Ataungo pilota aparretan
Ataunen 54 haur eta gazte dabiltza gaur egun pilotan trebatzen, federatutakoen maila guztietan. / Aimar Maiz
Lau pilotari profesional ematearen ezohikotasun miresgarria du Ataunek. Hiru hamarkadatan herrian harrobia sortzen, elikatzen eta lantzen egindako lanaren emaitza dira. Denei aukera eskaintzen jarraitzen du Ataungo Pilota Eskolak.
Arrakastaren distiraren atzean, ia beti bezala, itzalean geratu ohi den lan isila egon ohi da. Ez da salbuespena Ataungo pilotaren kasuan. Esku huskako lau pilotari profesionalekin, Euskal Herriko harribitxien harrobi oparoena da gaur egun. Bakarkako lanarekin eta dohainekin batera –hortik ere asko baitauka pilotak–, herriko pilota eskolan eta kirol hori bultzatzen dutenen jardunari begiratu behar zaio, urrezko aroaren arrazoiak argitzeko.
Bat baino gehiago baitira eragileak. Bat, Auzoeta frontoi berriaren irekiera 1991n, eta hura Joxemiel Barandiaran Herri Eskolaren ondoan eraiki izana. Bi, azpiegiturei zukua ateratzeko erabakimena izan zutenak. Jexux Goikoetxea Goiko irakasle erretiratua da horietako bat, eta pilota zaletasuna zabaltzeko eskolako errekreo garaietan pilota txapelketa antolatzea otutzea bestea. «Pilota bultzatu behar genuela eta, pilota txapelketa martxan jarri genuen. Abantaila genuen, errekreo garaian ume guztiak harrapatzen genituela», gogoratu du Goikok.
Baina zer egiten den bezain garrantzitsua da nola egiten den, eta «era berezian» sortu zuten txapelketa hura Goikok eta Ikastolen Elkarteko kirol gaietan zebilen Joxean Unsainek. Mutil eta neska, denetik nahasian; hiruko taldeak, pilotari on, erdipurdiko eta txarrak tartean sartuta; tantoa galtzen zuenak aterako zuen hurrengo sakea; bost partida, 5 tantora; eta pilotariek bere tankerako mailakoen aurka jokatuko zuten beti, «inoiz ez onak txarraren aurka».
«Helburua beti berdintasuna eta umeek gustukoa izatea izan dira, azaldu du Goikok metodo berriaren oinarria. «Urteroko irabazleen zerrenda apuntatuta daukat, eta Jon Anderrek [Albisu] edo Iraitzek [Zubizarreta], adibidez, ez zuten beti irabazten. Orain haiei esaten diet, ‘ez zenuten beti irabazten eh!’. Pilotari onek bi partida bakarrik jokatzen zituzten. Dena kalkulatuta zegoen».
Ondorioa zaletasuna, haurrengan ilusioa eta pilota-gogoa piztea, eta guzti-guztiek domina bana jasota beharrik gabeko ozpinik ez edatea izan ziren. Gaur egun jarraitzen du txapelketak, eta 2. mailatik gorako 80 bat haurrek parte hartzen dute. Ekainaren 18an jokatuko dituzte aurtengo finalak, eta han izango dira herriko lau gizonezko profesionalak eta gonbidatutako bi emakume.
Pilota eskolaren sorrera
Ataungo lau pilotari profesionalak, apirilaren 24an, Auzoetan: Iraitz Zubizarreta, Beñat Zubizarreta, Beñat Senar eta Jon Ander Albisu. / Mikel Albisu
Beste mugarri garrantzitsu bat, Ataungo Pilota Eskolaren sorrera izan zen. Ataun Kirol Elkartea aurretik bazegoen, bere garaian futbol taldea egon zenetik, eta areto futbola ere bazegoen. Auzoeta eraiki zenean, pilotaren «gabezia» ase nahian, 1992-1993 aldera sortu zuten haren saila, elkartearen estatutuak aldatuta. Mendikoa ere jaio zen.
«Gehien bat, helburua zen ahalik parte-hartze gehiena herriko jendearekin lortzea. Pilota sustatu bai, baina ez maila bilatuz, parte-hartzea bilatuz baizik», gogoratu du ordurako Eskola Kirolaren arduradun zen Pako Urrestarazuk.
Ondo pasatu, pilotan jolastu, parte hartu… bai. Baina teknika ere landuz. «Hasieratik jarri genuen entrenamenduak ahal dela teknikoak izatearena, eta beti bilatu genituen orduan ere monitore kualifikatuak. Neskak palan ibiltzen ziren, eta Maider Mendizabal bat ekarri genuen haiek entrenatzea, eta Federazioaren bidez Emakumea Pilotari proiektuan ere sartu ginen», dio Urrestarazuk.
Pilota eskolaren filosofia parte-hartzailea eta orokortasunaren aldekoa beti ez da gozoa eta denengandik onartua ere izan. «Baina ahal den ume gehien edukitzen saiatu gara beti. Filosofia ez da izan bi onenekin taldea egitea, denek jokatu ahal izateko konbinazioak egitea baizik».
