Bi lagunen pasioa marka bihurtuta
Iker Dorronsoro eta Xabier Martin beasaindarrak, Bogga bisera banarekin. BOGGA Xabier Martin eta Iker Dorronsoro beasaindarrek Bogga marka sortu dute. Modarekiko zaletasuna partekatzen dute, eta ideiak biseretan bihurtzen dituzte. Sortzen ondo pasatzea dute helburu.
Boga hitzak baditu bi adiera. Aurreraka arraun egitea da bata. Itsasertzeko haitzetan baltsetan bizi den bisiguaren familiako arraina da bestea. Ba itsasotik Oria ibaian gora joanda, badago hirugarren esanahi bat eman dioten bi gazte, ahoskera berarekin baina hizki bat gehituta: Bogga marka sortu dute Xabier Martin eta Iker Dorronsoro beasaindarrek. Biserak ditu oinarrian proiektuak, baina kamisetak, galtzerdiak eta poltsak ere egin dituzte.
«Markaren oinarria biserak dira, baina argi genuen beste hainbat gauza diseinatu eta atera nahi genituela, ondo pasatzeko egiten dugu eta pasio gisa», azaldu dute. 2025eko abenduan Bogga Instagram kontua jarri zuten martxan. Bi lagunen arteko konbertsazio batetik sortu zen ideia, eta hutsune batetik abiatuta ekitea erabaki zuten: «Bion artean aspalditik genuen hitz eginda nola gustatuko litzaigukeen geure arropa marka sortzea, biseretan bereizgarria izango zena. Biserak erosi partez, guk egiteko aukera edukitzea. Eta ez zegoen inguruan biseretan bereizgarria den markarik».
Kuadrilla berekoak dira, eta txikitatik partekatzen dute modarekiko zaletasuna. «Kirol arropaz hitz egiten genuen umetan, eta gero zaletasun hori handitzen joan da». Hori da oraingoz proiektua beraientzat: afizio bat, hobby bat. Azaldu dutenez, hasieratik bien asmoa izan da «ondo pasatzea», eta gaur egun ere asmo horrekin jarraitzen dute. «Gure ideiak biseretan bihurtzea izan da helburua, arropa sortu eta ondoren sortutako hori jendeari gerturatu markaren bitartez».
Bakoitzak bere ogibidea du, modarekin edo zuzenean sormenarekin «zerikusirik ez dutenak», eta tarteak dituztenean aprobetxatzen dute sormenari ekin eta ideiak buru-estalkietan edo bestelako moda osagarrietan bihurtzeko.
«Drop» eredua erabiltzen dute
Beste ekimen asko bezala, kafe baten bueltan hasi zen dena. Eta beste ekimen asko bezala, ideia-jasa edo brainstorminga izaten da abiapuntua proiektua garatzeko. Hitzordua egin eta «ideiak botatzen» dituzte aurrena: «Ondoren diseinuak eta koloreak eztabaidatu, gero hornitzaileekin hitz egiten dugu, kantitatea, prezioak, materiala, neurriak… Horren arabera produkzioa hasten da, produktuak testatu eta kaleratzea prestatzen dugu, argazkiak, marketing-a…». Azken urteetan ohikoa bilakatu den salmenta eredu bat erabiltzen dute: arropa sorta bat, kantitate gutxikoa, txandatan banatuta, eta leku zehatz batean saltzen dena epe labur batez. Dropak. Nortasuna ematen diete modu horretan produktuei, esklusibotasun puntu bat. «Estiloa, nortasuna eta kalitatea» daude haien egiteko eraren eta sorkuntzaren emaitzaren ardatzean.
Produktua pentsatzetik kaleratu eta sustatu arteko lan guztia beraiek egiten dute. «Ez ditugu rol markatuak». Planifikazioa egiterakoan, denetik egiten dute biek, «diseinuak, sare sozialak, bezeroekin harremanak, produkzioaren jarraipena…».
Halere, pauso guztiak biek jarraitzen dituzten arren, badituzte batek eta besteak gustukoago dituzten zereginak, eta horren arabera egin ohi dute banaketa: «Bakoitzari errazagoak egiten zaizkion gauzak daude, baina orokorrean denetik egiten dugu elkarren artean». Laguntza ere jaso izan dute: «Kuadrillakoek eta inguruko lagunek lagundu digute webgunearekin eta argazkiekin, eta oso eskertuta gaude».
Izena eta nortasuna
Lehorrekoak dira,beasaindarrak. Baina euskaldunak. Eta euskal kulturan itsasoak garrantzi handia izan du. Oria ibaitik Kantauri
itsasora. Boga hitzaren arraun aurrera egiteko adierari egin nahi izandiote erreferentzia hautatutako marka izenarekin. Zalantzak izan zituzten aukeraketa egiterakoan, baina garbi zuten euskalduna izan behar zuela: «Izen garbi bat nahi genuen, eta euskalduna. Hainbat eztabaida eta gero Bogga izena atera zitzaigun. Kirolarekin lotua dago, itsasoarekin, beraz esanahi indartsua du».
Izenak nortasunarekin lotura estua izan zezan nahi zuten. Eta euskarak ematen die nortasuna haien esanetan. «Nortasun euskaldun argia» dutela diote. Sareetako edukia euskaraz egiten dute, eta haiek euskaldunak diren heinean eta euskal kulturatik edan duten heinean, diseinuetan ere hori islatzen dute. Horrela azaltzen dute haien webgunean: «Euskal Herriko paisaietatik, lagunarteko momentuetatik eta kanpoan bizitzeko gogotik abiatuta gure erritmoan eraikitzen ari gara marka». Horrez gain, «kaleko nortasuna» aldarrikatu dute, «kirolaria, lagunartekoa eta dibertigarria».
Helburua, ondo pasatzen segitzea
Inspirazioa «ingurutik» hartzen dute, «lagunengandik, kaleetatik, kostaldetik eta momentu sinpleetatik». Bueltan jaso dutena «zoragarria» izan da haientzat: «Lehenengo egunetik bultzada handia sentitu dugu. Guk ateratako biserak eta produktuak jendeari asko gustatu zaizkio eta orain arte ia dena agortu zaigu segituan. Oso-oso eskertuta gaude».
Lanean jarraitzeko, sortzen jarraitzeko eta batez ere ondo pasatzen eta pasioaz gozatzen jarraitzeko asmoa dute, baina beraien erritmoan. Haiek dira patroi. Ez dute bestelako helbururik: «Ondo pasatzeko eta ikasteko hasi ginen, orain jende asko dugu atzean egunero jarraitzen eta animatzen gaituena. Gauza oso polita bihurtzen ari da, ea noraino eramaten gaituen honek. Gure ilusio handiena kalean jendea Boggaz jantzita ikustea da». ■


