ERREPORTAJEA. Lasterketarik jendetsuena, etxekoa

Ohi bezala, 17:00etatik 20:00etara bihar, edo 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:30era etzi, dortsalak jasoko dituzte Goierriko Bi Handiak proban irtengo diren korrikalariek. Ostiralean, 23:00etan hasiko da etxekoentzat lasterketarik kuttunena dena. Kuttunena ez ezik, jendetsuena izaten da, baita aurten ere: 550 mendi korrikalarik eman dute izena. Loinazko San Martin plazako aldapatik behera, Kale Nagusian behera abiatuko dira Aralarrera bidean.

550 korrikalari; 56 emakumezko eta 494 gizonezko. Tartean, hego euskal herritarrak dira nagusi (428), eta Goierriko ordezkaritza handia ere badu: 97 goierritarrek eman dute izena, Beasaingoak izanik gehienak: 38. Denek ala denek, helburu bat izango dute: Goierriko bi parke naturaletan barrena, 90 kilometroko eta 5.500 metro desnibel positiboko ibilbidea osatzea, Beasainen bertan helmugaratzeko.

Zaldibiatik Larraitzera, Txindokiko leporaino, Uarrainera gero, Lizarrustira jaitsi, Etzegarate, San Adrian, Oazurtza, eta Mutiloatik Beasainera. Batzuek gau bakarra pasatuko dute mendian, beste batzuek bi beharko dituzte ibilbidea osatzeko. Gauak sortzen duen magiarekin bat, ikusle askok egiten dute plana probako txoko ezberdinetara gerturatu eta korrikalariak animatzeko; Larraitzen elkartzen dira asko eta asko, Ehunmiletako hiru lasterketetan erdiko senidea den G2H probaz ikusle moduan gozatzeko.

Bakardadea mendian
Irteera puntuan izango diren goierritar askok errepikatu egingo dute abentura. Hori da Uxua Barandiaranen (Beasain, 1982) kasua. Bi aldiz dauka egina G2H lasterketa; 2014an lehena, eta 2022an bigarrena. Azken bi urteetan Marimurumendi mendi maratoia egin du, eta, hala, bakoitzetik bina proba osatuta edukita, «balantza desorekatu beharra zegoela» azaldu du: «Erronka bezala jarri dut G2H aurten».

«Nekatu samar» ibili dela aitortu badu ere, «minik gabe eta gustura» dago erronkari aurre egiteko: «Neke sentsazioa pixkanaka joan egin zait eta minik printzipioz ez daukat». Hala, bizikleta, asfaltoa eta mendia uztartu ditu entrenamenduetarako. Lasterketa batzuk ere egin ditu urtean zehar; besteak beste, Albaceteko (Espainia) Ripar herrian El Calar del Rio Mundo 45 kilometroko trail proba irabazi zuen apirilean, eta Zegama-Aizkorri mendi maratoian ere parte hartu zuen maiatzean. Azken txanpan sartuta, azkeneko entrenamendu luzeak egin ditu eta gustura dago egindako lanarekin.

«Sufritzea tokatuko zaigula garbi dago, baina espero dut gehiago gozatzea eta sufrimendua bigarren plano batean gelditzea»

Uxua Barandiaran. Mendi korrikalaria

«Tripak puntu ahula» izan ditu Barandiaranek, baina «denbora bat» darama arazorik izan gabe. Jan-edana eta indarra hartzeko alimentuak kontrolatzea ere bada proba prestatzearen parte: «Aloea edaten dut eta asko laguntzen dit kontrolatzeko, eta saiatzen naiz solidoa gehiago sartzen eta ez horrenbeste geletatik tiratzen. Gatzak, gelak eta anoa puntuetan on egiten didana hartuko dut. Gorputzak eskatzen didana».

Logistikari dagokionez, «karrera bera eta ingurua ondo ezagutzen» ditu, eta «gaua beti berezia» den arren, argi dauzka beasaindarrak jarraitu beharrekoak proba egunean: «Nire asmoa da Lizarrusti-Etzegarate arte indarrak gordetzen joatea, Etzegaratetik Oazurtza arte mantentzea, eta gero Oazurtzatik Beasainerako bidea ahal bada trote kotxinero esaten den horretan egitea lortuko banu, ba pozik».