Urrestarazu 2017an jubilatu zen, eta Ataungo Pilota Eskolaren lema oraingo zuzendaritzakoek hartu zuten, lehendik erakusle zebilen Eneko Imaz pilotari izandakoaren inguruan ardaztuta eta boluntario gehiago erakarrita.
Hala, gaur egun Imaz da elkartearen lehendakaria, eta Iñigo Alzua, Iraitz Zubizarreta eta Josu Munduate prestatzaileekin osatzen du taldea. «Hasieratik oso ondo konpondu gara. Entrenatzaile lizentziak atera, eta poliki-poliki bidea egin dugu 2018tik», berretsi du Alzuak Auzoetako kantxan, pasaitarra jaiotzez eta arraunean ibilia, takoak itsatsi eta haur saldo batekin entrenamendua hasi aurretxoan.
Kategoria guztietan lanean
Gaur egun, Ataungo pilota eskolan 54 neska-mutiko dabiltza –mutilak nabarmen gehiago–. Kategoria federatu guztiak estaltzen dituzte: seniorren 2. Mailan daude zaharrenak, jubenilak, kadeteak, eta infantilak; hortik behera, alebinen eta benjaminen emaria. «Osasuntsu gaudela esan dezakegu. 1.700 biztanleko herri txiki bat izateko, egundoko garaipena da, zeren ez da hain erraza umeak edukitzea eta kategoria guztiak estali ahal izatea», gehitu du Alzuak.
Urrestarazuren-eta garaiko lehenagoko makur bera errepikatzen da gaur ere: infantil mailara arte partaide kopuru bikaina izaten bada ere, hortik gora hasten dira ezinak, murrizketak eta komeriak. «Klub denetan pasatzen da: ume mailetan asko dabiltza, baina infantiletan pilota mistoa eta tokekoa sartzen da. Hor hasten dira eskuko minak, takoak jartzeko pazientzia behar da… eta herri txikietan pilotari bakarra, bi gelditzen dira kadete eta jubenil mailetan, jada pixka bat eman behar dutenean, eta entrenatzeko herren», azaldu du Imazek.
Jolasetik jokora pasatzen denean kirol oro bezala, «exijentea» baita pilota ere. «Kirol zaila da, bakarrik zaude, asko jota binaka, eta ez da futbol talde batean bezala, lagun ugari, talde giroa… Ondo bazabiltza, oso ondo; baina gabeziak ere izaten dira, eta bolada txarrak iristen direnean, hori asimilatzea kostatu egiten zaie, oraindik umeak baitira 12, 13 edo 14 urterekin», gaineratu du Alzuak.
Kide ugaritasunak zabaltzen du zaletasuna, baina kirol arlo hutsean aurrera egiteko ere ezinbestekoa da. Kadete mailan elkartean eustea da orain erronka. «Orain profesional direnekin lehenago hori pasatu zen; bakarrik gelditu ziren, eta beste klub batera joan behar izan zuten beren mailako entrenamenduak egin ahal izateko».
Pilota giroa eta geroa
Zailtasun soziologikoak, teknikoak eta administratibo-burokratikoak edukita ere, pilotari takatekoka jarraitzen dute ataundarrek. Boluntarioen lan eskergari eta ordu kontaezinei esker, lanean dihardu Ataungo Pilota Eskolak. Astelehenetan eta asteazkenetan egiten dituzte entrenamenduak, Auzoetan, adinka multzokatuta; hasi 16:00etan, eta 21:00ak aldera arte. Ostiralean eta larunbatean, ondoren, lauzpabost partida izaten dituzte, gehienak Araban eta Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian baino askoz txapelketa gehiago antolatzen baitira han.
«Horiek denak egiteko, orduak sartu behar dira, azkenean», aitortu du Imazek. «Txandaka aritzen gara lau entrenatzaileok; ni laneko erreleboetan arratsaldetik nagoenean, Iñigo edo Josu etortzen dira, edo Iraitz bera». Iraitz Zubizarreta, herriko lau profesionaletako bat, Eskola Kirolaren arduraduna ere bada, Urrestarazuk erretiroa hartu zuenetik, eta pilota eskolan ere laguntzen du.
«Fundamentuz» lan egitea da filosofia. Geroz eta klub gutxiago daude haurren formazioan eta harrobia lantzen. Inguruan, Ataunez gain, Lazkaon, Ordizian, Beasainen, Zumarragan, Amezketan…
Auzoetako frontis nagusian, edo atzeko koadroetan, dozenaka haur aritzen dira arratsaldeko lehenengo orduetan. Jolasean, ‘fueraketan’, probaketan. Txikien mailan denak Ataungoak dira. Arratsaldeak aurrera egin ahala, eta helduagoen maila ere igo ahala, takateko zorrotzagoek janzten dute pilotalekua. Pilotari ataundarrez gain, kanpokoak ere badabiltza bertan entrenatzen: Aramako bat, Zaldibiakoa, Idiazabalgoak… Bizkaitar bat ere eduki zuten. «Hemen jokatzeko, ez dugu ezer eskatzen. Gogoa baldin badaukazu jokatu, eta kito. Guk ateak irekita dauzkagu», dio Eneko Imazek.
