Aztiriatik Otañura, Aizpuruko begiratokitik itzulingurua eginez

Gabiriako Aztiria auzoan hasi eta bukatzen da ibilbide zirkular hau, erretegiaren ondotik (605 m.). Hasierako metroak 500-600 metroak GR arrastoei segituz egin behar dira baserri bide batean (GR-120), eta hortik Otaño-Otañu mendira (834 m.) bitarteko zatia Aztiriko mendi lasterketaren arrasto arrosak erreferentzia modura hartuta, Legazpiko lurretan. Beherakako zatirik handiena Zerain eta Mutiloako muga-lurretan egiten da abiapuntura itzuli arte, tartean Aizpuruko gaina (698 m.) ezagutuz.
Aztiriako kaskoan jatetxea, Aztiri-Bat elkartea, Santa Marina ermita eta bolatokia ikusiko ditu oinezkoak. Iturria ere badu plazatxoan. Parean ikusten den langa gurutzatu beharra dago ibilbideari ekiteko, Biurraingarakoa baserri aldera. Hara iritsi aurretik baserri bidea utzi –azti bidegurutze horretan–, eta goraka egin beharra dago ezkerrera zabaltzen den bidetik. Pinudi baten gora aurrena, eta leku irekiagoan bukaeran, 40 minuturen bueltan iristen da ibilbide honen puntu gorenera.
Gain airoso eta zelaitsua da Otaño-Otañu, eta pare-parean ditu Aizkorri-Aloñako gailurreria, eta eskubitara urrutirago Udalaitz eta Anboto. Akerra mendigoizaleari eskainitako monolito bat, puntu geodesikoa eta aizkora ditu tontorrean. Legazpiko Telleriarte auzoko lurretan dago tontorra.
Aizpuruko begiratokitik itzulera
Otaño-Otañutik pinudi batean behera aldapa piko-piko batean behera jaitsi ondoren, ibilgailuentzako moduko pista batean egingo dugu hurrengo kilometro eta erdia, Oraiturrieta eta Zabarain inguruak zeharkatuz. Una batean bide hori utzi, eta Aizpuruko gain aldera (698 m.) jotzea da ibilbide honetan egindako aukera. Zerain eta eta Mutiloa arteko muga eremuetan. Begiratoki aparta da. Beheko zuloan Zeraingo Aizpea auzoak eta meategiko labeak ikus daitezke, eta begirada luzatuta, Goierri bailara eta Aralar osoa.
Itxitura kontran Aizpuruko txabolaraino jaitsi, hura ezagutu, eta Alustitzaingo ganadu harrapalekuan atzera bidearekin egiten da bat, Mutiloako lurretan. Ezkerretara, Segabarruti izeneko parajean, eraikin batzuk ikusiko ditu oinezkoak. Kilometro eta erdi egin behar dira pistan –hasieran leku irekian, bukaeran pinudian–, Aztiriara doan errepidearekin bat egin arte. Metro batzuk bide bazterretik egin eta gero, ezkerretara sumatzen den herri-bidea hartu beharra dago auzo-kaskora itzultzeko.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena
Luzera
Desnibela goraka
Desnibela beheraka
Zailtasuna
IBILBIDEA
PROFILA
IBILBIDE GEHIAGO

Gabiriatik Gaintxikira, Leharrei lasterketaren ibilbideari jarraituz
-
- 12 Km
- 4 ordu
- 457 m
Gabiriako plazan (420 m.) hasi eta bukatzen da hamabi kilometroko ibilbide zirkular hau . Plazan bertan, ikurrinaren ondoan, iturria dago, eta haien parean ikusten den bideari heldu behar zaio Ardantza aldera joateko. Handik, Murgil gaina, Pagoeder, eta Trapalatatik Gaintxikira arteko hegi guztia zeharkatuta, Urkuxuko sakonetik Zuazola auzora jaisten da, atzera herri kaskora igotzeko. Leharrei mendi lasterketaren lehen zatia osatzen du ibilbideak.
IBILBIDEA IKUSI
Irimo, naturak eta historiak bat egiten duten Urretxuko mendia
-
- 7 Km
- 2 ordu
- 422 m
Urretxuarren mendi kutuna da Irimo (902 m.), baita haren oinetan dauden Lizarriturri eta Iturraundi iturriak ere. Santa Barbarako ermitan hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular honek Irimoko gurutzetik Meakara arteko gailurreria guztia zeharkatzen du. Duela berrehun urte soldadu frantsesek eta erregeek ere erabiltzen zituzten bideok, Europarako bidea paraje hauetatik igarotzen baitzen, Ipeñarrieta jauregia lekuko.
IBILBIDEA IKUSI
Urkillagatik Agautzera, baso, larre eta leize artean
-
- 11 Km
- 3.5 ordu
- 525 m
Ataungo Aiako Urkillagako gaina eta Agautz mendia lotzen dituen ibilbide zirkular honek. Mendatearen ertz batean dagoen aparkalekutik abiatu, artadia, pagadia eta larreak zeharkatuta, Aralarren ikuspegi paregabea duen Agautz mendira iristen da. Sarastarriko gainera igo eta hango kobara sartzeko aukera ere ematen du ibilbide honek Lareoko urtegira pagadian behera jaitsi aurretik.
IBILBIDEA IKUSI
Txurrukopunta, eskuera dagoen lehen mila metrokoa
-
- 7,5 Km
- 2.5 ordu
- 434 m
Zegamako Otsaurte bentako aparkalekutik (669 m.) abiatzen da ibilbide zirkular hau. Andra Mari baseliza eskubitara utzi, Beunda aldera doan pistan hartu, eta kanadiar pasabidea igaro eta beherala, Ultzama aldera jo behar da, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren puntu hori jarraituz. Ultzamara iristean, arrasto berde-zuriei jarraitu ehun metroan, eta belazean gora eginez iristen da Txurrukopuntara (998 m.). Naparraitzera eta Garagartzako txabolara jaitsi eta gero, SL-Gi 3004 bideari segika, basoko zidor eta pistetatik ailegatzen da abiapuntura.
IBILBIDEA IKUSI