Indartsu iritsi nahiko luke Beasainera, baina horretarako «burua ere eduki» beharra azpimarratu du: «Burua da landu beharrekoa, badakizulako ez dagoela zure kontrolpean eta zuk uste ez dituzun gauza asko gertatu daitezkeelako; sufritzea tokatuko zaigula garbi dago, baina espero dut gehiago gozatzea eta sufrimendua bigarren plano batean gelditzea».

Denborarik ez dio ezarri bere buruari, haren erronka G2Han izena ematea eta bakarrik abiatzea izan baita aurten. «Denbora baino gehiago, erronka hartzea bakardade horrekin mendian bizitzeko, eta gozatzea bakardade horretan». Dena dela, aipatu ditu denbora batzuk: «15 orduen bueltan ibiltzen banaiz, oso gustura, 14 ordutan egiten badut ba are gusturago, baina 16 ordutan egiten badut ere gustura».

Urtea egunari begira
Beste batzuentzat, aldiz, Ehunmilak trilogiako probaren batean parte hartzen duten lehenengo aldia izango da. Xabier Molinak (Urretxu, 1992) lehendabiziko aldiz parte hartuko du aurten, eta G2H proba aukeratu du lehen aldi horretarako. Gabirian bizi den urretxuarrak «entrenamenduak eta etxeko lanak eginda» dauzka dagoeneko. Egun gutxiren faltan, «pixka bat urduri baina eguna ailegatzeko desiratzen» dago. Mendian ibiltzera ohituta dagoela azaldu du Molinak, eta «ohikotik aldaketa askorik ez» duela egin. «Normaletik baino pixka bat gehiago entrenatu dut, baina mendian ibiltzera ohituta nago, karga pixka bat gehiago sartuta baina esperimentu berezirik gabe». Goierriko Bi Handietan estreinatuko bada ere, karrera luzeak egin izan ditu, «ez horren luzeak, baina ultra batzuk bai».

Iaz, Trail Menorca Cami de Cavalls proba egin zuen, 44 kilometrokoa, eta aurten, maiatzean, 65 kilometroko Domusa Teknik proba egin du. Martxoan, Bealak Trail 23 kilometroko mendi lasterketa egin zuen, eta apirilean 24 kilometroko Leharrei mendi lasterketa.

«Helburua oraintxe bertan bukatzea izango litzateke, eta ahal bada gustura eta sentsazio onekin bukatzea»

Xabier Molina. Mendi korrikalaria

«Urte guztia» darama G2Hko egunari begira. Ostiralean 23:00etan Beasaingo Loinazko San Martin plazatik irteteko, «jana eta logistika ere prestatu» ditu, noski: «Gutxinaka prestatu dugu urtean zehar, eta horretarako entrenamendu batzuk ere egin ditugu, ustez asmatuko dugulakoan».

Taldean prestatu du Molinak trilogiako erdiko senidea den proba, baina lasterketa bera bakarrik egingo du. Ez dauka helburu zehatzik, amaitzea izango du xede: «Helburua oraintxe bertan bukatzea izango litzateke, eta ahal bada gustura eta sentsazio onekin bukatzea».

Korrikalariek Zaldibian izango dute lehenengo gehienezko denbora; ordubete eta 25 minutu pasatuta irten beharko dira gehienez bertatik; ondoren, 5 ordura, Txindokiko lepotik; 8 ordu eta 30 minutura, Lizarrustitik; 12 ordu eta 15 minutura, Etzegaratetik; 14 ordu eta 40 minutura San Adriandik; 17 ordu eta erdira, Oazurtzatik; eta 22 ordu pasatu baino lehen helmugaratu beharko dira Beasainen.

Iaz bigarren egin zuten Olatz Azazetak eta Ander Iñarrak izena emanda dute.