Mendiak batu ditu aurten ere

Zegamako Amezti, Gasteizko Mendaur (Araba) eta Sabiñanigoko (Huesca, Espainia) mendi elkarteek urteroko irteera bateratua egin dute asteburuan. Orain urte mordoxka batetik elkartzen dira hiru mendi elkarteetako kideak urtean behin, elkarrekin mendi ibilbide bat egiteko. Txandaka antolatzen dute ibilaldia, eta aurten gasteiztarrei egokitu zaie anfitrioi lanak egitea.
Armentia auzotik abiatuta, Berrostegieta (Araba) herriraino joan ziren oinez lehenengo. Ondoren, pagadi batzuk zeharkatuta Arrieta gaina igo eta Trebiñu (Burgos, Espainia) bailarako Askartza herrian amaitu zuten. Bertan dagoen sagardotegi batean elkarrekin bazkaldu zuten 45 bat lagunek, “lagunarte eta giro ederrean”. Datorren urterako lekukoa hartu zuten zegamarrek.