Gogoaren eta malkoaren artean
Lazkaon omenaldia egin zieten, maiatzean, Kilometroak jaiaren sortzaileei. Taldean dira Mari Karmen Eizagirre –ezkerretik hirugarrena– eta Kari Eztala –hiru eskuinerago–. Iñaki Gurrutxaga
Lazkaoko ikastola sortu zenetik 63 urte igaro direnean, Kilometroak jaia ospatuko da Lazkaon, igandean. Hasiera haietan presente izan ziren Mari Karmen Eizagirre, Mertxe Ruiz de Egino eta Kari Eztala.
Lazkaoko Ikastola ez zen eraikin handi batean jaio. Ez zegoen ikasgela egonkorrik, ez ordenagailurik, ez gaur egungo material pedagogikorik. Herriko hainbat txokotan eman zituzten eskolak lehen urteetan, gela batetik bestera, andereñoek beharrezko guztia esku-orga batean eramanda Baina bazegoen pentsaera argi bat hasieratik: haurrak hezteko beste modu batean sinesten zuten.
1960ko hamarkadaren hasieran hasi zen proiektua forma hartzen. Jaxinto Fernandorena, Aitor Muruamendiaraz eta Joxe Mari Soroa ibili ziren hasierako urte haietan, eta 1963-1964 ikasturtean Mari Karmen Eizagirre batu zen. 1964an Kari Eztala hasi zen, eta 1966an Mertxe Ruiz de Egino. Hiru emakume horiek hamarkada askoan izan dira Lazkaoko Ikastolaren bilakaeraren lekuko eta protagonista. Hasieran, ez zuten irakasle titulurik. «Ikasketarik ez geneukan momentu hartan», gogoratu dute. Horregatik, bidea ikasiz egin behar izan zuten. Puerikultura ikastaroak egin zituzten, haurren lehen urteetako hezkuntzarekin lotutako prestakuntza jaso zuten, eta lanean aritzeko beharrezko agiriak lortu zituzten. Baina ez zen nahikoa izan.
Gaur egun haurrek ikasgelan dituzten materialekin eta baliabideekin alderatuta, hasierako urteetako Lazkaoko Ikastola oso bestelakoa zen. Materiala eskas zen, baina irudimena ez. Txotxak ziren baliabide nagusietako bat. Umeek haiekin marrazten zuten, formak sortzen zituzten eta letrak ere egiten ikasten zuten. Andereñoek arbelean letra larriz idazten zuten, eta haurrek txotxekin errepikatzen zuten forma. «O egiteko, adibidez, txotxak okertu egiten zituzten, forma borobila emanda», azaldu dute. Letra bakoitza egiteko txotxak moldatu behar zituzten, eta horrela, idazten ikasteaz gain, formak eta espazioa ere lantzen zituzten.
Marrazkiak ere txotxekin egiten zituzten. Etxeak, animaliak eta bestelako irudiak sortzen zituzten, «material arrunt» bati irudimena gehituta. Mari Karmen Eizagirrek oraindik gogoan ditu umeek egindako lanak: «Gauza zoragarriak egiten zituzten».
Kanikak ere –’pottokak’ deitzen zieten– ikaskuntzarako erabiltzen zituzten. Matematikak lantzeko, adibidez, kolore ezberdinetako kanikak baliatzen zituzten. «Batuketak egiteko pottokekin ikasten zuten. Hamarrekoa, esaterako, bederatzi urdin eta hamarrekoa gorria», azaldu du Kari Eztalak. Arkatz gorriak eta urdinak ere erabiltzen zituzten. «Idatzi urdinez, eta zuzendu gorriz».
Baliabide horiekin, lau eta bost urteko haurrak talde berean aritzen ziren lehenengo urteetan. Ipuinek eta abestiek ere leku handia zuten eguneroko eskoletan. «Gai bakoitzeko abesti pare bat bagenekizkien buruz», gogoratu du Mertxe Ruiz de Eginok. Haurrek marrazkiaren bidez adierazten zuten ikasitakoa: familia, etxea, lagunak eta inguruan ikusten zutena.
Eskola asko kanpoan
Lazkaoko Ikastolaren hezkuntza eredua ez zen lau hormaren artean geratzen. Naturak garrantzi handia zuen eta ikasgela, askotan, kalera eramaten zuten. Eizagirrek Elbira Zipitriaren filosofia izan zuen erreferentzia nagusietako bat. Praktikak Mari Carmen Mitxelenarekin egin zituen, eta haren metodologia zuzenean ezagutu zuen. Ostegunero mendira joaten ziren, eta zuhaitz baten aurrean gelditu, hura zer zen, zer ematen zuen eta zein urtarotan hazten zen azaltzen zien. «Klasetik asko ateratzen ginen», dio Mari Karmen Eizagirrek.
