Lazkao Txiki gogoan

Apirilaren 3an 19 urte beteko dira Jose Migel Iztueta Kortajarena ‘Lazkao Txiki’ bertsolaria hil zela. Harrezkeroztik, lazkaotarrek urtero gogoratzen dute Euskal Herrian izan den bertsolari ezagunenetarikoa eta maitatuenetarikoa.

Lazkaomendiko Abaliñe baserrian jaio zen Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki, 1926ko irailaren 15ean. Auzoko eskolan, zortzi urterekin hasi eta oso azkar ikasi zuen irakurtzen eta idazten.

Bertsoarekin lehenengo harremana bederatzi urte zituela izan zuen, Zepai eta Uztapide bertsolariak kantuan entzun zituenean. Bertsoak liluratu egin zuen, eta bertsotarako zaletasuna piztu zitzaion. Oso gustukoa zuen irakurtzea. Manuel Lasarte zenaren arabera, 17 urte zituenerako irakurrita omen zeuzkan Orixeren eta Lizardiren lan guztiak.

Bertsotan, plazan, Legorretan egin zuen lehenengo aldiz, 1942an. Berehala hasi zen nabarmentzen Lazkao Txiki, bere umorea tarteko zela. Txapelketetan ere maila ona eman zuen. 1962an, Gipuzkoako txapelketako finalean parte hartu zuen, eta 1964an, Gipuzkoako txapelduna izan zen.

Euskal Herriko txapelketako finaletan ere parte hartu zuen 1962an, 1965ean eta 1976an. Umorezko gaietan nabarmendu bazen ere, sentikorra, zen oso Lazkao Txiki. Askotan, beti umorezko gaiak jartzen zizkietela kejatu izan zen, dramazko gaiak gustukoago izan arren.

1993ko urtarrilaren 28an bihotzeko ebakuntza egin zioten Donostiako Poliklinikan. Bezperan, bertsotan aritu zen Donostian bertan. «Zuk lo jarriko nauzu, baina nork jarriko du despertadorea», esan zion anestesistari. Iratzargailuak ez zuen jo eta anestesiatik ez zen esnatu. Bi hilabetetik gora koman egin zituen. Apirilaren 3an hil zen. Oso bertsolari maitatua zen Lazkao Txiki, eta garai hartako komunikabideetan jarraipen zabala egin zioten Lazkao Txikiren osasun egoerari. Hileta elizkinean ere jendetza elkartu zen Lazkaoko elizan eta kanpoaldean. Euskal Telebistako marrazki bizidunei esker, belaunaldi gazteek ere ezagutzen dituzte Lazkao Txikiren ateraldiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>