«Astakeria handi samarra litzateke Tor des Geantsera itzultzea»

UNAI DORRONSORO. Mendi korrikalaria

Tor des Geants lasterketa korritu zuenetik aste batzuk igaro dira, baina Unai Dorronsoro mendi korrikalaria (Beasain, Gipuzkoa, 1985) nekatuta dago oraindik. Dena den, hasi da berriro korrika. Lortutakoaz hitz egitean, pozik dagoela nabari zaio, eta irribarre egiten du. Ahaztuko ez duen esperientzia bat bizi izan zuen Aostako bailaran, Italian.

Nola ari zara osatzen egindako ahaleginetik?
Egia esan, nahiko ondo. Uste nuen askoz ere gehiago kostako zitzaidala gorputzari buelta ematea eta hanketan izan nituen oinazeetatik osatzea. Lehen egunetan hankak puztuta eduki nituen, eta tarte batean zutik egonez gero hanketako mina jartzen zitzaidan. Geroztik, gutxinaka nire onera etortzen ari naiz. Loa ere ez zait aldatu, eta hori ere alde izan dut.

Lasterketa nahiko justu amaitu zenuen.
Bai, hala izan zen. Lasterketa amaitu bezain laster, helmugatik furgonetara zegoen tartean, bi aldiz etzan behar izan nuen. Bost minutu baino ez zeuden batetik bestera, baina logura handia neukan. Ordubete lehenago korrika egiten nenbilen, baina behin helmuga zeharkatu eta gero, txakalaldia izan nuen.

Lasterketa osatzeko 74 ordu, 15 minutu eta 19 segundo behar izan zenituen. Zenbat denbora egin zenuen lo?
Ordu eta erdi inguru, hiru egunean. Lehen gauean ez nuen batere lorik egin. Ondo eutsi izan diot Ehunmiliak lasterketan, eta honetan ere hala egin nuen. Lasterketan zehar, 50 kilometrotik behin gutxi gorabehera, atseden hartzeko postuak daude. Sei daude guztira. Nik laugarrenean geratzeko asmoa nuen, 200. kilometroan, alegia. Hala egin nuen. Bigarren gauean izan zen, eta 45 minutuz egon nintzen lo. Hirugarren gauean, koadrizepsa erabat kargatua nuen, eta azkeneko atseden postuan fisioterapeutarengana joan nintzen zuzenean. Masaje bat behar nuela esan nion, baina aurretik ordu erdi egin nuen lo. Esnatzeko eskatu nien. Denera ordu eta laurden izango ziren. Baina egunean zehar, eta aldapa luzeetan gehienbat, bost minutuko lau edo bost kuluxka egin nituen. Horretarako alarma jartzen nuen erlojuan, baina bost minutuak pasatzerako esnatu egiten nintzen. Esnatzean, musika jarri eta aurrera jarraitzen nuen.

Noiz erabaki zenuen lasterketa horretan parte hartzea?
Horrelakoetan askotan gertatzen den antzera: sagardotegi baten ondoren, lagun batekin. 2024. urteko urtarrilean izan zen. Hala ere, aspalditik nuen buruan bertan parte hartzea. Lasterketa luzeetan aritzen garenon artean erronketako bat da, beste aurrerapauso bat emateko aukera ematen baitu. Aurten, biek eman genuen izena; baita beste hiru lagun korrikalarik ere. Lauk lehen aldiz hartu genuen parte lasterketan. Giro ederra izan genuen.

Distantziari erreparatuta, bazenuen erreferentzia bat: Ehunmiliak lasterketa.
Tor des Geants lasterketaren distantziari errespetu handia nion. Hori dela eta, aurten Ehunmiliak lasterketan izena ematea erabaki nuen. 2019an korritu nuen azkenengoz. 24 orduz korrika egitean zer sentitzen zen jakiteko beharra nuen berriro ere. Eguraldi txarragatik moztu egin behar izan zuten, eta azkenean 125 kilometro egin genituen. Banekien, denboraz, Ehunmiliak baino hiru aldiz luzeagoa izango zela. Zalantza asko neuzkan, ea gorputzak nola erantzungo zuen berrogeigarren ordutik aurrera. Kilometroetan bikoitza den arren, matematikak ez dira hain erraz egiten mendi lasterketetan.

Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.