«Gorria gorroto dut, kolore argiak atsegin ditut; arrosa, lila, berdexkak...»
Marikarmen Urteaga (Idiazabal, 1952) Arimasagatiko Errota baserrian jaio zen. Goierriko Eskolan delineazio industriala ikasi zuen, eta ondoren arkitektoekin lan egin zuen. Donostian, urte gehienetan. «Javier Unzurrunzagarekin hirigintza planak egin genituen udalentzat. Dena egiteko zegoen eta konpromiso eta sentsibilitate handiko garaia izan zen. Estudio ezberdinen artean elkarlana zen nagusi», oroitu du. Pablo Reparaz arbizuarrarekin ezkondu zen eta bi seme eta bi biloba ditu.
Zer zaletasun dituzu?
Zaletasun gehiegi ditut: irakurtzea, artea, musika, eskulanak, landareak… Urtero Antioko Musikaldiko kontzertu guztietara joaten gara, adibidez.
Pelikula bat.
Memorias de Africa, El jardinero fiel… Erromantikoak eta intrigazkoak gustatzen zaizkit.
Musika talde bat edo abeslari bat.
Benito Lertxundi, Mikel Laboa… eta Pello Reparaz, noski. Lehengusu baten semea da.
Abesti bat.
Hileta kantu nafarra. Pello Reparazek bere aitonari eskainia da.
Liburu bat.
El nombre de la rosa (Umberto Eco), Las fiebres de la memoria (Gioconda Belli), El secuestro del socialismo (Jose Antonio Saavedra), Isildutako eskuak (Jon Abril)…
Zer gosaltzen duzu?
Fruta pixka bat, urdaiazpikoa, arrautza plantxan, eta kafea edo infusioa.
Kolore bat.
Gorria gorroto dut. Argiak atsegin ditut: arrosa, lila, berdexkak…
Oporretarako leku bat.
Semeak haur zirenean Benidormera joaten ginen. Ondoren, urte askotan Espainian zehar ibili ginen.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Egun on asko pasa ditugu. Eskerrak emateko moduan gaude.
Bizitzako plazer txiki bat.
Paseotxo bat, irakurri, kafetxo bat…
Goierriko txoko bat.
Txomenaneko parkea, Pilarrenekoa, eliza ondokoa, Gurutzeta ermita…
Idiazabalen biziko ez bazina…
Idiazabalen bizi naiz, bertan jaio nintzelako. Lankideek Donostian bizitzea proposatu zidaten, baina Idiazabalen haurrek askatasun handiagoa dutela gogoratu nien. Gainera, herriak hobetu egin dira zentzu guztietan. ■