Urtaroek eurek markatzen zuten jarduera. Udazkena iristen zenean, hostoak eta ezkurrak biltzera joaten ziren. Udaberrian, berriz, loreak ikustera ateratzen ziren. Inguruko natura ez zen atsedenaldirako espazio hutsa; ikasteko tresna ere bazen. Gurutzen egon zirenean, esaterako, ondoko belardian baratze txiki bat jarri zuten. Letxugak eta tomateak erein zituzten, eta haurrek landareen zaintza eta hazkundea bertatik bertara ikasi zuten.
Eraikin finko bat lortu arte, ikastola herriko txoko ezberdinetan zabaldutako gelekin osatzen zuten. «Katuak katakumeekin bezala ibiltzen ginen batetik bestera», dio Mari Karmen Eizagirrek, duela 60 urteko garai hura gogoratzean.
Mojetan hasi ziren. Han sukalde bat, hiru gela eta komun bat besterik ez zegoen. Bordatxurin egurrezko zorua zuen eraikinak, eta hezetasuna ere eguneroko arazoa zen. Hala ere, gurasoek umeak hara eramaten
zituzten. «Gaur egungo gurasoek leku horiek ikusiko balituzkete, ez lituzkete bidaliko ere», dio Mertxe Ruiz de Eginok.
Gutxienez urtebetean leku berean egoten saiatzen ziren, baina lekuz aldatzea ohikoa izaten zen. Eta aldatzen zirenean, ez zegoen garraio enpresarik. Ruiz de Eginoren osaba iturgina zen, eta lanerako orga txiki bat zuen. «Lekuz aldatzen ginenean, han trasteak jarri eta batetik bestera eramaten genituen». Gela berriak ere eurek prestatzen zituzten. Garbitu, egokitu, materiala eraman eta klaseak emateko prest utzi. «Lekuak klaseak emateko prestatu etalan guztia guk egiten genuen». Azken batean, eurek eraiki zuten ikastola beraien izerdiz, beste jende askoren laguntzarekin batera.
Inspektorea zetorrenean, mendira
Garai hartako hezkuntza ezin da orduko testuinguru politikotik eta sozialetik bereizi. Frankismoaren garaian, euskarazko hezkuntza ez zen gaur egun bezala garatzen, eta ikastolaren jarduerak ere hainbat oztopori egin behar izan zien aurre.
Hezkuntzako inspektorea etortzen zenean, andereñoek bazekiten zer egin. «Ume guztiak isilarazi egiten genituen, edo bestela mendira eramaten genituen, hotza edo beroa egiten bazuen ere», gogoratu du Mertxe Ruiz de Eginok.
Eskola Nazionaleko irakasleek ere laguntzen zieten zenbait izapide ofizialetan. Tituludun pertsona batzuek dokumentuak sinatzen zituzten. «Papereko gauzak tituludunek sinatzen zituzten, baina lana guk egiten genuen», gehitu dute irakasleek. Kari Eztalak beste pasarte bat du gogoan. Umeek koadernoetan ikurrinak marrazten zituzten, eta ikuskatzailearen bisita iragartzen zietenean, marrazki horiek ezkutatu behar izaten zituzten.
Batzuetan, ordea, irtenbidea sinpleagoa izaten zen: ume guztiak hartu, eta Lazkaomendira edo Gaztinaundira joatea.
Gurasoen konfiantza
Ikastola aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan zen gurasoen konfiantza. Hasieran, proiektua zer izango zen inork ez zekienean, andereñoek etxez etxe joan behar izan zuten, familiak konbentzitzeko eta umeak ikastolara eramateko eskatzeko. «Orduko gurasoek jarri zuten konfiantza txalotzekoa da. Proiektua zertan amaituko zen inork ez zekien».
Baldintzak ere ez ziren samurrak. Lokalak txikiak ziren, materiala urria, eta etengabe aldatu behar izaten zuten kokalekua. Baina gurasoek euren seme-alabak eramaten zituzten, hala eta guztiz ere. Eta andereñoek umeen erantzuna ikusten zuten: «Gurea zen zerbait egiten genuen. Eta umeak ere gustura ibiltzen zirela ikusten genuen». Konfiantza horri esker, ikastolak hazten jarraitu zuen.
