Industria Arloa, enpresen lehiakortasuna indartzeko
Ane Urteaga Industria teknikaria eta Xabier Perez Industria arduraduna. Garbiñe Irizar / meet me in the north
Goierriko industria babestu, bultzatu eta dinamizatzea da Goiekiren Industria Arloaren egiteko nagusia. Enpresen lehiakortasuna indartzeko hainbat zerbitzu eta baliabide eskaintzen ditu.
Goieki garapen agentziak urteak daramatza eskualdeko industria-sarearen garapena sustatzen eta bertako enpresen bidelagun izaten. Goierriko industria babesten, bultzatzen eta dinamizatzen du, gero eta lehiakorragoa izan dadin, eta bere jardueraren ardatzean enpresen beharrei erantzutea dago. Bide eta lanketa horretan, Goiekiren Industria Arloa bailarako enpresen zerbitzura dago. Banakako laguntza eta aholkularitza eskaintzen dizkie gerturatzen zaizkien enpresei, bai eguneroko jardueran sortzen diren zalantzei erantzuteko, bai etorkizuneko proiektuak eta erronkak bideratzeko.
Enpresa bakoitzak dituen beharrei erantzuteko, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, eta askotariko baliabide, azpiegitura eta sareak dituzte haien eskura.
ZERBITZUAK
Goierriko enpresen beharretara egokitutako laguntza eskaintzen du Goiekiko Industria Arloak. Enpresa bakoitzak errealitate eta erronka desberdinak dituenez, hurbileko aholkularitza eta orientazioa ematen ditu, egoera bakoitzerako irtenbiderik egokiena bilatuz.
Kudeaketarekin lotutako erronketan laguntzeaz gain, berrikuntza eta teknologia arloan ere bidelagun izaten da. Goierriko industria-sarean historikoki sustraituta egon den berrikuntza-kultura indartzeko lanean dihardu, enpresei aukera berriak identifikatzen eta horiek garatzeko baliabideak aurkitzen lagunduz.
Azken urteotan, gainera, gero eta garrantzi handiagoa hartu dute enpresen jarraikortasunarekin lotutako proiektuek. Belaunaldi-erreleboa planifikatzeko edo enpresaren etorkizuna bermatzeko prozesuetan laguntza eskaintzen du Goiekik, enpresei trantsizio horiek modu egokian egiten laguntzeko.
Horrez gain, enpresen proiektuak diru laguntza programetara bideratzen laguntzen du Industria Arloak. Orientazio eta aholkularitza zerbitzuaren bidez, enpresek garatu nahi dituzten ekimenetarako finantzaketa-aukerak aztertzen, identifikatzen eta baliatzen laguntzen du.
BALIABIDEAK
Eskualdeko enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bermatzeko bidean, hainbat baliabide eskaintzen ditu Goiekik lurraldeko eragileekin elkarlanean.
Horien artean daude enpresaren erreleboa planifikatzeko gida praktikoa, Goierriko Gida Industriala, Barnekintzailetza bultzatzeko prozedura, Berrikuntza Profilak, ETE Digitala, Indargune diagnosi-zerbitzua, LanMentoring zerbitzua, Enpresaren Lehiakortasunerako Lanaren Zentzua egitasmoa eta BeTEK.
Baliabide horien bidez, enpresek berrikuntza, digitalizazioa, lehiakortasuna, talentuaren kudeaketa eta belaunaldien arteko erreleboa bezalako erronkei aurre egiteko laguntza eskuratzen dute.
NBF ERAIKINA
Goierriko industria eta berrikuntzaren ekosistemaren erreferenteetako bat da NBF (Negozio Berrien Fabrika) eraikina, Goierri Berrikuntza Gunean kokatua. Gune horretan daude Goiekiren bulegoak, Goierri Valley elkarteko hainbat enpresa, sortu berri diren enpresentzako inkubategia eta jarduera profesionalerako prestatutako hainbat bilera eta lan espazio. Enpresek gela horiek alokatzeko aukera dute, lan egiteko edo beren jarduerak garatzeko. Informazio gehiago nahi izanez gero, Goiekiko webgunea (goierri.eus) bisitatu daiteke.
Enpresen arteko harremanak sustatzeko, prestakuntza-saioak antolatzeko eta proiektu berriak garatzeko azpiegitura egokia eskaintzen du. Horretarako, tamaina eta ezaugarri desberdinetako espazioak ditu eskura: 80 pertsonarentzako auditorioa, hainbat bilera-gela eta talde-lanerako Office gunea, besteak beste.
Espazio horiek urtean zehar erabiltzen dituzte eskualdeko enpresek, prestakuntza-saioak, jardunaldi teknikoak, lan-bilerak eta lankidetza proiektuak garatzeko. Horrela, NBF eraikina Goierriko industria-sarearen topagune eta lankidetza-gune bihurtu da.
GOIERRI VALLEY
2017an sortu zen Goierri Valley, eskualdeko enpresen arteko elkar ezagutza, elkarlana eta etorkizuneko erronkei erantzuteko proiektuak sustatzeko helburuarekin. Gaur egun, Goierriko industria-sareko enpresa traktoreen eta ETEen arteko aliantza da, eta berrikuntza, lankidetza eta ezagutzaren partekatzea ditu oinarri. Goierriko industriaren lehiakortasuna indartzeko eta etorkizuneko erronkei modu bateratuan erantzuteko tresna garrantzitsua bihurtu da urte hauetan. Harremanetarako: 943 16 00 40. ■

