Arazoei aurre eginez, Mattin Iñiguez badoa aurrera

Aurreko osteguneko atarikoaren ondoren, igandean, ekainak 15, hasi zen Red Bull X-Alps proba. 33 hegalari-mendizaleak Kitzhubel herriko (Austria) plazatik abiatu ziren, korrika bizian, Hahnenkamm mendirantz. Han goitik aireratu ziren parapentearekin, ekaitzak harrapatu aurretik. Mittersill herrira bidean, 3.000 metrotik gorako altuerak hartu zituzten ekaitz lainoen artean. Munduko hegalari onenak segituan aurreratu ziren: Chrigel Maurer, Maxime Pinot, Damian Lacaze, Christian Schugg, Tim Alongi, Von Kaenel, Simon Oberrauner…
Lehen egun horretan, erabaki txar baten ondorioz, Iñiguezek altuera galdu zuen, eta ekaitzak bete-betean harrapatu zuen. Lau tximista oso gertu ikusi zituen, eta oinazturek kalte egin zioten elektronika guztiari. Haserreari aurre egin, eta zegamarrak oinez eta korrika egin zituen Sexten-eko lehen balizara heltzeko falta zituen 30 kilometro pasatxoak.
Austriatik Italiara igarota, buruan zihoan taldeko kideek Tolinger Knoten ferrata bidea egin, eta hegan jarraitu ahal izan zuten aurrera. Iñiguezek, berriz, Sexteneko balizan sinatu ondoren, beste lau kilometro aurreratu zituen oinez. Halaxe egin zuen igandeak berea. Iñiguezek ez zuen ametsetako hasiera izan, baina horixe du munduko onenen artean hegan ibiltzeak. Hala, igandeko atzerapena zamatu behar izan du gerozko egunetan.
Astelehena ez zen egun erraza izan partaideentzat, eta are gutxiago euskal selekzioa osatzen duten kideentzat. Hegan egiteko «baldintza delikatuak» izan zituzten parapentelariek, haize handia altueran, eta ibarretan ere haize indartsua; horren ondorioz, arrisku dezente hartu behar izan zituzten airean eginiko maniobretan. Esaterako, Maxim Pinot munduko txapeldun eta atariko probaren irabazleak proba uztea erabaki zuen, baldintza horietan hainbesteko arriskua hartzea ez zuela merezi iritzita. Pinoten erabakiak harrituta utzi zituen denak.
Artikulu osoa Berria.eus webgunean irakur daiteke.