Txurrukopunta, eskuera dagoen lehen mila metrokoa
Zegamako Otsaurte bentako aparkalekutik (669 m.) abiatzen da ibilbide zirkular hau. Andra Mari baseliza eskubitara utzi, Beunda aldera doan pistan hartu, eta kanadiar pasabidea igaro eta beherala, Ultzama aldera jo behar da, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren puntu hori jarraituz. Ultzamara iristean, arrasto berde-zuriei jarraitu ehun metroan, eta belazean gora eginez iristen da Txurrukopuntara (998 m.). Naparraitzera eta Garagartzako txabolara jaitsi eta gero, SL-Gi 3004 bideari segika, basoko zidor eta pistetatik ailegatzen da abiapuntura.
Aizkorri-Aratz parke naturalean egiten den ibilbide erosoa. Hasiera eta bukaera basoan, eta gainontzekoa larre eta gain irekietan. Arkaungainean dagoen Abilletako zistatik igaroz (820 m.) lehen kilometroa osatu ondoren, bide gozoan Ultzamako ganadu harrapalekura iristen da, ia altuerarik irabazi gabe (824 m.). Han hasten da eguneko aldaparik pikoena, zelaira betik gora helduz, eta pagadia ezkerrera utziz.
Txurrukopuntatik dagoen ikuspegia bikaina. Lasai hartuta, ordubetean iristen da. Gain garbi-garbia da mila metroko garaieran, eta 360 graduko panomarika eskaintzen du: Aratz mendia eta Aizkorriko gailurreria alde batean; Urdalurko urtegia, Sakana eta Beriain bestean; Etzegarateko pagadiak eta Aralar ere bai; eta Otsaurte aldera begiratuta, Goierriko mendiak. Behealdean Naparraitz eta Garagartza haitzak sumatzen dira, hurrengo jomugak. Biak ala biak kirol eskalada guneak dira.
Naparraitz eta Garagartza
Zelaiz zelai jaitsiz, ordu laurdenean iristen da Naparraitzera (831 m.). Izenak dioen moduan, Nafarroako muga gertu dago. 2023ko irailean 20-25 metro inguruko harkaitz handi bat galdu zuen. Hura irudietan jaso ondoren, metro batzuk goraxeago dagoen Garagartza txabola eta haitza daude. Haren tontorrera igo –Zabalaitz edo Bikunaitz izenez ezaguna (881 m.)–, jaitsi eta beheranzko bidea hartzeko garaia iritsi da.
Bi kilometro daude Garagartzatik Otsaurtera, ordu erdiko bidea. SL-Gi 3004 bidearen arrasto zuri-berdeei jarraituz egiten da itzulerako bidea. Garagartzako trikuharria bisitatu ondoren, pagadian barneratzen da berriz ere bidea. Errekasto pare bat badatoz, eta haiek gainditzeko pasabideak daude egokituta. Konturatzerako iristen da Otsaurtera.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena
Luzera
Desnibela goraka
Desnibela beheraka
Zailtasuna
IBILBIDEA
PROFILA
IBILBIDE GEHIAGO
Olakosaroi-Enirio, artzain lurretatik itzulingurua
-
- 16 Km
- 4.5 ordu
- 695 m
Zaldibiako Olakosaroi atsedengunetik (440 m.) abiatzen da ibilbide zirkular hau. Deposituetatik Enirio galtzada zaharra hartuz –Jentilen galtzada izenez ere ezaguna–, eta Aralarko parke naturalean barneratuz, Esnaurretako saroia (771 m.), Ondarreko eremu megalitikoa (745 m.), eta Enirioko (870 m.) eta Oiduegiko (845 m.) saroiak zeharkatzen ditu, besteak beste. Historiaren lekukotza ugari aurkituko ditu mendizaleak.
IBILBIDEA IKUSIAizpea-Oamendi, burdinaren eta harriaren lurraldean
-
- 13 Km
- 4 ordu
- 640 m
Zeraingo Aizpeako labeak eta Oamendi mendia lotzen ditu ibilbide zirkular honek. Aizpitako adieraztegia du abiapuntu, eta Burdinaren mendia zeharkatu ondoren, Goierri bailararen eta Aizkorriko gailurreriaren ikuspegi aparta duen Oa mendia du helmuga. Kolore eta itxura bereziko harria erauzten zuten mendi horretan. Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan dago.
IBILBIDEA IKUSI