Julen Goia: «Urtez urte hobetzen ari naiz, eta taldean ardura gehiago hartzen»

Espainiako Ohorezko Mailan debuta egin zuen jokalaririk gazteena da Julen Goia (Idiazabal, 1991), eta gaur egun, hogei urterekin, Ampo Ordiziaren hamabostekoan leku finkoa du. Kirol Hezkuntzako ikasketak eta goi mailako kirola uztartzen ari da azken hiru urteetan –aurten bukatzea espero du–, eta bertatik bertara ari da bizitzen Goierriko errugbi taldearen denboraldi bikaina. Baikorra da datozen erronkei begira.

Joan den igandean VRAC Quesos Entrepinares taldearen aurka etxean galdu ondoren, lehen bi postuetan sailkatzeko aukera zaildu egin zaizue.
Iaz finala jokatu gabe gelditu ginen Quesosen aurka galdu genuelako, eta aurten, amorru horrekin, irabazi egin nahi genien. Partida ez zen hil ala bizikoa, play off sistemak borrokan segitzeko aukera ematen digulako, baina errebantxa hartzeko gogoa bageneukan. Partida ikaragarria izan zen, oso dinamikoa, jokatzeko ederra. Azkenean beraiek sartu zuten entsegua, eta irabazi egin ziguten.

Hala ere, Axio Araña entrenatzaileak mezu baikorra zabaldu nahi izan zuen.
Pentsa, epaileak berak ere zoriondu egin gintuen. Esan zuen ligako bi talde onenak garela, eta bai joko aldetik eta baita diziplina aldetik ere partida ikaragarria izan zela. Axiok [Araña] berak ere hori esan zigun, partida edonork irabaz zezakeela, eta azkenean beraiek irabazi zutela.

Orain hirugarren zaudete ligan, eta azken jardunaldiko partida jokatuko duzue Gernikan. Zer gorputzaldirekin zoazte?
Jendeak esaten zuen igandean pilatutako amorrua gorde, eta Gernikan atera beharra daukagula. Gu bost puntuak irabaztera goaz, hori garbi. Jendea gogoarekin dago hori egiteko, eta gero, zain egon beharra daukagu Santboianak zer egiten duen La Vilaren zelaian. Hori, ia, ez dago gure esku.

Lehen bi postuetan sailkatu edo ez, denboraldi bikaina osatzen ari da zarete. Zer nabarmenduko zenuke aurtengo jardunaz?
Klubaren zuzendaritzak apustua fin-fin egin zuen Paul Healy entrenatzailea ekartzen, eta Gorka Nuñez prestatzaile fisikoa ekartzearekin ere bete-betean asmatu dute. Zerbaitetan eboluzionatu badugu, hori arlo fisikoan izan da. Bai La Vilaren aurka, eta baita Santboinaren aurkako Kopako partidan ere, azkeneko ordu erdian erreakzionatu genuen, eta denboraldiko partida askotan ikusten ari da hori. Azken hogei minutuetara indartsu iristen gara, eta horrek diferentzia markatzen du. Fisikoki oso ondo gaude, eta teknikoki ere aurrerapauso handia egin dugu.

Jim Dixonetik Healyera aldaketa handia sumatu al duzue ba?
Bai. Entrenatzaile ezberdinak dira. Jim [Dixon] aurrelarietan espezializatuagoa zen, eta Paul (Healy) da justu alderantziz, atzelarietan zentratzen da gehiago. Healyk planteatzen duen joko sistema guztiz ezberdina da Dixorenaren aldean. Gure ezaugarriak ikusita, jende bizkorra eta arina, asmatu egin dute Healy ekartzen.

Eta zu egiten ari zaren denboraldiaz zer esango zenuke?
Sekula egingo dudan denboraldi onena egiten ari naiz. Lehen taldearekin 17 urterekin egin nuen debuta, eta hasieran asko antzematen nuen esperientzia falta. Urtez urte hobetzen ari naiz, taldean gehiago sartzen eta ardura gehiago hartzen, eta nire aldetik inoiz baino gehiago jarri dudala uste dut.

Eta zergatik aldaketa hori?
Uda aurretik lan gogorra egin genuen Gorka Nuñez prestatzaile fisikoarekin. Pentsa, aurreko urtetik hona bederatzi kilo gutxiago dauzkat, eta fisikoki sekulako aldaketa izan dut. Entrenatzaileak ere konfiantza handia jarri du niregan, eta uste dut erantzuten ari naizela.

