Korosti Trail, mendi korrikalarientzako hurrengo hitzordua, igandean, Legazpin

Legazpiko mendi lasterketek estreinaldiko urtean izan zuten arrakasta gainditzea zaila izango da, baina bigarren edizioan ez dute huts egiteko asmorik antolatzaileek. Korosti Trail igandean jokatuko da, eta dena prest dute. Gaur aurkeztu dituzte xehetasunak udaletxean egindako ekitaldi batean.
Antolaketa taldeko Mikel Salegi, Andoni Etxaleku eta Josu Ureta arduratu dira aurkezpenaz, antolaketan ezinbesteko laguntzaile duten udaleko ordezkari Eric Galvez alkatearekin eta Josu Galilea kiroletako zinegotziarekin batera.
Urriaren 12a, igandea, da Korosti Trail lasterketen eguna aurten. Bi proba izango dira bigarren edizio honetan ere, luzea eta motza, eta Euskal Herria plazan irteera eta helmuga jarrita, Gorostiaga edo Korosti mendi inguruan egingo dira. Biak Goierri Kopa Trailerako puntuagarriak izango dira. Kopa osatzen duten hitzorduetatik azkena izango da, eta sailkapena itxiko duena.
Legazpin 480 korrikalari elkartuko dira igandean, eta horietatik 192 legazpiarrak izango dira. Boluntarioak, berriz 100dik gora izango dira aurten ere.
Korosti Trail kontsolidatzen
Aurten, “Korosti Trail kontsolidatzeko helburuarekin gatoz”, esan du Etxalekuk. “Iazkoa izugarria izan zen, ibilbide lehiakor bat prestatu genuen, partaide asko izan ziren, mendian jende asko egon zen animatzen, eguraldiak lagundu zuen… Lasterketa pila bat daude egutegian, eta gure helburua da aurten ere Korosti Trail indartsu bat egitea eta gure lekua lortzea”.
Kirol probaz gain, Korosti Trail festa giroarekin ere lotuko dute aurten ere, “lasterkarientzat bakarrik izan beharrean, horiekin datozen familiei eta lagunei begira, eta legazpiar guztiei begira ere bai. Guk ez ditugu beste lasterketek dituzten pizgarriak, Zumaiako flysch-a edo Oñatik Aloñarekin duen paisaia, adibidez, eta horregatik guk geure proiektua egin dugu, jarduera osagarri horiekin”.
Bi lasterketa
Korosti Traileko bi lasterketek iazko ibilbideak izango dituzte. “Korrikalarien aldetik jasotako feedback-ak oso onak izan ziren, asko gustatu zitzaien”, Salegiren esanetan.”Biak ibilbide oso politak dira”.
Proba luzea 09:30ean abiatuko da plazatik, eta 23,4 kilometroko ibilbidea eta 1.400 metroko desnibel metatua izango ditu, eta 190 korrikalari daude izena emanda. Bidean lau anoa postu izango dituzte. Lehenaren helmugaratzea 11:30erako dago aurreikusita. Lasterketa luze honetan kilometro bateko tartea egongo da aparte kronometratuko dena, Jentiletxeko igoera, eta hori azkarren egiten duten gizonak eta emakumeak sari berezi bana izango dute.
Lasterketa motza 10:00etan hasiko da. Ibilbideak 13,5 kilometro izango ditu, eta 800 metroko desnibel metatua. Hemen 290 partaide izango dira, eta lehena 11.10 aldera iritsiko da helmugara.
Bi lasterketak Zatui mendi lerrotik zehar egingo dira, eta Gorostiagatik edo Korostitik, Jentiletxetik, Oregitik, Eskortazarretatik eta Arranoaitzetik igaroko dira. Lasterketa luzeko partaideak Arrolamendiraino ere joango dira.
Slackline erakustaldia
Mendi korrikalarien Legazpiko festa hau larunbatean hasiko da, egun osoan zehar slackline kirolarekin zerikusia duten jardueran izango direlako. Slackline bi puntuen artean eta altueran jartzen den sokaren gainean oreka mantentzean datzan kirola da, eta Oreka Tolosa taldeko kideak arduratuko dira jarduera horretaz. 13:00etatik 14:00etara izango dira lehen jarduerak, eta 17:30etik 19:00etara jarraituko dute. Tarte horretan erakustaldia ere egingo dute, zehazki elizako kanpandorrearen eta pareko eraikinaren artean jarritako soka gainean.
Larunbat arratsaldean dortsal banaketa ere egingo dute, Urbeltz pilotalekuan 17:30etik 19:00etara.
Igande goizean ere izango da zer egin plaza inguruan. Antolatzaileak dortsalak banatzen jarraituko dute 08:00etatik 09:30era arte Urbeltzen, eta lasterketen txanda etorriko da ondoren. Korrikalariak mendian diren bitartean, 11:00etan hasita festa giroa izango da plazan, taloekin, kirol materiala eta artisau lanak saltzeko postuekin eta haurrentzako puzgarriekin. Sari banaketa 13:30ean egingo dute.
Ekitaldi horien guztien berri eta lasterketei buruzko informazioa Mikel Bravok kudeatzen dituen korostitrail.eus webgunean eta sare sozialetan daude.
Udalaren bultzada
Legazpiko Udalak bere babesa adierazi die aurtengo Korosti Trail lasterketei Eric Galvez alkatearen eta Josu Galilea zinegotziaren bitartez. “Iaz sekulako maila jarri zuten antolaketaren eta partaideen aldetik, eta antolakuntza goraipatu behar da. Seguru gaude bigarren edizioan ere oso ondo egingo duzuela”, esan die alkateak antolatzaileei. Eskerrak ere eman dizkie, “Legazpiren izena era mendi lasterketen munduan kokatzeagatik”.
Galileak, bere aldetik, iaz aurkeztu zioten proiektua aurrera eramateagatik eskertu ditu, eta udalak bultzatzen dituen balioak jartzeagatik: “Osasuna bultzatzea, eta gure ingurumena ezagutaraztea eta errespetatzea”.
Antolatzaileek eskerrak bueltatu dizkiete udal ordezkariei, “hasiera-hasieratik erakutsitako babesagatik”. Boluntarioak ere ez dituzte ahaztu, iaz 110 izan ziren eta aurten 100 inguru. Enpresariek emandako diru laguntza ere eskertu dute.