Izadi Zaleak elkartea haurrentzako mendi irteerekin hasiko da igandean
		                    		                    		                Haurren mendi irteeren ikasturte berria hasiko du igande honetan Izadi Zaleak elkarteak. Ikasturteko lehen hitzordua PR-GI 106 erromesen ibilbidearekin izango da.
Ibilbide hori Arrasateko erromesek irailaren bigarren igandean Arantzazuko Santutegira ailegatzeko erabiltzen duten bidea da. Aretxabaleta eta Eskoriatzako erromesek ere, behin Urkuluko urtegira helduta, bide bera jarraitzen dute.
Ibilbidea Arrasaten hasi eta Urkuluko urtegira igotzen da. Bertatik, Urrexola eta Larrino auzoetara gerturatuko dira mendizaleak, eta ondoren, Jaturabetik datorren kanalaren alboan doan bidea hartuta, Oñatiko Araotz auzoko Arrikrutz kobako aparkalekura iritsiko dira, zubia igaro ondoren. Guztira 11 kilometro izango dira, eta 465 metroko desnibela gainditu beharko dute.
Irteera 08:30ean izango da, eta Legazpira 13:30 inguruan itzuliko dira. Izena eman behar da gaur eta ostegunean, elkartean bertan, 18:30etik 19:30era, edo 943 73 11 68 Whatsapp mezu bat bidalita.
                    