Laureano Telleria: «Antolatzen laguntzeko jendea badago, baina ez buru izan nahi duenik»

Aurten 30 urte beteko dira Laureano Telleria (Segura, 1935) eta haren jirako hainbat lagun Segurako Aste Santuko prozesioa antolatzen hasi zirenetik. Gaur, Ostiral Santuko aurreko ostirala, eta azkeneko hiru hamarkadetan bezalaxe, elizan elkartuko dira prozesioan ateratzen dituzten santuak garbitu, txukundu, jantzi eta datorren asterako dena pronto uzteko. Prestaketa horien nondik norakoak eta beste hamaika kontu azaldu ditu Telleriak, orain astebete Segurako sakristian egindako elkarrizketan.

Gaur elizan elkartuko zarete prozesioan ateratzen diren santu guztiak pronto uzteko. Hala ere, aurreko lanak ere egin beharko dituzue, ezta?
Prozesioa bukatu eta berehala lan asko izaten da trasteak jasotzen, eta orduan, inbentario moduko bat egiten dugu orri batean: zer dagoen, zer ez, zer dagoen puskatuta, zer aldatu beharrean… Bi mila piezatik gora dira mugitu beharrekoak; arropak direla, eskularruak, kandelak… Horiek jasota daudela, abenduan konponketekin hasten gara. Egia esan, konpondu beharreko lan asko artelana da, eskulana, eta denbora asko behar izaten da.

Eta zenbat jende elkartzen zarete? Nola egiten duzue lan banaketa?
Jende asko, nahiz emakumezko nahiz gizonezko. Hogeita hamar lagunetik gora izango gara! Gizonezkook egiten ditugu lanik zakarrenak-edo: irudiak jaitsi, andak jaitsi, pisudun lanak… 08:30ean hasten gara gu. Gero, 09:30ak aldera, emakumezkoak etortzen dira irudiak janztera. Arropa denak txukun-txukun jasota edukitzen dituzte. Irudi horiek aste eguneko arropekin egoten dira elizan, eta prozesiorako arropak janzten dizkiete. Ondorenean, haiek bukatzen dutenean, gizonezkoak hasiko gara berriz: andan jarri, lotu eta dena prest utzi.

Jaietako arropak janzten dizkiezuela, alegia. Horrela hots egiteko ohitura omen duzue.
Hala da, bai! Emakumeena oso lantegi berezia izaten da. Dena plantxatuta edukitzen dute, eta egunean bertan ere plantxatzen dituzte. Hariekin eta orratzekin-eta, hor ibiltzen dira.

Arropa bera ere berezia izaten da, kalitate handikoa.
Belusezkoak izaten dira. Arropa horietako batzuk orain hamar-hamabost urte berritu genituen, eta ahal den material oneneko oihalak erosten saiatu izan gara, beti ere, dirua ailegatzen zen moduan. Arropen diseinua, berriz, aurrekoen berbera izaten da. Bartzelonatik ekarri genituen behin oihalak, eta Alemaniatik ere bai beste behin. Bolada batean Euskal Gobernuak asko lagundu zigun, eta orduan berrikuntza ona egin genuen.

Zenbat dirutaz ari gara ba?
Milioiak, baina milioak pezetatan! Inauteri itxura hartzen ari zen prozesioa orduan: traje bat puskatuta, bestea nola edo hala lotuta, bestea sokekin… Ez baitzegoen! Hau herri txikia da, eta diru eske ez dago hasterik.

Dirurik ez, baina herriak lagundu lagunduko du, azken unean baldin bada ere.
Segurako prozesioak lan asko dauka antolatzen, baina herriak asko laguntzen du. Hori horrela da. Santu Eramalearena, esaterako, lan zakarra da. Lan gehientsuenak borondatearekin egin daitezke, baina santua eramateko borondatea eta indarra behar dira, eta horretarako gaztea behar da.

Eta ba al dago?
Gazteei-eta elizak irrist egiten die, baina prozesioan denak hemen izaten dira. Ni ere harritu egiten naiz. Santu eramale aritzen direnetatik %95-edo, hiletetan-eta bakarrik etortzen dira elizara, baina Aste Santuan txintxo azaltzen dira.

Irudiak-eta elizan uzten dituzue, baina paso bizidunak-eta bestela prestatzen dituzue.
Burdinazko mahai batzuk dauzkagu, eta zapiekin ondo estalita utziko ditugu irudiak, elizaren bueltan. Paso bizidunak, berriz, udaletxean janzten ditugu.

Lehen etxeetan jasotzen omen ziren santuen arropak. Noiz galdu zen ohitura hori?
Gu hasi ginenean. Batzuk komentuan egoten ziren, eta beste batzuk apaizari-eta laguntzen zioten emakumeen etxeetan. Orain urte batzuk lokal bat txukundu genuen sakristia gainean, eta traje guztiak han edukitzen ditugu, izen eta guzti.

Zuek denak ere adinean aurrera zoazte. Segidarik ba al dago?

Hor ikusten dut nik arazoa! Jendeak izugarri laguntzen du, eta eskerrak horri. Hemen dagoen lanarekin, eta jendea ezezkoan jarriko balitz… Eta pena da. Orain 300 urteko agiriak dauzkagu, aintzinatik datorren prozesioa dela diotenak: «… esta procesion que viene de tiempo immemorial…»

Eta zuek eutsi egin nahi?
Horixe ba. Izugarrizko arazoa daukagu momentu honetan. Ez dakit udaletxeari edo zeini esan beharko diogun, laguntzeko jendea badago, baina buru izan nahi duenik ez dugu bilatzen. Hiru lau lagun gabiltza orain, eta denak 70 urtetik gorakoak. Hamaika saiakera egin dugu, baina ezin. Guk esaten diegu sekretu den-denak erakutsiko dizkiegula.

Sekretu asko al dago ba?
Ikusten ez den lan asko dago: janzteko erak, nora eraman, nora ekarri… Horiek dira esaten ditudan sekretuak edo lanak.

Egitaraua
Erramu igandea. Meza eta erramu bedeinkatzea Sorkundetarren komentuan, 11:00etan.
Ostegun Santua. Azken Afariko meza 17:00etan, eta prozesioaren irteera, 18:15ean.
Ostiral Santua. Gurutze Bidea Santa Engrazitik Sorkundetarren komentura (08:00); Jaunaren Nekaldiaren ospakizuna (16:30) eta prozesioaren irteera (18:15).
Larunbat Santua. Pazko Gaua eta Meza Santua Sorkundetarren komentuan (21:30).
Pazko Igandea. Meza Sorkundetarren komentuan (11:00).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>