Frankismo ondorengo Beasaingo lehenengo alkatea izan zen Juan Lasa, EAJ alderdiaren izenean. 10 zinegotzi lortu zituen hauteskunde haietan EAJ-k. Ampoko gerentea zen garai hartan Lasa. Gipuzkoako Diputatua ere bai. Familiarekin batera, hiru lanak uztartu behar izan zituen beasaindarrak. Lau urte egin zituen alkate.
Garai hartako giroa eta egoera gogoratu digu beasaindarrak. “Francoren garaiko udaletxeak bukatzen ari ziren. Jendeak nolabait bukaera bat zetorrela ikusten zuen. Agintari politikoak, sindikatuak eta Guraso Elkarteek osatzen zituzten Udalak. Franco hil aurretik Guraso Elkarteko indarra hartzen joan ziren eta hortik hasi zen mugimendua. Horren ondorenen, azkeneko momentuan Gestorak prestatu ziren. Nire aurreko alkateak, Unzueta zenak, alde egin zuen. Guraso Elkartekoak gelditu ziren, Bittor Argiñano, Ventureira… nire aurretik presidente bezala Alvarez egon zen. Hauteskundeak izango zirela-eta alkate izateko proposamena egin zidaten”.
Urtebeteko prestakuntza
Udal hauteskundeak bazetozela eta, urtebete lehenago erabaki zuen Juan Lasak, Zesareo Ugarte Beasaingo EAJko buruak alkate izateko proposamena onartzea eta lan eta ardura berrirako prestakuntza lanak egiten hasi zen.
Une hartan, Ampoko gerentea zen Lasa. “Ikastola mugimenduan, La Sallen, Goierri eskolan… ere hor mugitzen nintzen”. Politikan dena den, ez zuen esperientziarik. “Alderdi mailan, hauteskundeak izango zirela eta denbora berriak aurreikusten ziren. Zesareo Ugarte zen EAJko burua eta berak deitu zidan ea prestatuko ote nintzen alkate izateko. Batek baino gehiagok egin zidan proposamena eta baiezkoa esan nuen. Baiezkoa ematearekin batera alderdian ere sartuko nintzela erabaki nuen. Alderdiak berak antolatuta, prestatzen hasi ginen urtebete lehenago, inork ere esperientziarik ez zeukan eta. Taldea osatu genuen. Beraz, nahiz eta esperientziarik gabekoak izan, prestakuntza batekin iritsi ginen Udaletxera”. Enpresa arloan zuen esperientzia baliagarria izan zitzaiola azpimarratu du beasaindarrak.
17 zinegotzitatik 10 lortu zituen EAJ-k. “Bakoitzak geneuzkan lanak utzi gabe aritu ginen. Borondate handia zegoen, baina luzaro ezin eutsi zitekeena. Gogoa eta ilusioa ikaragarriak ziren. Baina ikusten zen neurri batetik gorako herrietan liberatu beharra zegoela”.
Ura, arazo larria
Urte haietan, Beasainen (Lazkaon ere bai) arazorik larrienetariko bat, ur gabezia zen Juan Lasak gogoratu duenez. “Egunean bi orduan ura ematen zen garaiak izaten ziren; ordubete goizean eta ordubete arratsaldean”, gogoratu du beasaindarrak.
Gabirian, urtegia egitekotan ziren baina azkenean proiektua bertan behera gelditu zen. Goierrin ere ez omen zuen Beasainek laguntzarik handirik aurkitu. “Zaldibiako elizan, Goierri mailako bilera bat egin zen. Hala esan zitzaigun: Beasainek etxeak bota zitzala, zeukan uraren arabera egiteko etxeak eta gehiagorik ez egiteko. Ez dakit hori esan zuena zaldibitarra zen ala ez. Ikusi genuen Goierri mailan ez geneukala zer eginik eta presa Arriaranen egitea erabaki genuen, Goierri osorako”.
Zaborraren kasuan ere, antzeko zerbait gertatu zela gogoratu du. “Sasieta ez zegoen oraindik. Beasainek Legorretako harrobi ingurura eramaten zuen zaborra. Osasunarentzat kaltegarria zen zabortegi hura. Legorretak epe bat zuen zabortegi hura ixteko. Goierri mailan, kokatu egin behar ziren zabortegiak non joan. Beasainek Sasieta dagoen lekuan jartzea pentsatu zuen, nahiz eta Diputazioak beste asmo batzuk zituen”.
