Olakosaroi-Enirio, artzain lurretatik itzulingurua

Zaldibiako Olakosaroi atsedengunetik (440 m.) abiatzen da ibilbide zirkular hau. Deposituetatik Enirio galtzada zaharra hartuz –Jentilen galtzada izenez ere ezaguna–, eta Aralarko parke naturalean barneratuz, Esnaurretako saroia (771 m.), Ondarreko eremu megalitikoa (745 m.), eta Enirioko (870 m.) eta Oiduegiko (845 m.) saroiak zeharkatzen ditu, besteak beste. Historiaren lekukotza ugari aurkituko ditu mendizaleak.

Aralarko larreetara iristeko ibilbide erosoa da Enirioko galtzada, handik Igaratzara eta Nafarroara joateko bide tradizionala. Harlauza zaharrak, artzain txabolak –udaberritik udazkenera ganadu ugari ere bai–, trikuharri, zista eta mairubaratzeen gisako monumentu megalitikoak, eta larre eremu eta pagadiak dira gizakiak antzinatik ustiatu duen lur eremu honen ezaugarri nagusiak.

Itzulerako bideak bestelako paisaia bat eskaintzen du. Pikoetan gainean (771 m.) bat egiteko goranzko eta beheranzko bideek, baina pare horretan, eskubi aldera hartuz, Mandabide izeneko bide zaharrean, Ausa-Gaztelu alderako bidea hartzen da, galtzada ezkerretara utziz. Haren bukaeran, Zaldibiako herri lurren eta Enirio-Aralarko lurren muga-lerroan, ibilbideko puntu gorena dago, Ausokoiko trikuharria (894 m.). Txindokiren eta Ausa-Gazteluren begiratoki apartekoa da gain hori.

Ausa-Gazteluren barrenetik

Hortik aurrerako bide zati guztia beherantz da, hasiera batean zidor sigi-sagatsu batean, eta Ausa-Gazteluko lepotik behera bide erosoagoan. Ibilbide honek izkin egiten dio bere egunean Nafarroako Erresumaren gaztelu eta gotorleku izan zen Ausako tontorrera igotzeari, baina denboraz ibiliz gero, ahaleginak merezi du. Gailur airosoa da, eta garai bateko gazteluaren hondakinak daude bertan. Aranzadi Zientzia elkarteak industu eta berreraiki zuen orain bi hamarkada.

Olakosaiko atsedenlekura itzultzeko aukera bat baino gehiago dago. Almitzeta izeneko parajetik galtzada zaharrera doana aukeratu da ioraingorako. Aralarrek artzaintzarekin duen lotura bertatik bertara ikusteko aukera ematen du ibilbideak, baita hainbat monumentu megalitiko bistaratzeko ere. Ibilbide guztia Aralarko Parke Naturalaren barruan da, eta dozena bat iturri ere aurkituko ditu bidean oinezkoak.

FITXA TEKNIKOA

Iraupena
4.5 ordu
Luzera
16 Km
Desnibela goraka
695 m
Desnibela beheraka
712 m
Zailtasuna
Ertaina

PROFILA

BIDEOA

EGURALDIA

Iturria:tiempo.com

IBILBIDE GEHIAGO

Gabiriatik Gaintxikira, Leharrei lasterketaren ibilbideari jarraituz

  • 12 Km
  • 4 ordu
  • 457 m

Gabiriako plazan (420 m.) hasi eta bukatzen da hamabi kilometroko ibilbide zirkular hau . Plazan bertan, ikurrinaren ondoan, iturria dago, eta haien parean ikusten den bideari heldu behar zaio Ardantza aldera joateko. Handik, Murgil gaina, Pagoeder, eta Trapalatatik Gaintxikira arteko hegi guztia zeharkatuta, Urkuxuko sakonetik Zuazola auzora jaisten da, atzera herri kaskora igotzeko. Leharrei mendi lasterketaren lehen zatia osatzen du ibilbideak.

IBILBIDEA IKUSI

Aztiriatik Otañura, Aizpuruko begiratokitik itzulingurua eginez

  • 6,5 Km
  • 2 ordu
  • 255 m

Gabiriako Aztiria auzoan hasi eta bukatzen da ibilbide zirkular hau, erretegiaren ondotik (605 m.). Hasierako metroak 500-600 metroak GR arrastoei segituz egin behar dira baserri bide batean, eta hortik Otaño-Otañu mendira (834 m.) bitarteko zatia Aztiriko mendi lasterketaren arrasto arrosak erreferentzia modura hartuta, Legazpiko lurretan. Beherakako zatirik handiena Zerain eta Mutiloako lurretan egiten da abiapuntura itzuli arte, tartean Aizpuruko gaina (698 m.) ezagutuz. 

IBILBIDEA IKUSI

Irimo, naturak eta historiak bat egiten duten Urretxuko mendia

  • 7 Km
  • 2 ordu
  • 422 m

Urretxuarren mendi kutuna da Irimo (902 m.), baita haren oinetan dauden Lizarriturri eta Iturraundi iturriak ere. Santa Barbarako ermitan hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular honek Irimoko gurutzetik Meakara arteko gailurreria guztia zeharkatzen du. Duela berrehun urte soldadu frantsesek eta erregeek ere erabiltzen zituzten bideok, Europarako bidea paraje hauetatik igarotzen baitzen, Ipeñarrieta jauregia lekuko.

IBILBIDEA IKUSI

Urkillagatik Agautzera, baso, larre eta leize artean

  • 11 Km
  • 3.5 ordu
  • 525 m

Ataungo Aiako Urkillagako gaina eta Agautz mendia lotzen dituen ibilbide zirkular honek. Mendatearen ertz batean dagoen aparkalekutik abiatu, artadia, pagadia eta larreak zeharkatuta, Aralarren ikuspegi paregabea duen Agautz mendira iristen da. Sarastarriko gainera igo eta hango kobara sartzeko aukera ere ematen du ibilbide honek Lareoko urtegira pagadian behera jaitsi aurretik.

IBILBIDEA IKUSI