Izadi Zaleak, aurtengo kanpalditik bueltan, hurrengoa buruan

Izadi Zaleak mendi elkarteko arduradunak “oso zapore gozoarekin” itzuli dira asteburuan egindako kanpalditik. Hainbat urtetako etenaldiaren ondoren, aurten berreskuratu dute jarduera hori, eta 53 legazpiar elkartzea lortu dute. Espainia aldean ibili dira, Palentziako Barruelo inguruko Vallejo de Orbon. Hiru egun egin dituzte bertan, mendia eta elkarbizitza uztartuz.
Kanpaldian izan direnen artean 30 haur eta gazte zeuden, eta arduradunak oso gustura etorri dira horien jarrerarekin, egun horietan ia erabat alboratuta izan dutelako telefono mugikorra. Egia esan, ez dute horretarako denborarik izan ere, mendi irteerak, jolasak eta bestelako jarduerak izan dituztelako aukeran. Mendiari dagokionez, 2.148 metroko altuera duen Valdecebollas tontorrean izan dira, baita Pisuerga ibaiaren iturburuan eta Las Tuerces parajean ere. Gainera, meategi bat eta bere museoa bisitatu dituzte, urtegi batean bainatu dira, mozorro lehiaketa bat egin dute, eta ezkutaketa edo bote-bote bezalako joko tradizionaletan aritu dira.
Kanpaldiaren balantzea “oso ona” da, denek oso ondo igaro dutelako. Pena bat badute ordea: “Hiru egun izan dira bakarrik!”. Hori dela eta, datorren urtean lau eguneko irteera egiteko pentsatzen jarrita daude.
ARGAZKIAK: Izadi Zaleak