Bi gai hauen harira, honokoa nabarmendu nahi izan du Lasak. “Beasain eskuzabala izan da uraren eta zaborraren kontuan”.
Segurtasuna
Segurtasunak ere buruhauste bat baino ekarri zizkion Juan Lasari. “Aguazil batzuk bazituen Beasainek baina zeukan aurrekontuarekin askorik ezin eduki. Beste segurtasun indarra, Guardia Zibila zen baina ia ez zen irtetzen. Biolentzi maila askoz ere gogorragoa zen eta herrian ez zegoen segurtasunik. Lapurretak asko izaten ziren. Aguazilen batek lapurren bat harrapatzen bazuen, Tolosako Epaitegira eramaten zuen. Aguazila itzuli baino lehenago, lapurra herrian zegoen berriz. Asla zen Bake Epailea eta nola konpondu zitekeen aztertzen hasi ginen. Irtenbide onik ez genuen ikusten eta azkenean segurtasun komiteak sortu genituen. Gauean, txandaka aritzen ginen errondak egiten. Segurtasun komiteak gaueko aguazilak, herritarrek eta udaletxekook egiten genituen txandaka. Orain ludoteka dagoen tokian zegoen kartzela eta han sartzen genituen lapurrak”, gogoratu du.
Kultura eta euskara
Kulturan eta euskaran ere lan asko egin zutela dio. “Pausoak arlo guztietan eman ziren. Dena egiteko zegoen. Martin Ibarbia eta Elias Arrese ziren kulturako zinegotziak. Euskaran? Euskara arloan dena egiteko zegoen. Orduan ere betikoa. Batzuk gogorrago egin nahi zuten eta beste batzuk polikiago joan nahi genuen. Nik uste, aurrerapausoak izugarriak egin zirela”.
Partehartzea
Partehartze handia izan zen lehenengo udal hauteskundeetan. Goierrin %70etik gorako partehartzea izan zen. “Jendearen ilusioa handia zen”, dio Lasak. Jendeak partehartzeko beharra zuen eta udalbatzetako bitxikeria bat kontatu digu. “Plenoetan jendeak hitza edukitzea nahi zuten batzuk. Behin, 13 mozio aztertu ziren. Plenoak 12etarako bukatu behar izaten ziren bestela anulatuta gelditu baizitezkeen. Azkenean erabaki genuen moziorik ez sartzea. Gehiegizkoa zen”.
Beasaindarrak argi dauka, hautagaien ilusioa eta borondate ona eskertu beharko luketela herritarrek, alderdi batekoa zein bestekoa izan. “Herritarren esker handia jaso beharko lukete zinegotziek. Profesionalizatu egin direla esango du norbaitek. Baina nik esango nuke, hor sartzen denak, etengabeko orduak sartzen dituela. Alderdi batekoak zein bestekoak txalotu beharrekoak dira”.
Denaren beharra zegoen”.“Dena egiteko zegoen, baina ez zegoen dirurik”
Horixe aipatu digu behin eta berriz elkarrizketan Juan Lasak urte haiek gogoratzerakoan. Ondo gogoan du, 1979an, 55.000.000 pezetako aurrekontua zuela Beasaingo Udalak. “Garai hartako udaletxeek konpetentziak eduki bazituzten, baina dirurik ez zeukaten. Diputaziotik lortu zitekeena oso gutxi zen, gehiena Madriden baitzegoen. Madrida joan behar izaten zen gestioak egitera. Beste giro bat ikusten zen eta Diputazioak bultzatuta eta politikoki bultzatuta, Kontzertu ekonomikoa lortu zen”.1981ean izenpetutako Kontzertu Ekonomikoarekin egoera hobetu zela dio Lasak. “Kontzertuarekin, Euskadik, diruen gestioa gerturatu zuen. Zergak biltzeaz gain, zergak ere manejatzen zituen. Udaletxeek beste planteamendu bat hasi zuten.