‘Elur goritan’ filmarekin hasiko da Beasaingo Mendi Festibala

Beasaingo Mendi Festibala bueltan da, bere XVIII. edizioarekin. Mendiaren inguruan bizitako esperientziak eta balioak partekatzeko topagune bihurtuko da Usurbe Antzokia, urriaren 14tik hasita urriaren 22ra bitartean. Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak antolatu dute ekimena, Beasaingo Udalaren laguntzarekin.
Aurtengo egitarauan lau ikus-entzunezko izango dira. Lehenengoa, bihar, asteartea, Elur Goritan izango da. Iker Larrañagak zuzendutako dokumentalak Kamchatkako sumendien artean eskiatzeko espedizio baten kronika erakusten du, Jurek Ziemkiewicz protagonista dela.
Etzi, berriz, Carlos Pauner Aragoiko mendigoizale ezagunak, Annapurnara espedizioa dokumentala aurkeztuko du, Himalaiako igoera baten garaipen eta galerak kontatuz.
Hirugarren saioan, urriaren 21ean, Koke Lasa ozmaiztegiarrak Aketegiko Mari ikus-entzunezkoa eskainiko du, euskal mitologia eta mendizaletasuna uztartzen dituen lana.
Azkenik, urriaren 22an, Ibon Mendia izango da protagonista, Ibon Ameriketan lanarekin, Amerikako mendi eta hormetan barrena egindako bost hilabeteko bidaiaren kontakizuna aurkeztuz.
Festibala ez da soilik ikus-entzunezkoen zikloa izango. Izan ere, urriaren 25ean, Antzizar kiroldegiko rokodromoan ate irekien jardunaldia egingo da, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, haur eta helduentzat.
Antolatzaileek adierazi dute, Mendi festibalak «mendizaletasuna, abentura eta giza balioak uztartzen dituen elkargune» izan nahi duela, eta eskerrak eman dizkiete Beasaingo Udalari eta Ampori emandako laguntzagatik.