Entseguak behintzat sartzen ari zara.
Bai, uste dut aurtengo ligan entsegu gehien lortu duen jokalaria naizela, hamazazpi.

Ligan punta-puntan, eta hilaren 22an Espainiako Kopako finala jokatuko duzue Palentzian El Salvadorren aurka. Koparekin itzuliko al zarete?
Nik esaten dut ligako bi partidak irabazi dizkiegula, bai etxekoa eta baita hangoa ere, eta zergatik ez Kopako finala ere. Final bat da, partida bakarrera, eta hor edozer gauza gerta daiteke. Nik uste dut alde horretatik beraiek esperientzia gehiago daukatela, iaz ere beraiek irabazi zuten Kopa. Guri gerta dakigukeen gauzarik okerrena antsietatea ez kontrolatzea da, ez jakitea partida kontrolatzen. Gauzak bizkor egin nahi izaten ditugu batzuetan, eta hori ondo kontrolatu beharko dugu.

Eta jokalarien artean, zer komentatzen duzue?
Ikusita ondo ari garela, eta zerbait lortzeko ateetan gaudela, dena eman behar dugula esaten diogu gure buruari. Jendeak badauka bai anbizio hori.

Zaleen babesa, behintzat, ez zaizue faltako. Izugarria da Ordiziako zaleen bultzada.
Izugarria da, bai. Palentziako hotel denak beteta daude, eta Palentziako Udalak ere festa ofizial modura izendatu du finala. Idatzi bat ere bidali zuen klubera hori esanez.

Eta klubaren zuzendaritzak zer mezu eman dizue jokalariei?
Zuzendaritzaren aldetik ez daukagu inolako presiorik. Historia egiten ari garela esaten digute.

Zuretzat eta klubarentzat ohorea izango da etxeko jokalari askorekin maila gorenenean aritzea, ezta?
Bai, hala da. Pentsatu beharra daukagu ni eta ni bezalako beste gazte batzuk txiki-txikitatik gabiltzala hemen, eta guk jokatzen dugun maila honetan ba…

Non dago, zure ustez, Ordizia Rugby Elkartearen arrakastaren gakoa? Harrobian, lan egiteko filosofian… Inguruko neska-mutilak errugbira lotzea lortu dute behintzat.
Gakoa beheko mailetan dago, hor hasten da lanketa. Etorkizuna beraiek dira, eta goiko taldera iristekotan beraiek izango dira iritsiko direnak. Dirua bukatu egiten da, eta profesionalei ordaintzen ez badiezu, joan egiten dira. Etxekoak ez badatoz benetan bultza eginez, alferrik da. Txikien formazioari garrantzia ematearekin asmatu dute.

Zuk zazpi urte daramatzazu klubean. Pentsatzen dut asko aldatuko zela egitura.
Beheko maila guztiak kontuan hartuta 18 bat lagun geunden hiru lau mailatan jokatzeko, eta orain jende asko dago. Baina soberan ez dago inor, denon beharra dago-eta.

Eta hori zergatik dela uste duzu, lehenengo taldea puntan dabilelako?
Erakusleiho horrek asko tiratzen du. Jokalari onak ikusten dituzu, Altamira bete egiten da, giro jatorra dago… Gero jokalari profesionalak eskolaz eskola joaten dira, eta errugbia zer den erakusten diete neska-mutikoei. Hori kontratuaren barruan dute, baina uste dut eragina baduela. Hori orain dela hiru urte arte ez zen egiten.

Klubean ez ezik, selekzioekin ere aritu izan zara, bai Euskadikoarekin eta baita Espainiakoarekin ere. Errugbiak esperientzia asko bizitzeko ateak zabaldu dizkizu.
Hori bai. Nik uste dut norberaren helburu pertsonala ahalik eta mailarik gorenenean jokatzea dela. Gauza ederra da hogei urterekin maila horretan aritzea, eta pertsona bezala ere hezten ari zara etengabe. Portugalen izan naiz, Frantzian, Belg¡kan, Italian, Errusian…

Eta zer moduz moldatu zara Kirol Hezkuntzako ikasketak eta goi mailako kirola uztartzeko?
Ondo moldatu naiz. Azterketak aurreratu edo atzeratzeko aukera izan dut, baina ondo antolatuta, ez dago inolako arazorik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>