Ikastolako lana ez zen ikasturtearekin batera amaitzen. Udan ere umeekin aritzen ziren. Udalekuak antolatzen zituzten. «Gazteak ginen, eta baliabideak lortzeko jarrera geneukan: eskatu eta egin», gogoratu dute.
Barriako udalekuan, esate baterako, aska hotzetan bainatzen zituzten haurrak. Gurasoak ere joaten ziren, eta haietako batzuek sukaldari lanak egiten zituzten udalekuko haurrentzat eta irakasleentzat. Saturraranen ere egon ziren.
Garai hartan andereño izatea ez zen ikasgelan klaseak ematera mugatzen. Umeekin batera joaten ziren txangoetara, udalekuetara eta herriko hainbat ekitalditara. Gainera, ikasleekin harremana ez zen gelara mugatzen, kalean ere mantentzen zuten. «Umeren bat kalean gaizki portatzen bazen eta andereñoa ikusten bazuen, gurasoek askotan esaten zioten: ‘Andereñoari esango diot!’».
Baina, andereñoentzat ere bazen muga bat. «Nik neure artean pentsatzen nuen: utzidazue lasai, eskolaz kanpo nago eta», kontatu du elkarrizketatu batek: «Gu andereño ikastolan gara; hemen Kari, Mari Karmen eta Mertxe».
Ikastola Lazkaoko hainbat lekutan egon zen. Gurutzeko etxe azpietan, Perretxikuan, gaur egun anbulatorioa dagoen eraikinean, Abankon eta San Prudentzion ere ibili ziren.
Abankoko eskola txikian Guardia Zibila joan ondoren sartu ziren. San Prudentzioko Eskola Nazionala kendu zutenean, eraikin hura ere aprobetxatu zuten. Pixkanaka, espazio gehiago eskuratu zituzten.
Mikelarreko eraikinaren etorrerak, ordea, aldaketa ekarri zuen. «Mikelarreko eraikina egiteak egonkortasuna eman zigun». Ordura arte herriko hainbat txokotan banatuta zegoen proiektuak etxe propioagoa hartzen hasi zen.
Lehen Kilometroak Lazkaon
Ikastolak hazten jarraitu ahala, finantzaketa eta antolakuntza ere erronka bihurtu ziren. Kilometroak jaia iritsi zen eta hasierako edizioetan lan handia egin zuten. Josu Erguinek ekarri zuen ideia, baina lehen erreakzioa zalantza izan zen: «Nola funtzionatuko du honek? Hemen korrika ibili, esfortzua egin eta gainera ordaindu? Nola ba? Bada, begira noraino heldu den». Denborarekin, ekimena sendotu egin zen eta beste herri batzuetan ere antolatzen hasi ziren.
Material pedagogikoa ere pixkanaka ugaritu zen. Fotokopiak egiteko, esaterako, San Beniton arrabol bat zuten eta dokumentuak kopiatzeko erabiltzen zuten. Urte batzuk geroago, Ikastolen Elkarteak omenaldia egin zieten hasierako andereñoei. Orduan, haiengana hurbildu eta esan zieten: «Zuei esker guk lana daukagu».
850 ikasle gaur egun
Gaur egun, Lazkaoko Ikastolak 1.000 pertsonako komunitatea eta 850 ikasle inguru ditu. Zenbaki horren atzean, ordea, bestelako historia dago. Herriko hainbat txokotan ibili zen ikastola, eta hiru andereñok egin zituzten, beste hainbat laguntzailerekin batera, proiektuaren lehen urratsak.
Ez zuten eraikin handirik. Ez zuten material askorik. Ez zuten hasieran irakasle titulurik ere. Baina ikasi zuten. Goizean umeekin lan egin, arratsaldean klaseetara joan, eta gauez ikasi. Herriz herri ibili ziren haien eredua azaltzen. Gurasoen konfiantza ere jaso zuten, eta ikuskatzailea etortzen zenean umeak mendira eraman zituzten.
Txotxekin letrak egiten erakutsi zieten. Pottokekin batuketak egiten ikasi zuten haurrek. Udazkenean ezkurrak biltzen zituzten eta udaberrian loreak. Eta, batez ere, ikastola eraiki zuten. «Gurea zen zerbait egiten genuen», diote hiru andereñoek. Haien hitzetan laburbiltzen da, agian, hasierako urte haietako ideia nagusia: ez zuten prest zegoen ikastola batean lan egin, behetik gora ikastola bera altxatu zuten. ■


