Axari Trail, punta-puntakoa aurten ere

Idiazabal Kirol Elkarteak antolatutako XII. Axari Trail-Mikel Garmendiaren oroimenezkoa bikaina izan da aurten ere. Ikusle ugari kalean zein mendian, korrikalariak kopuruz, lehiaz eta jarreraz bete-beteko, eta eguraldia ere aldeko. Goierri Kopa Traileko zortzigarren proba puntuagarria da.

Mendi lasterkariak 09:30ean abiatu dira plazatik, Axari Trail txikikoak eta Axari Trailekoak denak elkarrekin. Proba laburrean –16 kilometro eta +750 desnibel positiboa– 303 korrikalari izan dira, 88 emakumezkoak. Kadete mailakoek ere parte hartu dute horien artean –53 denera, eta 12 neska–. Luzean, 25,4 kilometro eta +1.550 metroko desnibel positiboa osatu behar izan dute 210 partaideek –35 emakumezko–. Gehienez lau ordu daude proba bukatzeko.

Axari Trail txikian lehiatu estu-estua izan da, mutiletan batez ere. Lehen hiru sailkatuak 35 segundoren aldearekin helmugaratu dira. Azkenean Beñat Bereziartu lazkaotarra izan da garaile. Nesketan, hasieratik bukaerara nagusitu da Eider Zubeldia amezketarra.

Gontzal Murgoitio elorrioarra izan da Axari Traileko irabazlea mutiletan, kontrolgune guztietatik lehen postuan igarota. Denbora bikaina egin du (2:01:01), baina ezin du ondu Aritz Egea urretxuarra 2014an jarritako denbora. Nesketan, Ainhoa Garikano tolosarrak ere hasiera-hasieratik jarri da lasterketa buru, eta hark jaso ditu besoak helmugan.

Sari banaketaren ondoren, Zelaa kiroldegian zuten egokitua antolatzaileek bazkaltzeko tokia.

Sailkapen guztiak Kronoak.eus webgunean kontsulta daitezke.

SAILKAPENAK

Axari trail

Emakumezkoak

  • 1. Ainhoa Garikano (Tolosa). 2:36:54
  • 2. Adirane Peñagarikano (Urretxu). 2:42:12
  • 3. Irati Larrañaga (Usurbil). 2:45:11

Gizonezkoak

  • 1. Gontzal Murgoitio (Elorrio). 2:01:01
  • 2. Anartz Artola (Hernani). 2:05:09
  • 3. Hassan Ait Chaou (Villabona). 2:11:18

 

Axari trail txiki

Emakumezkoak

  • 1. Eider Zubeldia (Amezketa). 1:34:54
  • 2. Ainhoa Goikoetxea (Lazkao). 1:38:51
  • 3. Nora Anton (Lazkao). 1:38:53

Gizonezkoak

  • 1. Beñat Bereziartu (Lazkao). 1:12.09
  • 2. Josu Urrestarazu (Idiazabal). 1:12:33
  • 3. Amets Aranberri (Zestoa). 1:12:44

ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga