Pirinioetara bi eguneko irteera egingo du Ameztik, asteburuan

Amezti mendi elkarteak bi eguneko irteera egingo du asteburu honetan Pirinioetara, Nafarroan. Aurizberrin hartuko dute ostatu eta Erro bailara inguruan inprobisatuko dituzte irteerak «eguraldiaren arabera», taldeko kide Asier Berasategik azaldu duenez. Larunbat goizean irtengo dira Zegamatik eta igandean itzuliko dira berriz etxera. 

Aspaldiko urteetako ohitura dute Ameztin, uda sasoian asteburu osoko mendi irteera bat egitea. Aurtengoan zazpi bat lagunek hartuko dute parte. Batez ere Pirinioak izan dituzte helmuga irteera hauetan, baina izanak dira Europako mendietan, Ezkarain (Errioxa) edo Burgos (Espainia) inguruan ere.