'Jentilen Bideetatik’ mendi ibilaldiak igandean Ataunen

Ataun Kirol Elkarteak eta Ataungo Udalak antolatuta, Jentilen Bideetatik ekimenak XII. edizioa du datorren maiatzaren 11n, igandean. Urtez urteko hitzordu bihurtu den jarduera honek kirol lehiakortasuna bazterrean utzi, eta oinezko ibilaldi gidatua proposatzen du, natura eta euskal mitologiaren ondarea uztartuz. Hala, parte hartzaileek Ataungo eta inguruko paraje ikusgarriak ezagutzeko aukera izango dute, aurtengo ibilaldiek ere Lareo urtegia, Irumugata, Atxurbide, Muñoaundi eta Intsusti bezalako gune enblematikoak zeharkatuko baitituzte, parte hartzaileek paisaia ederrak eta ingurune natural aberatsa bizitzeko aukera izanda.
Ibilbide ikusgarriak
Aurreko edizioetan bezala, ekimenak hiru ibilbide ezberdin eskainiko ditu, parte hartzaileen gaitasun eta nahi desberdinetara egokitutakoak izango direnak.
Ibilaldi luzea, 48 kilometrokoa eta 2.243 metroko desnibel positiboarekin, 06:30ean abiatuko da, eta parte hartzaileek 9 eta 11 ordu arteko iraupena izango duen ibilaldia aurreikusi beharko dute.
Tarteko ibilaldia, 21 kilometrokoa eta 833 metroko desnibel positiboarekin, 08:00etan hasiko da, eta 4,5-5 ordu inguruko iraupena izango du.
Azkenik, ibilaldi motza, 8 kilometrokoa eta gutxi gorabehera 2 orduko ibilbidea barne hartzen duena, 09:00etan abiatuko da. Denak ala denak San Martingo Auzoeta kiroldegitik irtengo dira, eta helmuga ere bertan izango dute.
Izen ematea, ostiralera arte
Ibilaldi luzean eta tartekoan parte hartu nahi dutenek 10 euroko kuota ordaindu beharko dute, eta ibilaldi motza, berriz, doakoa izango da, alegia, parte hartu nahi duen ororentzat irekia. Izena emateko epea ostiral honetan amaituko da, maiatzak 9, eta bi modutara egin daiteke inskripzioa: zirkuitua.com webgunean izena emanda edo ataunke.mendia@gmail.com helbidera mezua bidalita. Hortaz, beharrezkoa izango da parte hartu nahi duenak, aldez aurretik izena emanda edukitzea, antolatzaileek hartara plazak antolatu ahal izateko eta egunaren prestaketa egokia bermatzeko, besteak beste.
Kontuan hartzekoak
Antolakuntzak zenbait ohar eta gomendio luzatu ditu parte hartzaile guztientzat. Ibilbideetan zehar kontrolguneak egongo dira, eta parte hartzaileek ordutegiaren barruan igaro beharko dute kontrol horietatik; ordutegi muga horiek betetzen ez dituztenek ez dute egiaztagiria jasoko. Era berean, ibilbide guztiak ondo seinalizatuta egongo direla baieztatu dute, eta kontrolguneetan janari eta edari puntuak ere eskainiko dira indarrak berreskuratzeko.
Naturarekiko eta inguruneko baliabideekiko errespetua funtsezkoa dela gogorarazi dute antolatzaileek, eta zentzu horretan, bertaratuko diren ikusleei zein parte-hartzaileei eskatu diete zakarrak kontrolguneetako zakarrontzietan uzteko eta mendia garbi mantentzeko.
Gainera, ibilaldian zehar mediku zerbitzua egongo dela jakinarazi dute, larrialdietarako prest egoteko eta parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko; hala ere, antolatzaileek adierazi dute ezbeharren ardura ez dela euren gain eroriko, eta arautegitik kanpoko gorabeheren kasuan antolakuntzak hartuko dituela erabakiak.
Giro berezia
Amaitzeko, antolatzaileek azpimarratu dute egun berezi honen helburua mendizaletasuna sustatzea eta naturarekin lotura estua duen esperientzia bat eskaintzea dela: «Giro apartaz gozatzeaz gain, gure ingurunea ezagutzeko eta errespetuz tratatzeko aukera paregabea da. Gonbidatuta zaudete guztiok, bakarka edo taldean, egun eder batez gozatzera».