Idiazabalgo I. Mendi duatloian 119 lagunek eman dute izena

Idiazabalgo I. Mendi duatloia jokatuko da bihar, Idiazabal Kirol Elkarteak antolatuta. Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko proba da. Lehena Asteasun jokatu zen, bigarrena Durangon, eta Idiazabalgoa hirugarrena izango da. 119 lagunek eman dute izena biharko probarako. Zazpi proba ditu egutegiak.
16:00etan izango da irteera ordua. Hiru sektoretan banatu dute: lehen sektoreak 5,64 kilometro ditu, 218 metro desnibel positiboarekin, korrika egiteko; bigarrenak, bizikletan egitekoak, 16,54 kilometro eta 758 metro desnibel positibo ditu; eta hirugarrenak, bukatzeko, 2 kilometro eta 69 metro desnibel positibo, korrika egiteko. Duela urte batzuk Zegaman eta Beasaingo Arriaran eta Igartzan jokatu izan ziren mendi duatloiak, baina horiek desagertuta, Idiazabalgoa da Goierrin jokatuko den bakarra.
Emaitza bikainak
Goierritarrek emaitza bikainak lortu dituzte zirkuituko lehenengo bi probetan. Asteasun, Josu Urrestarazu idiazabaldarrak lehenengo postua eskuratu zuen, eta Ainhoa Markinez idiazabaldarrak bigarren postua. Durangon, berriz, alderantziz izan zen: Urrestarazuk bigarren egin zuen, eta Markinezek lehenengo. Durangon, Xabier Agirre idiazabaldarrak gizonezkoetan eta Maite Murgia lazkaotarrak emakumezkoetan, hirugarren egin zuten.