki ikasgai batzuetan «aurreratu» egin zuela hemengo gaitegiarekiko eta beste batzuetan «atzeratu» azaldu du ataundarrak.
Ikastetxearen beste programa batean, «lan bat bilatu behar nuen denbora murritz baterako». Egitasmo horren helburua ikasleek lan bat bilatzeko prozesua ikastea zen. Irastorza aste bete aritu zen lanean bere etxe alboko kafetegi batean.
Irlandan urtero egiten den Ploughing Championship [Goldatze Txapelketa], nekazaritzako txapelketan eta erakustaldian izateko aukera ere izan zuen Irastorzak: «Itzela iruditu zitzaidan traktoreak lurra goldatzeko lehian ikustea».
Eboluzio pertsonala
Etorkizunean Erasmusa «berriro» egingo duela «ziur» dauka ataundarrak esperientzia «aberasgarria» iruditu zaiolako: «Bakarrik egoteak nire burua gehiago ezagutzen irakatsi dit». Gaineratu du itzulera «arraroa» egin zitzaiola: «Hemen denak berdin jarraitzen zuenez, ematen zuen ez zela ezer pasatu». Aldaketa, ordea, «barrutik» zeramala dio Irastorzak.
Bertako lagun eta familiarekin harremana «mantentzen» duela nabarmendu du Irastorzak. «Itzuliko naiz Cork-era egunen batean». ■

