«Nire buruarekin lehiatzera noa, nire mugak non dauden ikustera»

Alpeetara bigarrenez joan aurretxoan egin diogu elkarrizketa Mattin Iñiguez parapentelariari. Lasterketa hasteko bi asteren faltan, eremua bertatik bertara ezagutzera doa lantaldearekin. Aurretik, Aste Santuetan ere egina dute egonaldia. Red Bull X-Alps modalitateko probarik gogorrena da: «Aurten azken urteetako ibilbiderik zailena diseinatu dute», aurreratu du.
Red Bull X-Alps proban parte hartuko duten 35 pilotuetako bat zara. Nola jaso zenuen berria?
Urduri samar jarri nintzen. Ale batetik pozik, noski; baina beste alde batetik errespetua ere ematen du. Horrelako erronka bat suertatzen zaizunean badakizu sakrifizio asko dagoela aurretik.
Izan ere lasterketaren zenbakiak ez dira nolanahikoak.
Aurten zailtasun handiko ibilbidea prestatu dute. Alpeak iparraldetik hegoaldera eta hegoaldetik iparraldera zeharkatzen ditu lau aldiz. Alpeetako bost herrialdeak zeharkatzen ditu: Austria, Alemania, Suitza, Frantzia eta Italia, 1.283 kilometro guztira. Alpeetako mendilerro garaienak ere hor daude 3.000 metrotik gorako garaieran.
Kirol honen barruan dagoen probarik gogorrena da?
Parapentearen barruan ere modalitate ezberdinak daude. Batzuk akrobazien modalitatean lehiatzen dira, beste batzuk abiadura lasterketetan. Modalitate hau Hike &Fly —oinez eta hegan— izenez ezagutzen da eta mundu mailan dagoen proba gorena da hau, parapente hegaldiak eta alpinismoa uztartzen dituena.
Erabat eguraldiaren menpe dagoen lasterketa da hau, ezta?
Hori da. Eguraldi ona egiten badu hegan asko aurreratu daiteke, baina eguraldi txarrarekin beldurra ematen duten zenbakiak dira. Tokatu daiteke egun batean 70 edo 80 kilometro korrika egin beharra, baina hurrengo egunean jarraitu beharra dago. Bi asteetan zehar egunero martxa hori jarraitu beharra oso gogorra izan daiteke.
Unean bertan, egunetik egunera joan behar da hortaz, estrategia lantzen.
Hala da, ez dago ezer aurreikusterik. Aurrez prestatzea oso zaila da, ez baitakigu zein eremu pasatu ahal izango dugun hegan; ez dakigu zenbat korrika egin beharko dugun, mendiren bat eskalatu beharko dugun ala ez, nondik egin beharko ditugun zeharkaldiak…
«Prestaketa lana oso zaila da, oso exijentea. Fisikoki erresistentzia handia eduki beharra dago»
Nola prestatzen da bat orduan, horrelako lasterketa baterako?
Prestaketa lana oso zaila da, oso exijentea. Fisikoki erresistentzia handia eduki beharra dago. Indartsu egotea garrantzitsua da, mendian pisu askorekin egoteko gai izan beharra dago. 10 kilo inguruko motxilak eraman behar ditugu soinean lasterketa guztian zehar: parapentea, paraxuta, arnesak, elektronika pila bat, seinaleztapen bengalak…
Ingurua ezagutzeak ere lagunduko du, ala?
Estrategia aldetik ingurua ahalik eta ondoen ezagutzeak asko laguntzen du; beste ikuspegi bat ematen du erabakiak hartzerako orduan. Aste Santuetan izan ginen lehenengoz eta orain, lasterketa aurretik beste hamabost egunez gaude bertan. Helburua Austria eta Alemania ingurua hobeto ezagutzea da. Eremua hain zabala izanik, oso zaila da dena zehatz mehatz kontrolatzea.
Zu zara pilotua baina atzetik lantalde handia duzu.
Lantalde handi bat dago atzetik, bai. Felipe Tudela, Aner Bueno, Jon Arrutirena eta Bittor Barquero nirekin egongo dira lasterketan bertan. Euskal Herritik Nerea Beltran, Josu Juaristi eta Iñigo Redin arituko dira laguntzen, guk mendian ikusten ez ditugun gauzak ulertzen eta erakusten laguntzeko.
Zer helbururekin zoaz?
Badakit asko sufrituko dudala, beraz helburua ahalik eta gehien disfrutatzea izango da. Ibilbide guztia egin ahal izatea litzateke helburu gorena, izan ere bi egunez behin azkenekoa kanporatzen dute lasterketa honetan. Nire mailan ez noa munduko pilotu onenen kontra lehiatzera, nire buruarekin lehiatzera noa, nire mugak non dauden ikustera.
Eta gero, zer?
Lehenengo lana atseden hartzea izango da. Datorren urtean urte sabatikoa hartu dut eta munduan zehar ibiliko naiz parapentea bizkar gainean hartuta. Afrika, Pakistan, Hego Amerika ditut buruan baina oraindik ez daukat ezer lotuta, baina bai proiektu asko buruan.