IX. Orientazio Liga Herrikoiko 5. proba Lizarrustin jokatuko da

Uda amaitu da eta udazkenarekin batera badatoz orientazio kiroleko saioak. Gipuzkoako Herri Orientazioko IX. GOL Ligako (2025) bosgarren proba igandean jokatuko da, urriaren 12an, Lizarrusti-Lareo inguruan, Aralarko Parke Naturalaren bihotzean. Ingurune paregabea izango da orientazio zaleentzat, larre eta basoz osaturiko eremu babestu batean egingo baita proba. Antolatzaileek gogorarazi dute ingurunea errespetatzea ezinbestekoa dela. 

Proba irekia
250 parte-hartzailek jokatuko dute. Ekimena publiko zabalarentzat irekia izango da, eta nork bere kasa egiteko aukera izateaz gain, familian eta lagun artean egiteko aukera ere izango da. Halaber, txakurrarekin parte hartzen duenak uneoro lotuta eraman beharko du: irteeran, lasterketan eta helmugan. Harrera gunea Lizarrustiko mendateko aparkalekuan izango da. Antolatzaileek azaldu dute ez dela zerbitzu berezirik egongo; komun publikorik ere ez da izango inguruan, baina aparkalekuko aisialdi guneak iturri bat, mahaiak eta aulkiak ditu. 

Irteerak eta helmuga
Irteerak 09:30ean hasiko dira eta bi minutuero egingo dira. Parte hartzaileei gogorarazi zaie irteera gunea harrera gunetik 2,2 kilometrora dagoela, 170 metroko desnibelarekin, eta beraz, 30-40 minutuko ibilaldia egin beharko dutela bertara iritsi arte. Horregatik komeni da norberak bere ordutegia ondo kalkulatzea, atzerapenik ez sortzeko. Helmuga, berriz, Lareoko urtegi inguruan izango da, eta proba amaitu ondoren, parte-hartzaileek oinez egin beharko dute berriz ere aparkalekurako jaitsiera.

Kirol jarduera hau eremu natural batean egingo denez, antolatzaileek errespetuz jokatzeko eta ingurumenaren zaintza lehenesteko deia egin dute. Naturaz gozatzeko eta orientazio kirola bizitzeko aukera ederra izango da igandekoa.