Izadi Zaleak, kanpaldia berreskuratzeko bidean

Legazpiarrak herriko jai nagusietan murgilduta dabiltza atzotik, baina Izadi Zaleak elkarteak ekainerako prestatu duen kanpaldiaz ez ahazteko eskatu die. Pandemia geroztik hainbat edizio bertan behera geratu eta gero, elkarteak berreskuratu egin du aurten ikasturtea ixteko jarduera hori, herriko mendizaleen artean tradizio handia duena. Datak eta tokia erreserbatuta ditu dagoeneko.
Ekainaren 21ean, 22an eta 23an izango da, Palentziako Cillamayor herrian (Espainia), eta egun horietan zehar, besteak beste, Espigüete, Curavacas eta Pisuergaren iturburua ezagutzeko mendi irteerak egingo dituzte bertatik, Aguilar de Campoo, Aguilar urtegia eta Barrueloko meategia bisitatuko dituzte, eta lagunarteko gaubelez gozatzeko aukera izango dute. «Familian, lagunekin, naturaz eta mendiaz auzolanean disfrutatzeko aukera paregabea» izango dela agindu dute antolatzaileek.
Izena emateko epea irekita dago dagoeneko, eta maiatzaren 10a izango da azken eguna. Elkartean bertan eman daiteke izena, astearteetan eta ostegunetan 18:30etik 19:30era, edo 943 73 11 68 telefono zenbakira deitua. Haurrek 65 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek 90 euro.
Izadiren sorreratik ia
Izadi Zaleak elkartea 1972an sortu zela gogoratu du Ernesto Cervero kideak, eta lehen kanpaldia 1975ean egin zutela, Urbiara. Ordutik, urtero egin zuten 2019ra arte, eta bost urteko etenaldiaren ondoren, guraso eta elkarteko bazkide batzuen artean interesa sortu da haien «jarduera atseginetakoa den hori berreskuratzeko». Kanpaldian izan diren guztiek horren oroitzapen politak gordetzen dituztela azaldu du.
Urte hauetan guztietan ehundik gora partaide izan dituen edizioak izan dira, eta «hainbat eta hainbat toki xarmagarri» ezagutzeko aukera izan dute mendizaleek, besteak beste Soriako El Rollo, Burgosko Huerta del Rey, Salamancako Candelario, Palentziako Vallejo de Orbo eta Salcedilla, Errioxako Ventrosa, Igea eta Cornago, Leongo Castrocontrigo, eta Huescako Jasa. «Jarduera honek pertsona bakoitzaren alderik onena ateratzea lortzen zuen, eta guztiei egunerokoaz ahazteko aukera ematen zien».
Gazteentzako aproposa
Cerveroren esanetan, jendeari gehien gustatzen zitzaiona «ogitarteko sorpresa» zen, era askotako betegarriak izaten zituena: «Kakalardoak, Fairy, txapak, edo euroak». Auzolana ere azpimarratu du, «dena hala egiten zelako, otorduak, garbiketak, irteerak… guztiek jartzen zuten aletxo bat». Gazteentzako jarduera oso aproposa dela ere esan du, sare sozialetan murgilduta dauden garai hauetan beste era batera sozializatzeko aukera delako.
Mendian ibiltzea, naturaz gozatzea, museoak bisitatzea, ezkutaketan jolastea, erreka eta urtegietan bainatzea edo lo zakuetan lurrean lo egitea… horiek eta hamaika jarduera gehiago eskaini ditu Izadi Zaleak elkarteak kanpaldiarekin, eta aurten esperientzia horiek berreskuratu nahi ditu legazpiarrentzat.
Hona hemen aurreko urteetako kanpaldietako batzuk: