Zerain, harriaren ustiategia

Barbari aldeko parajeak eta Oamendiko malkar eta harriak izango dira, besteak beste, aurtengo Bost Herrien Arteko ibilaldiaren eszenatoki; aurten hamargarrena eta zeraindarrek antolatuta. Helburu bikoitza izan du sorreratik Aizkorpeko herriak batzen dituen irteera honek; «bost herrien arteko hartu emana estutzea» batetik, eta inguruko parajeek ezkutatzen duten ondarea ezagutzera eman eta zabaltzea, bestetik. 

2015ean, 400 urte bete ziren Idiazabal, Mutiloa, Zegama eta Zerain Seguratik bereizi eta nork bere udala eratu zuenetik. Mendeurren horren ospakizunen habian sortu zen hain zuzen, Bost Herrien Arteko ibilaldia Segura, Idiazabal eta Zegamako mendi elkarteek eta Zeraingo Liztormendi eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteen ekimenez. Ordutik, urtero elkarte batek izan du irteera antolatzeko ardura. 

Zeraingo mendian, harria baliabide izenburupean antolatu dute aurtengoa, «inguru honetan ezkutuan ez, baina ahaztu samar ditugun zenbait leku bertatik bertara ezagutzeko; baita, leku horietako aztarnek utzi duten oroitzapenean sartzeko aukera eskaintzeko ere», diote antolatzaileek. Larunbatean, irailak 20, 8:00etan abiatuko dira mendizaleak Zeraingo plazatik eta 14:00ak ingururako itzuliko dira leku berera, 14 kilometroko ibilbidea burutu eta gero. Amaitzeko, bazkaria egingo dute Liztormendi elkartean.  

Mendiaren ustiaketa

Bizimodua aurrera ateratzeko, lurreko harri eta mineralak mendeetan zehar baliatu ditu gizakiak ingurua ustiatuz. Hain zuzen, ibilaldian zehar, «antzina egindako lan hauek Zeraingo mendietan utzitako arrastoa» aztertuko dute. Larraondoko bailaratik gora, Arrola inguruan egingo dute lehendabiziko geldialdia, lehenagoko meatzarien jardunaren lekuko den Barbariko haitzaren magalean dagoen Jentilen sukaldean. 

Juan Inazio Iztueta idazle zaldibiarrak jasota utzi zuenez, mendi hauetako burdin mea burdinoletan lantzeko lehengai gisa erabili zen XII. mendetik XIX. mendera bitartean. Zerain eta Mutiloako mea «kalitate handiko lehengaia ez bazen ere erruz erabili zen inguruko lantegietan, garraio kostua txikiagoa izanik». 1838an oraindik, Zeraingo mea Alegi, Legorreta, Beasain, Legazpi, Zegama eta Idiazabalgo oletara eramaten zen.  

Arrolatik Bostaritzetara igota Bostaritzetako karobia ikusteko parada hartuko dute, «kareharria egosita ateratako hautsak gauza askotarako balio zuen, kareorea etxeak eraikitzeko, kare esnea paretak zuritzeko; soroan lurra samurtzeko…». 

Sona handiko harrobia

Zeraingo Oamendi gailurra izango da hurrengo helmuga, «Oamendi, burdin meatzea bezala, leku ona da ondasun mineralak ateratzeko lana nola gauzatu zen ikusteko. Han ere harria erauzten aritu izanaren zantzuak daude ikusgai». Hain zuzen, inguru horretan bat egiten dute Zerain, Zegama eta Legazpiko lurrek. Garai batean herri guztietan izaten ziren harrobiak, baina «sona handikoa izan zen Zerain eta Legazpi arteko Oamendikoa». Ez da harritzekoa, bertako harria leku askotan erabili izana, «Zeraingo elizan bertan, Idiazabalgoan edo Legazpiko udaletxean ere bai». XVI. mendearen erdi aldera eraiki zen Oñatiko unibertsitatea ere «Oamendiko harria erabilita eginda dago». Beherakoan, Bostaritzetatik Barbari auzoko etxeetatik barrena, Segurako mugetatik Txoritegiko haitza alde batera utzita, Zerainera jaitsiko dira.