Pilota eskolako kide batzuk, entrenamendu batean, Eneko Imaz eta Iñigo Alzua prestatzaileekin. / A.Maiz
Lan isilaren eta jarraituaren emaitza da, kirol arrakastaz aparte, errekonozimendu hori ere. Haurren oraina gozatzeaz gain, etorkizuna lantzen ere ari dira, eta txapelketen antolakuntzan ahalegina egin dute azken urteetan. Aurten antolatu ez badute ere, Etorkizuneko Txapeldunak lehiaketan, udaberriro jubenil eta afizionatu nagusiak etortzen dira Ataunera. «Baiko enpresarekin harremanetan egiten dugu txapelketa hori, elkarrengan sinergiak bilatuz eta jada kalitate gehiago bilatuz», dio Alzuak.
Bestetik, abenduko opor astean, Gabonetako Txapelketa jartzen dute Goierriko haurrentzat joan direneko bederatzi urteetan. Ehundik gora neska-mutiko inguratzen dira Ataungo pilotalekura. «Bai umeak, bai gurasoak, oso pozik daude Gabonetako Txapelketarekin. Umeek gozatzeko dira txapelketak, zeren umeei esatea urte guztian entrenatu bakarrik egin behar dutela, hori desanimazio ikaragarria da». Goierrira mugatzen dute partaidetza, «bestela izugarrizko partida pila» aterako bailirateke.
Lau profesionalen tiradizoa
Ataungo pilotan beste mugarri bat suposatu zuen Jon Ander Albisuk profesionaletan debutatu izanak. 2010eko uztailean iritsi zen goren mailara. Labealdi gazteagokoak dira Iraitz Zubizarreta (2020ko irailean debutatua), Beñat Senar (2023ko azaroan) eta Beñat Zubizarreta (aurtengo otsailean). Besteren bat ere ibili zen profesionaletara igotzeko zorian, Ibai Arratibel kasu.
Pilotari loraldi hori «gehigarria» dela aitortu dute pilota eskolako arduradunek. «Pilota eskolan ditugun umeei galdetuz gero, guztien ametsa horien islada jarraitzea izango litzateke. Nahi edo nahi ez, bultzada ematen du», dio Alzuak. «Pozgarria da, noski! Halako herri txikian lau profesional izatea… Gainera, gurekin ibilitakoak dira, eta herri batentzako hori izugarria da», gaineratu du Imazek.
Beste behin, izatea bakarrik ez, nolakoa izateak markatzen du aldea. Eta pilota eskolakoak «oso eskertuta» daude lau profesionalekin, daukaten prestasunagatik. «Beraien gertutasuna erabatekoa da. Umeen entrenamenduetara bisitan etortzeko eskatzen badiegu, etortzen dira; edo txapelketetan garaikurrak ematera etortzeko, beti daude prest. Umeei ilusioa egiten die horrek. Herrikoak dira, baina beraien inplikazioa eta laguntza ere beti hor daukagu», dio Alzuak.
Imazen iritzian, orain gorenean daudenek ez dute ahaztu nondik datozen. «Ulertzen dute beraiek ere hortik [pilota eskolatik] pasatu direla, eta beti prest egoten dira zerbait egiteko». Horren adibide, ekainaren 18an Barandiaran herri eskolako ‘errekreoko txapelketako’ finaletara fin-fin azalduko direla.
Baina itsutu gabe
Ospearen lilurak itsutu gabe, ordea, orain ere pilota eskolaren gida-lerroa hasierako eta betiko filosofia dela ziurtatu dute segituan, gaur egun helburua haurrak eta gazteak goraino iristea ote den galdetuta. «Ez, ez. Gure helburua umeak ahalik eta gustuen egotea da, eta gustatzen zaien kirola pilota izanik, ahalik eta gehien goza dezatela. Gure ahalmenen barruan, bide hori ahal den gehiena luzatzea lortu nahi dugu», azaldu du Alzuak.
Lehentasunak garbi dauzka Imazek: «Lehenengo, kirola egin. Pilota gustatzen zaiela? Pilotan erakutsiko diegu guk. Gero, jada, lana eginez, aurrera egin».
Gauzak bere dimentsioan neurtzeko gonbita egin du Alzuak. Lau profesional nahieran lor litezkeela balirudike ere, ez da «batere erraza». «Geroz eta zailagoa da profesionaletara iristea, eta edozeinek ezin dezake esan iritsiko denik, ezta gutxiago ere. Ahalmen fisikoak behar dira, buruz ere prestatuta egon, zortea eduki… Faktore asko sartzen dira, eskakizun-bilduma oso konpletoa da, eta denak lerrokatuta izatea behar izaten da».
Bien bitartean, helburu bilatua ala bilatu gabea izan, egia bihurtutako ametsean aparretan dabiltza Ataunen denak, Euskal Herrian bakarra den ezohikotasuna normalizatuta. Eta irudimenezko txapelaren utopian, benetan axola duenarekin gozatzen: urrezko harrobiko bidearekin. ■
