Bat eta bat

Unai Kerejeta

Lehengo batean gogoratu nintzen orain dela hamar bat urte (gehiago ez badira) Urretxuko festetan atera zuten pegatina baten lemaz: «Sevillanas, bacalau eta gure musika nun dau?». Gogoratzen dut nire artean pentsatu nuenaz; egia da, gero eta gutxiago entzuten ditugu gure talde kuttunak: Hertzainak, Maixa eta Ixiar, Delirium Tremens, Negu Gorriak eta, zergatik ez, Egan! Beste asko ere baziren. Pegatina horren lemak gaur egun are eta indar handiagoa luke. Zuk jakingo duzu Susaeta jauna (nik baino hobeto segur aski) zein musika ipintzen diguten aste bukaeretan edo edozein herriko festetan. Bakalaua edo patxanga dira nagusi.

Lehengo batean, urrutira joan gabe, lagun batzuekin Hernaniko sagardotegi batera joan nintzen afaltzera, eta parrandan amaitu genuen. Ordu betez edo patxanga musika entzun ondoren, nazkatuta, erabaki genuen euskal musika jatorra ipintzen duen tabernaren batera joatea. Sartu ginen eta nire harridurarako bertan ere zer musika egongo eta patxanga. Barrara inguratu eta zerbitzariari honako hau esan nion: «Aizu, ze musika da hau?», berak orduan; «badakizu jendeak hau entzun nahi du», erantzun zidan.

Non daude gure herriko festa haiek? Etzakit non, gu han. Non daude herriko plaza bete haiek trikitixa dantzatuaz? Beraz, zer egingo diogu ba, gaur egungo gazteriak (ez denek! ez gaizki hartu) musika mota hori entzuten badu.

Igor Susaeta

Garai batean eztabaida sutsuak eduki izan nituen kontu horren harira, eta tabernaren bat edo beste sasi-boikoteatu genuen. Orain, ordea, nekez hitz egiten dugu lagunartean horretaz. Auskalo zergatik… Ez dut gogoratzen zuk aipatu duzun pegatina hori. Egon ziur, baina, bere garaian leloarekin bat egingo nuela nik ere. Bere garaian… Halere, leloak dioenari hertsiki erreparatuz gero, Sevillanak eta bacalaua nekez entzun ditugu parajeotan… Ez?

Tira, pedanteegi jarri naiz. Argi asko ulertzen dut zer esan nahi duzun. Baina, ez dakit, nik ez dut taberna guztietan «gure musika» hori entzun nahi. Batetik, ez zaidalako «gure musika» hori guztia gustatzen. Bestetik, aspertu egingo ginatekeelako. Eta azkenik, «gure musika» horren barruko talde asko ez dituztelako jartzen. Bide batez: zeri buruz ari gara «gure musika» esaten dugunean?

Ez dut bat egiten esan dituzun gauzetako askorekin, Unai. Baina zerbitzariak erantzun zizunarekin ere ez. Jendeak hori entzun nahi du, hori eman zaiolako. Agian garai batean zuk aipatu dituzun talde horiek entzuten ziren gehiago, besterik gabe jarri egiten zirelako, eta normalizatuta zegoelako. Orain… Niri ez dit penarik ematen. Pena gehiago ematen dit konprobatzeak musikalki ia taberna gehienak eskasak direla. Batzuetan pentsatu izan dut tabernak ere izan zitezkeela garraiatzaileak musikalki gustuak sortzen, talde berriak jartzen. Portzierto: Sevillana bat entzutea gozada bat ere izan daiteke unearen, tokiaren eta konpainiaren arabera, ez?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>