Midi d'Ossau eta Foratata Arrastakaren hurrengo bi helburuak

Arrastaka Mendi Taldea frantziar Piriniora eta Formigalgo gainetara joango da ekainaren 28 eta 29an Pirinioetako bi mendi esanguratsu igotzera: Midi d´Ossau eta Foratata.
Larunbatean, hilak 28, Midi d´Ossau mendia igoko dute. Mendi ikusgarri hau frantziar Pirinioan dago, 2.885 metroko altuera du eta Pirinioetako bazter askotatik ikusten denez mendizale askoren helburu bihurtzen da. Igoera ez da mendian ibiltzen den edonorentzako modukoa, goi-mendian esperientzia izatea eta eskuak erabiliz igotzen ohituta egotea eskatzen du, ia eskalatu beharreko mendi baten ezaugarriak baititu.
Igandean, hilak 29, helburua da Foratata (2.341 m) mendi dotore eta ikusgarrira igotzea. Sallent de Gallegoren alboan gailentzen da eta Dolomiten kutsuko lerro bertikal ikaragarriak ditu.
Aurreratu bezala, zailtasun ertain-altukoak dira bi jarduerak, bai fisikoki eta baita teknikoki ere, goi-mendiko ibilbideak baitira eta eskaladako ezagutzak izatea ere ezinbestekoa da. Jakin ere, plaza mugatuak izango direla.
Irteera honetan parte hartzeko interesa dutenak ekainaren 24an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iturriotz kaleko Ehunmilak-Arrastakaren egoitzan (Urbieta etxearen parean) egingo den bileran parte hartu beharko da. Bertan, irteerako xehetasunak zehaztu eta zalantzak argituko dira.