Aizaleku babesle

Atagoiti lepotik Aztiriarako bideak bi artzaintza leku batzen ditu, baso artean eta Aizalekuren magalean.

Txirrinduzaleentzat eta urtean behingo rallyarentzat gogoko mendate bihurtu den Atagoitiko lepoa Gabiriaren eta Legazpiren mugan dago. Artzaintza lekua da, eskola zaharreko Urbiako azken artzainetatik biren sehaska: Atagoiti eta Irazola. Aizaleku mendiaren (811m) magaletik, baso pistaz, Aztiria auzunera joango gara; Aizkorri atariko gainera. Artaldeen neguko bazkaleku da Aztiria (605m), eta etxe ardien tradizioak irauten du oraindik ere.

Atagoiti baserriaren ertzetik (513m) bidezidorrean gora abiatuko gara, zelai buruko baso-bidera segituan iristeko. Ezkerrera dagoen bidegurutzean eskuineko bide-adarrari helduko diogu. Pista nagusia da, eta hari jarraitu behar zaio aurrerago dauden beste bi gurutzeetan ere, harik eta Aztiriko baserrietara iritsi arte. Marka zuri-gorriekin seinalatuta dago.

Aizalekuren bizkar ia osoa pinudiek hartua daukate gaur egun, tarteka pagadi zaharren bat ikusiko badugu ere. Bidean aurrera, Usardi aldean —argindar linea igaro eta aurreraxeago— zabalune politak irekitzen dira. Gabiriako Madariaga bizkarra lehenik, atzean Izazpi-Kizkitza mendilerroa, eta hondoan Ernio begizta litezke.

Bi bihurgune itxi gaindituko ditugu bidean. Bigarrenean —trenbide-egurrez egindako eserleku bat dago—, gorantz Aizaleku tontorrerainoko pista hasen da. Aurrera, berriz, Aralarren ikuspegia azalduko da parez pare, Txindoki tentea buru eta Goierriko bailarak oinetan.

Metro gutxi batzuk eginda, Aztiriko jatorrizko herrigunera iritsiko gara. Baztarretxe etxea igaro, eta Etxeaundi, Etxetxo Goikoa, Etxetxo Behekoa eta Garakoetxek osatzen dute multzoa, txalet berriagoekin.

Jada asfaltozko bidean, Zerain-Legazpi errepidera irten aurretik, merezi du Gaintzabal muinora (614m) joatea, ezkerrera geratzen den pistan. Aizkorriren eta Aralarren begiraleku paregabea da.

Santa Marina ermita, elkartea eta bi jatetxe zain aurkituko ditu ibiltariak pauso batera, pagopeko plazaren bueltan.

Atagoiti-Aztiria
Luzera: 3,3 kilometro
Denbora: 60 min.
Altuera max: 614 metro
Desnibela: 101 metro
Zailtasuna: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>