Aizpea-Oamendi, burdinaren eta harriaren lurraldean

Zeraingo Aizpeako labeak eta Oamendi mendia lotzen ditu ibilbide zirkular honek. Aizpitako adieraztegia du abiapuntu, eta Burdinaren mendia zeharkatu ondoren, Goierri bailararen eta Aizkorriko gailurreriaren ikuspegi aparta duen Oa mendia du helmuga. Kolore eta itxura bereziko harria erauzten zuten mendi horretan. Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan dago.
Laurehun metro inguruko garaieran abiatzen da ibilbidea, adieraztegiaren aparkalekuan. Han hainbat informazio panel aurkituko ditu ibiltariak: Aizpeako meategiari buruzkoa, Aizkorpeko burdinaren bidekoa eta Zeraingo ameztiak hobetzeko proiektuarena. Oamendi adierazten duen PR-Gi 3008 arrasto zuri-horiak izango dira gidariak.
Ibilbide osoan zehar burdinaren ustiaketarekin lotura duten eremuak zeharkatuko ditu ibiltariak, batez ere hasieran eta bukaeran. Gorri koloreko geziak nabarmentzen dira, baina azti ibili beharra dago nahastu gabe, Oamendira iristeko PR-aren arrastoak baitira erreferentzia.
Oamendiko gain zabala
Burdinaren menditik zerbait urrundu, eta Larrantxo gainera iristean, Barbari aldeko Urruzti baserri aldera jaitsi behar da, handik Oamendiko igoerari ekiteko. Lehendabizi Harripiletako tontorrera iristen da (888 m.), eta metro gutxira Oamendiko gain zabala (886 m.). Haren barrenean dago mendizaleen aterpea.
Begiratoki aparta da. Aizkorriko gailurreria parean, eskubira Debagoieneko eta Bizkaiko mendiak, eta ezkerrera Goierriko herriak, Aralar atzean dela. Atzera, baina Burdinaren mendiko beste hegitik, Aizpeako kiskaltze labeetara iristen da, baso misto baten barrenean dauden bide eta zidorrei jarraituz.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena
Luzera
Desnibela goraka
Desnibela beheraka
Zailtasuna
IBILBIDEA
PROFILA
IBILBIDE GEHIAGO

Gabiriatik Gaintxikira, Leharrei lasterketaren ibilbideari jarraituz
-
- 12 Km
- 4 ordu
- 457 m
Gabiriako plazan (420 m.) hasi eta bukatzen da hamabi kilometroko ibilbide zirkular hau . Plazan bertan, ikurrinaren ondoan, iturria dago, eta haien parean ikusten den bideari heldu behar zaio Ardantza aldera joateko. Handik, Murgil gaina, Pagoeder, eta Trapalatatik Gaintxikira arteko hegi guztia zeharkatuta, Urkuxuko sakonetik Zuazola auzora jaisten da, atzera herri kaskora igotzeko. Leharrei mendi lasterketaren lehen zatia osatzen du ibilbideak.
IBILBIDEA IKUSI
Aztiriatik Otañura, Aizpuruko begiratokitik itzulingurua eginez
-
- 6,5 Km
- 2 ordu
- 255 m
Gabiriako Aztiria auzoan hasi eta bukatzen da ibilbide zirkular hau, erretegiaren ondotik (605 m.). Hasierako metroak 500-600 metroak GR arrastoei segituz egin behar dira baserri bide batean, eta hortik Otaño-Otañu mendira (834 m.) bitarteko zatia Aztiriko mendi lasterketaren arrasto arrosak erreferentzia modura hartuta, Legazpiko lurretan. Beherakako zatirik handiena Zerain eta Mutiloako lurretan egiten da abiapuntura itzuli arte, tartean Aizpuruko gaina (698 m.) ezagutuz.
IBILBIDEA IKUSI
Irimo, naturak eta historiak bat egiten duten Urretxuko mendia
-
- 7 Km
- 2 ordu
- 422 m
Urretxuarren mendi kutuna da Irimo (902 m.), baita haren oinetan dauden Lizarriturri eta Iturraundi iturriak ere. Santa Barbarako ermitan hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular honek Irimoko gurutzetik Meakara arteko gailurreria guztia zeharkatzen du. Duela berrehun urte soldadu frantsesek eta erregeek ere erabiltzen zituzten bideok, Europarako bidea paraje hauetatik igarotzen baitzen, Ipeñarrieta jauregia lekuko.
IBILBIDEA IKUSI
Urkillagatik Agautzera, baso, larre eta leize artean
-
- 11 Km
- 3.5 ordu
- 525 m
Ataungo Aiako Urkillagako gaina eta Agautz mendia lotzen dituen ibilbide zirkular honek. Mendatearen ertz batean dagoen aparkalekutik abiatu, artadia, pagadia eta larreak zeharkatuta, Aralarren ikuspegi paregabea duen Agautz mendira iristen da. Sarastarriko gainera igo eta hango kobara sartzeko aukera ere ematen du ibilbide honek Lareoko urtegira pagadian behera jaitsi aurretik.
IBILBIDEA IKUSI