Mendizaletasuna, erakusketaren oinarri

Astelehenean inauguratu zuten, eta larunbatera arte (maiatzak 31), Everest: herri oso bat gailurrean erakusketa ikusgai egongo da Ataungo udaletxeko ganbaran. Erakusketa honek, besteen artean, 1980. urteko maiatzaren 14an Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak egindako euskal espedizio historikoa eta horren inguruko komiki-liburua omentzen ditu. Izan ere, euskal mendizaletasunaren mugarri nagusietako bat izan zen lorpen hura, eta komikiak espedizioaren nondik norakoak eta une gogoangarriak irudikatzen ditu. Ekitaldiaren aurkezpena astelehenean egin zuten, eta espedizio hartako parte hartzaileetako bat izan zen Txomin Uriartek gidatu zuen.

Elkarlanean antolaturik
Zentzu horretan, erakusketan komikiaren bineta esanguratsuenak eta espedizioaren historia azaltzeko baliagarriak bezain beharrezkoak diren panel eta materialak daude ikusgai. Komikiaren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ere salgai daude. Erakusketa, bere horretan, EMMOA Euskal Mendi Museoa Fundazioak, Atauniker Kultur Elkarteak eta A.K.E Kirol Elkarteak elkarlanean antolatu dute, eta beste zenbait enpresa eta instituziok babestu.

Ordutegi desberdinak
Doakoa izango da, baina ordutegi desberdinak izango dira eta errespetatzea eskatzen dute antolatzaileek, ez baita egunero erakusketa ordu berean zabalduko: gaur arratsaldean, esaterako, asteazkena, ordu eta erdiz egongo da zabalik, 19:00etatik 20:30era bitartean; bihar ere, maiatzak 29, osteguna, ordu berean mantenduko da, 19:00etatik 20:30era; ostiralean, berriz, maiatzak 30, ordubetez, 18:00etatik 19:00etara; eta, larunbatean, azkenik, maiatzak 31, goizez, 11:00etatik 13:30era bitartean. Hori izango da azken eguna. 

Bertaratzeko deia
Larunbatera bitarte, antolatzaileek bertaratzeko gonbidapena luzatu diete interesa izan dezaketen herritar guztiei, baina batez ere, mendizaletasuna, euskal historia edo talde lanaren indarra interesatzen zaienei.