Irribarreen Zegama-Aizkorri maratoia Txantonen

Kilian Jornet bera baino gehiagotan izan da Zegama-Aizkorri mendi lasterketan Pello Agirrezabal brinkolar-segurarra. Maratoia antolatzen hasi zirenetik hutsik egin gabe —aurten 24. edizioa beteko du— izan da lasterketaren testigu Andraitz Lepoan, argazki kamera eskuan. Korrikalariei banaka erretratuak ateratzen dizkie, irribarre bat edo agur bat eskatu eta gero. Aurten, iaz ateratako argazkien erakusketa jarri du Zegamako Txanton tabernan eta lasterketa egunera arte —maiatzaren 25ean izango da— egongo da ikusgai bertan.
Zazpi koadrotan banatuta, 400dik gora korrikalariren erretratuak daude ikusgai pasa den astetik Txantonen. Egilearen hitzetan «arrakasta» izaten ari da erakusketa «norbere edo ezagunen argazkien bila» gerturatzen ari baita jendea. Argazkilaritza eta mendizaletasuna bere bi zaletasunak uztartzeko parada da Zegama-Aizkorri Agirrezabalentzat. «Beti gustatu izan zait kirolarekin zerikusia duten argazkiak ateratzea, mendi lasterketetakoak noski, baina baita txirrindularitzakoak ere. Semea korrikalaria daukadanez —Eneko Agirrezabal segurarra— haurra zenetik makina bat argazki atera izan dizkiot joan den leku guztietan», dio.
Irribarreen ehiztaria
Zegama-Aizkorrin korrikalarien irribarreak edo agur keinuak harrapatzea du gustuko; «lehendabiziko ehunak denbora egitera joaten dira eta ez dute kamera aurrean jartzeko tarterik hartzen, baina hortik aurrera guztiek eskaintzen didate irribarre bat edo keinuren bat. Erakusketan garbi islatzen da hori. Hauek ez daukate denboraren presio hori, lasterketa amaitzera doaz. Lasterketaren gehiena egina dute ordurako, 30. kilometroa da», azaldu du.
Noski, korrikalari beteranoenen artean ezaguna da dagoeneko eta lagunak ere egin ditu: «2022an Brinkolan bazkari batera gonbidatu nituen Mikel Legarreta, Koldo Urrestarazu lazkaotarra, Gorka Gaviña eta Rikardo Ruiz de Apodaka arabarrak, Joxean Salgado eta Ibon Zubillaga», kontatu du. Atletismo eta mendi lasterketa zale goierritar gehiago ere izan ziren bazkari hartan. Kontatu duenez, «Legarretak, Urrestarazuk, Gaviñak eta Ruiz de Apodakak urtero hasi eta amaitu dute Zegama-Aizkorri», iaz ere hartu zuten parte eta Zegamako erakusketako protagonistetako batzuk dira, noski.
Argazkilari autodidakta
Gaztetatik izan du gustuko argazkilaritza Agirrezabalek eta autodidakta izan da zeregin honetan. «Argazki txarrak ateratzen asko ikasten da, batez ere nola hobetu daitekeen», aitortu du. Maiatzaren 25ean, noski, ez du hutsik egingo urteroko hitzordura Andraitz Lepoan.
- Salgado, Ruiz de Apodaka, Gaviña, Urrestarazu, Legarreta eta Zubillaga korrikalariak Brinkolan, 2022an.